Arrasateko ikerlaria den Edurne Sagastak ‘Spin-to-charge current conversion in systems with spin-coupling’ tesia CIC nanoGUNEn burutu du. ‘Hall spin’ efektua aztertu du, spin-orbita akoplamendua duten metaletan gertatzen dena. Honi esker Edurnek Tesi Esperimental Onenaren Saria jaso du Espainiako Fisikako Errege Elkarteko Materia Kondentsatuaren Fisikako Dibisioan. Tesiaren izenburua ‘Spin-to-charge current conversion in systems with spin-coupling’ da eta honi buruz gehiago ezagutzeko Mondraberritik zenbait galdera bota dizkiogu.
Nolatan hasi zinen proiektu hau lantzen?
2014an udako praktikak nanoGUNE-n egin nituen eta hemen izan nuen nire lehen aukera ikerkuntza munduan sartzeko, bertako Nanodevices taldeko partaide izanik. Spintronikako arloan hasi nintzen lanean, gela zurian laginak prestatuz, litografia eta metalen deposizioak eginez, eta lagin hauek elektrikoki neurtuz. Laborategian lan egitea eta orokorrean ikerkuntzako eguneroko bizitza gustatu egin zitzaidan, eta hortan oinarrituz doktoretza egitea erabaki nuen. Fisikako graduan jasotako gaitasunetatik at beste konpetentzia batzuk garatzeko aukera emango zidalako sentsazioa izan nuen hasieratik.
Nola ohartu zinen espezialitate hortan gauzak zeudela lantzeko?
Hasieran ez da erraza sartuko zaren gai berri hori zenbateraino garatuta dagoen eta ikerkuntza munduan zein pisu edo garrantzi duen jakitea. Batez ere, esperientzia eta jakintza gehiegirik ez duzulako arloan. Nik argi ikusi nuen nire gaiak zuen garrantzia zein zen nire tesiko zuzendariekin hitz egin nuenean, lehen artikuluak irakurri nituenean eta gure alorreko konferentzietan jorratzen diren gaiak ikustean.
Zer ekimen bultzatuko dituzu hurrengo aste edo hilabeteetan zure lana ezagutzera emateko?
Nire tesia argitaratu ditugun 6 artikuluetan oinarritzen da, beraz alde horretatik egindako lana publikoa da eta gure alorreko ikertzaileek ezagutzen dute egin dudan lana. Sariaren zati bat, Madrileko CMD2020GEFES konferentzia internazionalean hitzaldi bat ematea da, beraz, honek ere lagunduko du lana ezagutarazten.
Publiko informalagoaren artean zailagoa da lana ezagutzera ematea, ez baita ohikoena guretzat arrotzak diren tesiak irakurtzea. Dena dela, hemen uzten dut link-a norbaitek begirada bat eman nahiko balio egindako lanari.
https://www.nanogune.eu/publications/p-1-phd-theses/2019?idThesis=104
Zer gomendatuko zenioke tesia hasi behar duen edonori?
Aprobetxa eta gozatu dezala tesiko esperientzia pertsona eta profesional moduan garatzeko. Oso momentu interesgarriak bizi dira: zuk aurresandako emaitzak lortzea, espero ez dituzun emaitzak lortzea, emaitzak interpretatu eta ulertzeko eztabaidak, toki desberdinetako lankideekin elkarbizitzea, konferentzietan partekatzea zure lana, besteen lanengandik ikastea… Momentua bizi, ilusio, kuriositate eta esperantza mantendu eta ahalik eta konstanteen izaten saiatzea gomendatuko nioke.
Non uste duzu dagoela zure lanaren garrantzia? Zer gehitu dezake ikerketen munduan?
Gaur egungo gailu elektronikoek (ordenagailu, telefono mugikorrek…) elektroien karga erabiltzen dute. Gailu hauen oinarrizko elementua transistorea da, honek kontrolatzen duelako gailuan ea karga korrontea pasatuko den edo ez. Gero eta gailu txikiagoak garatzeko gai izan gara azken hamarkadetan, transistorearen tamaina txikiagotu ahal izan dugulako. Hau posible izan da litografia prozesuak optimizatu direlako eta era berean materialen inguruko jakintza handitu ahala. Hala ere, jakina da transistorearen tamaina limitera iristen ari garela, hau da, ezin ditugu transistore txikiagoak egin tamaina atomikora heltzen ari garelako. eta eskala honetan gertatzen den fisika ezberdina delako. Tamaina atomikoan materialek beste propietate batzuk erakusten dituzte eta ondorioz, tamaina atomikoko transistoreek ez dute tamaina handiagokoek moduan funtzionatzen.
Honen ondorioz, eta gaur egun gailu elektronikoen erabilera hedatuagatik, ezinbesteko bihurtzen da beste teknologia batzuk garatzea, gaurko elektronikatik at.
Spintronikak elektroiaren spin-a erabiltzen du, elektroiaren kargaz gain. Ez da erraza elektroiaren espina zer den azaltzea, baina nolabait esateko, espina elektroiaren propietate bat da bi balio izan dezakena: gorako espina eta beherako espina. Imanek duten erakargarritasun propietatea esaterako, eletroien espinetik dator. Imanek (edota izen espezifikoagoaz, material ferromagnetikoek) gorako espin gehiago dituzte beherakoek baino. Spintronikako erronka nagusia, kargak beharrean, spinak erabiltzen dituzten gailuak garatzea da, energetikoki eraginkorragoak izan daitezkeela uste baita.
Zertan oinarritu da zure lana?
Nire lanarekin spin korrontetik karga korronterako (eta alderantziz, karga korrontetik spin korronterako) konbertsio efizientzia nola handitu demostratzea lortu dugu material desberdinetan, eta oinarrian dauden mekanismoak ulertu ditugu. Memoria magnetikoak (ordenagailuetan adibidez disko gogor ugari magnetikoak dira) idazteko modu bat aipatzen ditudan konbertsio hauek erabiltzea da. Memoria magnetikoen idazketa prozesua burutzeko dauden beste teknika batzuekin alderatuz, energetikoki onuragarria da karga korrontetik spin korronterako kobertsioak erabiltzen duen metodoa. Guk erakutsi dugu metalen erresistibitatea handituz gero konbertsio efizientzia era linealean handitzen dela, eta honek bidea irakitzen du energetikoki onuragarriagoak diren memoria magnetikoak eraikitzeko. Memoria magnetikoez gain, ordenagailuek erabiltzen dituzten beste gailu batzuk eraikitzeko ere balio digute konbertsio hauek, spinean oinarritutako logika egiteko hain zuzen.
Zerbait gehiago gehituko zenuke?
Aukera aprobetxatu nahiko nuke era orokor batean aurkikuntza zientifikoen inguruko erreflexio bat egiteko. Nire ustetan giza-jakintzaren zati handi bat zientziari esker eraiki da eta eraikitzen dihardu. Jakintza honek abagunea ematen dio gauzak hobeto ulertzeari eta era orokor batean bizimodu eta gizarte eroso eta lasaiago bat eraikitzeari. Betiere, aurkikuntza zientifikoek aurrera egiten duten heinean erreflexio, erabaki etikoek eta baloreen jabetzak, antzeko abiaduran hala egiten badute.
