Egoera zaurgarriko 278 haurrentzat jostailuak behar dira, Gurutze Gorriaren eskutik

0
403

Covid-aren ondorioz, %40 handitu da Debagoieneko Gurutze Gorriaren arreta jaso duen pertsona kopurua. Herritarrek lagun dezakete Hiper Eroskin edota ekarpen ekonomiko bat eginez.

Beheko testua eta artxiboko argazkia: Debagoieneko Gurutze Gorria.

Iaz, herritarren laguntzari eta erakundeek egindako ekarpenei esker, Debagoieneko 195 adingabek jostailuak jaso zituzten.

COVID-19ak sortutako krisi sozioekonomikoa dela eta, Debagoieneko Gurutze Gorriaren arreta jaso duen pertsona kopurua % 40 handitu da aurreko urtearekin alderatuta, eta are larriagoa bilakatu du familien egoera; horregatik, erakundeak inoiz baino gehiago laguntzeko deia egin du.

Osasun-egoera dela eta, ekarpenak egiten dituztenen eta boluntarioen arriskua murrizteko xedez, aurten Debagoieneko Gurutze Gorriak ekarpenak kontu korrontearen bitartez egiteko deia egin du, kontzeptuan JOSTAILUA adieraziz; dena den, aurreko urteetan bezala, Arrasateko Hiper Eroski saltokian eta Debagoieneko Batzarrean jostailuak biltzeko eta jostailu-txekeak saltzeko puntu fisikoak egongo dira.

Aurten ere, Debagoieneko Gurutze Gorriak “Beraien eskubideak jokoan” kanpaina abiarazi du, eskualdean egoera zaurgarrian dauden 278 haurrentzat jostailu berriak biltzeko erronka solidarioa lortzeko eta Haurren Eskubideen Hitzarmenaren 31. artikulua bete ahal izateko: “Haurrek aisialdirako, jolaserako eta jarduera artistiko eta kulturaletan parte hartzeko eskubidea dute”.

Kanpaina “Jostailu Hezitzailea” proiektuaren barruan dago. Proiektuaren helburua 0 eta 12 urte bitarteko haurrek jolasteko duten eskubidea bermatzea da, eta baita jolasak eta jostailuak hezkuntzarako eta balioak transmititzeko tresna gisa duten garrantziaz eta garapen ebolutiboan duten eraginaz sentsibilizatzea ere.

Aurten, COVID-19ak sortutako pandemiak familia askoren egoera larriagotu baino ez du egin, haien zaurgarritasuna areagotuz. Zehazki, Debagoienean iaz baino % 40 eskaera gehiago jaso dira. Horregatik, Gurutze Gorriak dei egiten die herritarrei kanpaina honetan inoiz baino parte hartze handiagoa izan dezaten.

Zergatik jostailu berriak?
Ekitateagatik eta diskriminaziorik ezagatik, haur guztiek jostailu berria izan dezaten. Segurtasunagatik, ezin dugu bermatu jostailu bat % 100 segurua denik jatorrizko bilgarritik aterata badago. Horretaz gain, aurreko edizioetan egiaztatu den bezala, bildutako bigarren eskuko jostailuen % 10 bakarrik eman daiteke, batzuek jada ez baitute beren funtzioa betetzen (piezak falta zaizkien puzzleak, begiak falta zaizkien panpinak, gurpilik gabeko autoak, etab.).

Nola eman
Osasun-egoera dela eta, aurten, emaileentzako eta boluntarioentzako arriskuak murrizteko asmoz, jendea dohaintza gure bankuko kontuaren bidez egitera animatzen dugu, kontzeptuan JOSTAILUA adieraziz. Kontu zenbakia ES22 3035 0001 51 0010018156 (Laboral Kutxa) da.

Halaber, jostailuak biltzeko eta jostailu-txekeak saltzeko puntu fisikoak egongo dira Arrasateko Hiper Eroskin, abenduaren 7an, 11n eta 12an, eta Debagoieneko Gurutze Gorriaren batzarrean bertan, Bergarako Elorregi auzoko 5. zenbakian.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen