Egitaraua: TTAKUN TALDEAREN 30. URTEURRENA

0
777

Testua eta argazkiak: Ttakunetik / Udalatxeko argazkia: MB artxiboa.

2023a ekitaldiz beteta
Arrasateko Ttakun Txalaparta taldeak 30 urte beteko ditu aurten eta programazio bereziarekin ospatuko ditu ’30 urtez enbor beretik’ lelopean. Lehen ospakizuna apirilaren 21ean izango da Iturrieta Sagardotegian izango den Txotxpartarekin eta, ondoren, maiatzaren 6tik aurrera txalaparta ikastaroa emango dute 3 larunbatez. Maiatzaren 27an Udalatxera igoera egingo dute eta gailurrean txalaparta emanaldia izango da. Eta bukatzeko, uda partean txalaparta festa ospatuko da Arrasateko kaleetan zehar. Urteurren honetarako taldeak kamiseta, sudadera eta poltsak jarriko ditu eskuragarri.

Hastapenak 1986ko Punk mugimenduan
1986an Bilboko alde zaharreko gaztetxe okupatu berrian hasi ziren txalaparta ikasten Igone Kazalis lekeitiarra eta Kepa Altube arrasatearra. Txalaparta ikastaroan ezagutu ziren eta Bilboko gaztetxeko txalaparta taldean parte hartzen hasi ziren ikastaroak eta saioak non-nahi emanez. Garai hartan txalaparta ezohiko instrumentua zen eta jende gehienak ez zuen ezagutzen. 

Lorentzo Altuberen ekarpena
Lorentzo Altube (Keparen aita) ikastarora batu zen. Musikazale amorratua zenez olak eta makilak egiten hasi zen soinua ikertzeko lan handia eginez: adibidez, ‘Porru’ udaltzainburuak lagatako Udaleko dezibelio neurgailuaz egur ezberdinen soinua aztertu zuen; gerora egindako lan handia erakusteko erakusketak ere egin zituen. 

1993an Ttakun taldea eratzetik talde izaera izatera
1993 urtean eratu zen taldea eta ordutik jende ugari ibili da herrian txalaparta jotzen, ikasitakoak irakatsiz eta lekukoa gazteagoei utziz. Ordutik, 30 urte igaro dira eta kontaezinak dira eskainitako saioak, izandako lokalak, emandako ikastaroak, beste musikariekin (alboka, gaitero, pandero, perkusio, trikitilari eta gainontzeko taldeak) hartu-emanak eta modu batera edo bestera taldearen ondoan izan direnak. Euskal Herriko txalaparta festa guztietara joaten ziren Arrasateko txalapartariak eta aktiboki parte hartzen zuten: Iruña, Hernani, Araia, Urretxu, Algorta, Sestao… Zabalkunde horretan ikastaroak ere inguruko herri ia guztietan ematen zituzten: Bergaran, Antzuolan, Oñatin, Aramaion…

500 txalapartari inguru ikastaroetan
Arrasateko lehen txalaparta ikastaroa 1990ean eman zen Gazte Bulego ondoko eraikinean; lokal hau bihurtu zen txalapartarien lehen lokala. Lehen urteetako parte-hartzea izugarria izan zen, lehen urtean 45 pertsonak parte hartu zuten eta bigarrenenean 65ek. Gazte kuadrila asko hasi ziren hurbiltzen ikastaroetara eta txalapartaren mundura. Ordutik ikastaroak San Isidron, Gaztetxean, Monterronen eta Kulturolan eman izan dira.

Emanaldiak eta kolaborazioak
Hainbat emanaldi motatan jo izan dute Arrasateko txalapartariek. Adibidez, Arrasateko Gurea gaztetxean RIP eta MCDren kontzertu baten eta baita Maurizia eta Fasioren emanaldi batean Arrigorriagan. 1991n Hertzainak taldearekin kolaboratu zuten ‘564’ abestian txalaparta doinuak sartuz. Txalaparta taldeak ere hasieratik parte hartu zuen Errementari dantza eta Txerri dantzaren sorreran, biak oso ilusionagarriak. Honetaz gain, hainbat musika proiektutan parte hartu zuten, horien artean Ekon taldearekin zuzeneko batzuk jo zituzten. Euskal Herritik kanpo ere jo izan dute: adibidez,  Errioxan, Huescan, Leonen, Herrera de la Manchan, Burgosen, Fresnesen, Berlinen…

2013ean Ttakunkide sortzetik ekimen berriak abiatzera
2013an taldea indartzeko Ttakunkide figura sortu zen, taldea indartzeko eta egonkortzeko. Talde bezala funtzionatzea zen helburu nagusia eta azkar eman zituen fruituak. 2013an Arrasateko lehen txalaparta festa antolatu zen, oso hunkigarria izan zen, egun osoko egitarauarekin: Herriko plazan saio libreak, bazkaria, albokariak, bertsolariak eta Euskal Herritik etorritako hainbat txalapartari batu ziren arrasatear ugarirekin batera. Urtez urte errepikatu da festa herrian eta 2018an ekintza berezi bat batu zitzaion festari: 2016an botatako Arbolapetako gaztainondoarekin egindako txalaparta aurkeztu zuten 2018an Arbolapetan bertan. 2014an Mendiparta ekimen berria sortu zen herritarrekin batera txalaparta mendi gailurretara eramateko. Lehen gailurra Udalatxekoa izan zen eta 50 pertsonatik gora hartu zuten parte; ordutik beste mendi batzuk ere izan dira ekimenaren lekukoak: Kurtzetxiki, Atxorrotz, Asentziomendi, Durakogain, Muru… 2015ean Txotxparta ekimen berria ere sortu zen txalaparta sagardotegira (txalapartaren sustraietara) eramateko herritarrekin batera; ordutik urtero burutu da ekimen hau inguruko sagardotegietara joanez.

Aurrera begira
Lekukoa emanez eginiko ibilbide bat da Txakun txalaparta taldeak eginiko bidea, modu naturalean buruturiko ariketa, 30 urteko iraupen eta garapenaren giltza. Aurrera begira hori izango da erronka nagusia, belaunaldi berriei erakutsi eta Euskal herriko altxorra dugun txalapartaz gozatuko duten belaunaldi gazteak erakartzea, txalaparta beraiena eginez eta beraien bide propioetatik landu dezaten. Ttakun txalaparta taldetik eskerrak eman nahi dizkiete 30 urte hauetan taldekide izan diren hamarnaka kideei eta ikastaroetan parte hartu duten ehundaka lagunei; beraiek gabe hau guztia ez litzakeelako posible izango. Herritar guztiak gonbidatu nahi dituzte antolaturiko ekimenetan parte hartzera. 

Egitaraua

· Apirilaren 21: Txotxparta (Iturrieta sagardotegira).
Izena eman Irati tabernan apirilak 17 aurretik.
· Maiatzak 6, 13 eta 20: Txalaparta ikastaroa (Kulturolan)
Izena eman: https://izenemateak.arrasate.eus/eu/txalaparta-ikastaroa

· Maiatzaren 27: Udalatxera igoera. 
· Uda partean: Txalaparta festa.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen