Egitarau bizigarria antolatu du Arrasateko Nagusiaren Asteak, Palestina presente

0
2045

Bi ekitaldi Udal Bibliotekarekin batera prestatu ditu: Concetta eta Clara Probanzaren hitzaldia eta Iñaki Peñaren liburuaren aurkezpena. Irailaren 28tik urriaren 2ra arte hainbat ekitaldi ireki izango dira. Gaurko aurkezpenean Palestinarentzako askatasuna eta bakea ere aldarrikatu dira.

Arrasateko Nagusien Kontseiluak (ANAKON) gaur goizean aurkeztu du 2025eko Nagusien Asterako antolatutakoak, Euskararen plazan. Hona hemen egitaraua bere osotasunean:

Igandean, irailak 28:

10:00etan ibilaldia Nordik bastoiekin Arrasatetik, Biteri plazatik San Prudentziora, monitorearekin

12:45ean Astearen aurkezpena Kaittin Allenderen eskutik, Herriko plaza nagusian

13:00etan bermuta eta dantzaldia DJ Goikolearen eskutik, eta urdaiazpiko dastaketa, Herriko plaza nagusian

Astelehenean, irailak 29:

12:00etan bisita Arrasateko enpresa batera, lantegiaren aurrean elkartuta, eta ondoren bazkaria Hilarion jatetxean

Asteartean, irailak 30:

10:30ean bisita gidatua Arrasateko alde historikotik, Arrasate Zientzia Elkartearekin, Biteri plazatik abiatuz

Asteazkena, urriak 1, Pertsona Nagusien Eguna:

11:00etan ibilaldia Iturbideko egoiliarrekin eta txistulariekin, Iturbide egoitzatik abiatuta

17:30ean aurkezpena, Abaroa abesbatzaren emanaldia eta manifestuaren irakurketa, Kulturateko areto nagusian

Ondoren, Concetta eta Clara Probanza-ren eskutik, gainditzearen bizi-esperientziak: ‘Horadando la corteza, cuerpos en diálogo’, Udal Bibliotekarekin lankidetzan antolatuta, Kulturateko areto nagusian

Ondoren, luncha, Kulturateko areto nagusian

Osteguna, urriak 2:

18:00etan Iñaki Peñaren liburuaren aurkezpena: ‘Heriotzak eta doluak’, Kulturaten, Udal Bibliotekarekin elkarlanean antolatuta

Izan ere, ANAKON eta Udal Bibliotekak aurten ere elkarlanean aritu dira, eta horren fruitua izango da, besteak beste, Concetta eta Clara Probanzaren hitzaldia:

“Euren lana aurkeztuko digute, eta hitzaldia gazteleraz izango da. Concetta liburutegiko kolaboratzailea da, eta Literatura-solasaldien eskuorriak egin izan dizkigu. Hiru urte dira berarekin kolaboratzen dugula”.

Sortzaile urretxuarrak “liburuak eta diskoak margotu izan ditu, bera marrazkilaria izanik, Arte Ederrak ikasitakoa. Biak ala biak urretxuarrak dira”.

Concetta “gaur egun Arabako herri txiki batean bizi da, Narbaizan, eta bere obretan berak egindako bidaietako koloreak islatzen ditu. Senegalen ibilia da eta mundu zabalean egindako beste bidaietan ere eragina dute bere obran. Sari asko jasotakoa da, eta diskoetako karatulak ilustratzen ditu”.

Clara, berriz “ez zen berez artista baina gaixotasun larri eta mingarri baten ondorioz, etxean geratu behar izan zuen urte askotan”.

“Sufrimendua arintzeko Concettarekin batera margotzen hasi zen, eta berak azalduko digu nola, bere esperientzia pertsonaletik, artera etorri zen. Berak honi ‘el arte del sofá’ deitzen dio, denbora luzez eserita egon behar izan zuelako”.

Biek ala biek euren hainbat obra aurkeztuko dituzte jendaurrean, izan ere, “Clarak koadroak eta teknikak izateaz gain, panpinak ere egiten ditu, baina panpina horiei zerbait falta zaie: behatza, hankak edota horrelakoak. Oso deigarria, bitxia eta orijinala da”.

Udal Bibliotekak ANAKONi egitaraua artearen diziplina egitarauan sartzea, “eta eurek beti bezala, oso prest azaldu ziren eta begi onez ikusi zuten”.

Bi erakundeen arteko elkarlanari esker ere, Iñaki Peña Bandresek liburua aurkeztuko du, mediku ezaguna eta aurrez ere ANAKONekin elkarlanean aritua.

Arrasateko Ospitalean Zainketa Aringarrietan dihardu, eta “Arrasaten oso ezaguna da. Bere liburua aurkeztuko digu, eLiburutegi plataforman eskura daitekeena, liburu fisikoa izan barik”.

“Ia 25 urte daramatza Arrasateko Ospitalean lanean, Gurutzetan ikasi zuen, Internista espezialitatea dauka, eta iaz BICen master bat egin zuen, Zaintza Aringarrien, Doluaren eta abarren inguruan”.

‘Heriotzak eta doluak’ liburua “bere masterraren amaierako ikerketa-lanaren ondorioa da. ‘Aulki hutsak’ eta ‘Mendian hil, hirian hil’ dokumentalak egin ditu”.

“Urriaren 2ko aurkezpenerako protagonista bereziak ekarriko ditu, eta ez digu iragarri zein diren, sorpresa izango dela… Norbaitek jakin gura badu, bertaratu dadila urriaren 2an arratsaldeko 18:00etan Kulturateko areto nagusira”.

Gaurko aurkezpenak ez du Palestinar Herria ahaztu, eta ondorengo hitzak izan ditu:

Palestina, isiltasunari ez

Gaur ahotsa altxatzen dugu izan ere

ezin gara axolagabe geratu

Palestinan hiltzen ari dira

errugabeko pertsonak

Adinekoak, emakumeak, mutikoak, neskatilak

Gauzatzen ari den basakeriak

giza eskubideen

bortxaketa bat da

Galdutako bizitza bakoitza

gizatearentzat porrot bat da

Pertsona guztien duintasunarekiko

errespetua eskatzen dugu

Eta berehalako su-eten bat

Gure isiltasuna

konplizitatea litzateke

Gure hitza elkartasuna

eta esperantza dira

Palestina aske eta bakean biziko duen Palestinaren alde!

Izan ere, gaurko aurkezpena balio bikoitza izan du: “ANAKONen egitaraua azaltzeaz gain, ez genuen aurkezpenean aipatu barik utzi nahi Palestinan gertatzen ari den guztia. Ezin gara axolagabe geratu”.

“Ez isiltasunari ez, ez erailketei, ez genozidioari. Desio dugun bakarra Herri horrekiko elkartasuna eta esperantza dira, Palestina aske baten alde eta bakean”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen