“Egoitzetako langileek, txaloak baino, Lan-hitzarmen berria behar dute”

0
432

Adinekoen egoitzetako Hitzarmenak 10 urte baino gehiago daramatza gaurkotu barik. “Pandemiarekin langileen baldintzak are okertu dira, eta neka-neka eginda daude”. LAB eta ELA sindikatuek deituta, greba egunak dira honakoak, eta Aldundiak “gatazka soluziobidean jar dezan”, Udala interpelatu dute.

Gaur (osteguna) eta bihar greba egunak dira Iturbide egoitzan, eta oro har Gipuzkoako egoitzetan. Gaur bi sindikatuek eta zenbait langilek bilkura egin dute Herriko plazan.

Izan ere, “10 urte baino gehiago igaro dira orain arteko azken hitzarmena sinatu zenetik, eta azken 3 urteetan hainbat mobilizazio eta greba egin ditugu langileek hitzarmen duin bat behar dutela aldarrikatuz”.

“Hitzarmena langileen lan-baldintzak finkatzen dituen erreminta da, eta bere blokeoaren erantzukizun handiena Foru Aldundiarena da, berak diru publikoarekin finantzatzen baitu”.

Alabaina, “subrogatu egiten dute enpresa merkantilista batzuekin, etekin ekonomikoa soilik bilatzen dutena, langileen bizkar eta egoiliarrei ez die behar bezalako zaintza duina ematen”.

ELA eta LABek aldarrikatzen dute “behingoz Foru Aldundia sindikatuokin, langileen ordezkariekin eta egoiliarren senideekin biltzea, gatazka hau jada estrukturala baita. Gatazka honekin bukatu behar dugu”.

LABek “bestelako zaintza modelo bat planteatzen dabil azken urteetan, ratioa hobeekin. Pandemia honek erakutsi du egungo modeloa agorturik dagoela”.

“Langileek ezin dute baldintza hauetan jarraitu. Pandemia baino lehen lan-karga handia zuten, eta orain pentsa nola diharduten. Horrek fisikoki eta psikologikoki ondorioak ditu, eta langile kontratatzeko orain zailtasun gehiago dituzte. Lan-baldintza duinak baleude, enpresek ez lituzkete halako arazoak izango”.

“Prekaritate honekin amaitu behar dugu, eta ez da kasualitatea sektore hau feminizatua izatea. Guk gaur Gipuzkoako alkatesa eta alkate ugari interpelatzen ditugu, Aldundiak gatazka soluziobidean jar dezan”.

“Agoantaezina da adinekoen egoitzetan beti gatazkak, grebak eta hitzarmen ezak. Zergatik dago horrela? Merkatu feminizatua delako? Adineko pertsonek behar bezalako zaintza izan dezaten, langileek baldintza duinetan jardun behar dute”.

Arrasateko Iturbide egoitzan “pandemiaren lehen olatuan kaos bat izan zen, egoiliar eta langile gehiegi kutsatu ziren. Bigarren olatu honetan ez da halakorik gertatu, baliabide gehiago jarri zituztelako, baina lan-kargak izugarriak dira. Langileak gainezka dabiltza, eta langile falta dago, agian enpresak pertsonak kontratatzeko arazoak dituelako”.

Egoera antzekoa da “Gipuzkoako egoitza guztietan. Egoitzetan ez dute torlojuekin lan egiten, baizik eta bizitzako azken urteetan dauden pertsonak zaintzen. Egoitzetako langileak profesionalak dira, egoiliarrekiko maitasuna erakusten dute. Neka-neka eginda dauden arren, lanean jarraitzen dute, profesional ikaragarriak direlako. Txalo gutxiago eta Lan-hitzarmena orain”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen