Obrak hasi dira Eguneko Zentroa Iturbideko eraikinean egiteko

0
882

Azpiegitura honen helburua izango da “adineko pertsona zaurgarrien autonomiari eustea”. Obrei Goitu Eraikuntzak ekin die, eta Udalak 474.448,53 euroko aurrekontua onartu du.

Beheko mapa: Udala.

Udalak iragarri du zerbitzu honek “gehienez 12 pertsonako arreta-edukiera izango du unitate bakoitzeko”. Halaber, obrek “6 hilabete eta erdiko” iraupena izango dute.

Ildo horretan, alkateak adierazi du “2022 amaieran” prest izango dela Eguneko Zerbitzua. Iturbide eraikineko beheko solairuan egongo da.

“Bertan, intentsitate txikiko laguntza eskainiko zaie, beren arreta-premia espezifikoei lotuta, arriskuan edo mendetasun-egoeran dauden adinekoen autonomiari eusten laguntzeko, beren ohiko bizitza-ingurunean egoteko eta sozializatzeko, eta, hala badagokio, isolamendu-egoerak konpentsatzeko”.

Beste xedeetako bat da “adinekoentzako harrera-, aisialdi- eta bizikidetza-zerbitzu bat eskaintzea, prebentzio-jarduerekin, arreta pertsonalizatuekin eta jolas-jarduerekin, oinarrizko helburua bizi-kalitatea hobetzea izanik”.

Zentroak ondoko banaketa izango du: “bulegoa, 2 komun irisgarri dutxarekin, erabilera anitzeko areto handi bat, atseden-gela, jangela, janaria prestatzeko gunea, langileek erabiltzeko aldagela eta garbiketa-gela”.

Iturbide adinekoen egoitzarekiko “independentea izango da sarbidea. Sarrerako atea bulegotik ikusi ahal izango da, begiz zaindu ahal izateko”.

Espazioaren eraberritzearen baitan, “instalazio eta saneamendu guztiak eraberrituko dira ere. Argiteria ingurunearekin jasangarria izango da, LED sistemakoa”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen