Ederlango tximinien isuriei buruz “inkoherentziak” antzeman dira

0
2118

Bergarako epaitegiak argitaratutako txostenaren arabera, ez datoz bat sailburuordetzaren, legearen eta enpresaren bertsioak

Arrasateko Ederlan lantegiko (Uribarri) emisioen gaia gaurkotasunera itzuli da berriz ere, epaitegiak txostena argitaratu duelako. Txosten horrek “inkoherentziak” aipatzen ditu, bi aldeek aurkeztutako bertsioen artekoak, Ertzaintza eta enpresa barne. Bide judiziala 2017ko urriaren 17an hasi zen, bizilagun batek Bergarako epaitegian salaketa jarri zuenean: “Fagor Ederlanen Arrasateko lantegiko tximinietatik zetozen ke-isurketen bidezko ingurumen-kutsadura. Idazkiarekin batera, enpresako lau tximinien eta 60 tonako mantentze-labea dagoen nabearen arnasbidearen egoera ingurumen-baimen integratuan adierazi gabe dagoela adierazten du. Gaineratu du Ingurumeneko sailburuordearen 2016-11-25eko Ebazpenak, Arrasateko Uribarrin burdina galdatzeko Fagor Ederlan enpresari emandako ingurumen-baimen integratua aldatzen duenak, enpresak dituen bi fusio-labeak baino ez dituela jasotzen, baina ez mantentze-labea, hori ere existitzen baita. Bere ustez, galdaketako eta mantentze-lanetako labeetan erabiltzen den lehengaia edo salda berbera denez, isurketa atmosferikoak berdinak dira, eta, beraz, biltzeko, arazteko eta kanporatzeko baldintza berak bete beharko lituzkete”.

Bestalde, salatzaileak berak dioen bezala, “2016an, %50 gainditu zuen batek. Nik auzitegira joan nintzen, administratiboki Eusko Jaurlaritzak ez zuelako infrakziorik ikusten. Oca edo EPA neurketak gainditzeaz aparte, salatu nuen, Ingurumen Adierazpen Integrala barruan sartu gabe arnas luze zegoen hori eta E13, e14, E15 eta E16 ez zutela partikulak filtratzen. Berez Sailburuordetzak emandako baldintzetan, derrigorrezkoa izan behar litzake filtraketa ke guztiak emititu baino lehenago”.

Prozesu horrekin jarraituz, “APPLUS NORCONTROL enpresak emisioaren kontrola egin zien 2016-11-2, 3, 7, 8 eta 9an e14, E16 eta E17 fokuei, eta e14 fokuak ez du legedia betetzen, baimendutako balio maximoa ia %50ean gaindituta, lehen laginean 29 mg/Nm kubikokoa izatera iritsiz”, eta hori “arau-hauste larria izango litzateke”

Salatzaileak adierazi duenez, “hainbat hilabeteko auzi legalaren ostean, epaitegiak ondorioztatu du inkoherentziak daudela enpresaren, inguruan ikuskapena egin zuen Ertzaintzaren eta legearen bertsioen artean, eta beraz, izapidea epaitegira itzuliko dela oraingoz”.

Ildo horretan, Gipuzkoako Probintzia-Entzutegiak hein batean onartu du aurkeztutako salaketa, baina ez dago adostasunik tximinia horiei eman dakiekeen lege-esparruari buruz, eta, beraz, Bergarako auzitegiaren esku dago horri buruzko erabakia hartzea. Salatzaileak dioenez, “gaur egun ez dago oso argi zein izango den datorren urratsa, Bergarako auzitegiaren esku baitago dagokion erabakia hartzea”.

Bestalde, salatzaileak dio gertu bizi diren pertsonei azalpen bat zor zaiela: “Uribarriko bizilagunek inguruko airera botatzen ari diren elementuei buruzko azalpen bat merezi dute. Espero dugu laster behin betiko ebazpena izatea, Bergarako epaitegiaren eta probintziakoaren arteko eztabaida judiziala amaitzean”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen