Edurne Muxika: “Euskal Herrian aurkitzen ditugun gauzak entregatzeko kultura handia daukagu”

0
1314

(Publirreportajea) BAZek eskaintzen dituen zerbitzuen artean, galdutako objektuen zerbitzua dago. Edurne Muxika da zerbitzu honen arduraduna, eta zerbitzuak nola funtzionatzen duen azaldu digu. Zerbitzua hau lehen Udaltzaingoak eskaintzen zuen, baina BAZ zabaldu zenetik, 2006an, bulego honek eskaintzen du.

Muxikak azaldu digu BAZek objektu galdu bat jasotzen duenean, protokolo bat abiatzen duela. Objektu hori erregistro batean jasotzen da, zenbaki bat jartzen diote, eta BAZeko bulegoko armairu batean ikusgai jartzen dute. Hasieran goiko apalean jartzen da, eta hilero beheko apalera jaisten dute. Bost hilabete igarota jabeak ez badu berreskuratzeko eskaera egiten, irtenbide bat ematen zaio.

Objektua birziklagarria baldin bada, birziklatzera botatzen da, giltzak esaterako. Arropa Emausera bidaltzen da, eta betaurrekoak optikoetara herrialde pobretuetan aprobetxa ditzaten. Hau objektu arruntei dagokienez.

Objektu batek balio handia badu, objektua aurkeztu duen herritarrari galdetzen diote ea, jabea agertuko ez balitz, objektu hori eskuratu nahiko lukeen edo ez. Hala bada, herritarrak objektua eskuratuko du legeari jarraituz. Kasu honetan objektua BAZen bi urtez egoten da.

Balorezko objektuak beste erregistro baten sartzen dira. Horretarako argazki bat egiten zaio, eta kutxa gotor batean gordetzen da. “Normalean urrezko bitxiak izaten dira. Belarritako bat denean bestea ere ekartzea eskatzen dugu”. Bestelako objektuak ere izan daitezke, eskuko telefonoak esaterako. Kasu horretan, herritarren batek BAZi esaten badio mugikorra berea dela, BAZek PINa sartzeko eskatzen dio, benetan berea den edo ez argitzeko.

Jasotzen dituzten gauzak urte sasoiaren araberakoak dira. Neguan adibidez arropa gehiago eramaten diete: txanoak, guanteak, berokiak, eskularruak eta antzekoak. Udan, arropa baino giltzak jasotzen dituzte. “Beno giltzak dira urte osoan zehar gehien jasotzen ditugun objektuak, egunero ia bost giltza-sorta. Baina denetatik jasotzen ditugu: hortzordeak, bastoiak, …”.

“Beti saiatzen gara objektuen jabea aurkitzen”. Dokumentazioa denean (Mugi txartela, NANa,…) jabea erroldan bilatzen dute, edo jaberik agertu ezean, bere familiako norbait. “Bere bila etortzeko deitzen dugu. Horrela ez badugu aurkitzen, erroldan agertzen den helbidera eskutitz bat bidaltzen dugu, eta pertsona kanpokoa bada dagokion udalerrira helarazten dugu”.

Bankuko txartelen kasuan, zuzenean bankura bidaltzen dituzte. “Horrela lortzen dugu, dokumentazioaren kasuan, jabeari %99an itzultzea”.

Objektuen erdia gutxi gorabehera itzuli egiten da. “Hasieran jende gutxik erabiltzen zuen zerbitzua, baina orain herritarrak zerbitzua erabiltzera ohitu dira, gero eta ezagunagoa da. Horretan laguntza handia eman du Facebookeko Arrasate Opina foroak”.

Bestalde, Muxikak azpimarratu du “norbait zerbait galtzen badu eta Udaltzaingora joaten bada, hona bideratzen dutela. Azken boladan herriko komertzioetatik ere galdetuko gauzak bidaltzen dizkigute. Hala, lehen beste toki batzuetan gordetzen ziren objektuak, baina pixkana BAZek hartu du horren ardura”.

Gauza bitxiak ere jaso ditu BAZeko zerbitzu honek, Muxikak azaldu digunez: “behin bi mutil etorri ziren bitxiz beteriko maleta bat entregatzera. Maletina bitxi dendetara joaten den agente-komertzial batena zen. Hamar minutura agente-komertziala etorri zen udaltzainekin batera. Kalitate handiko imitaziozko bitxiak ziren, eta gizonak susto handia hartu zuen”.

Orain dauzkaten gauzen artean euskal makila bat dago, bere kutxa-eta guzti. “Hondarribira hots egin nuen, makila egin zen tailerrera, baina lehengo jabeak egindako makila bat zela esan zidaten. Eta ez daukate erregistrorik. Herritarrek horrelako gauzak galtzeak pena ematen dit, balio sentimentala daukatelako. Gauza ugarik ez dute balio materialik, bai ordea balio sentimelala”.

Orain dela gutxi audifono bat ere jaso zuten “GAES dendara joan nintzen, halako aparailu bat garestia baita, eta audifonoak duen erregistro zenbakiari esker jabea aurkitu genuen”.

Muxikak zerbait galdu duten herritarrei BAZetik pasatzera animatzen ditu. “Denbora dezente pasatu arren, nik aholkatzen diet BAZera etortzea. Izan ere, Euskal Herrian aurkitzen ditugun gauzak entregatzeko kultura handia daukagu”.

arrasate.eus

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen