Egonkortasuna izango da Mondraren lehentasuna datorren denboraldian

0
2109

Mondra Futbol Taldeak bazkideen batzar nagusia egin du, eta bertan 2025-2026 denboraldirako aurrekontua eta klubaren erronka nagusiak aurkeztu ditu zuzendaritzak. Abendutik karguan dagoen taldeak azaldu du helburu nagusia klubari egonkortasuna ematea dela, eta azpimarratu du egiten ari diren lana klubaren mesedetan eta interes orokorra helburu bakartzat hartuta ari direla.

Batzarrean jakinarazi dutenez, bazkideen eta jokalarien kuotak bere horretan mantenduko dira datorren denboraldian. Hala ere, aurrekontua zertxobait handitu dute, klubaren egonkortasun ekonomikoa bermatzeko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko.

Zuzendaritzak hainbat lehentasun ere zehaztu ditu datozen hilabeteetarako. Horien artean daude klubaren kudeaketa hobetzea, tabernaren funtzionamendua indartzea, babesle gehiago lortzea eta bazkide zein jokalarien kuotak egungo mailan mantentzea.

Bestalde, azaldu dute Federazioaren kuota %2 igoko dela, nahiz eta igoera horrek ez duen eraginik izango bazkide eta jokalariek ordaindu beharreko kuotetan.

Batzarraren amaieran, zuzendaritzako kideek berriro azpimarratu dute klubaren etorkizuna sendotzeko lanean jarraituko dutela, eta bazkideen babesa eta inplikazioa ezinbestekotzat jo dituzte helburu horiek lortzeko.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen