Arrasateko Nagusien Kontseiluak antolatuta, mahai-ingurua egin da gaur arratsaldean Kulturateko areto nagusian. Ekitaldi berean txalo beroa jaso dute pertsona nagusien alorrean diharduten hainbat elkartek.
Jokin Etxebarria kazetari arrasatearrak aurkeztu eta gidatu du ekitaldia. Alkateak hitzartze bat egin du, alor honetan diharduten eragileei lana eskertuz.
Ekitaldiaren hasieran pertsona nagusien alorrean diharduten hainbat erakunde bertaratutakoen txaloak jaso dituzte [goiko argazkian].
Ondoren, mahai-ingurua [hemen ikusgai] egin da, eta bertan aritu dira Olatz Etxabe Iturbideko zuzendaria, Izarra Gonzalez jubilatua, Iñaki Peña doktorea eta Miguel Angel Lazpiur Arizmendiarrieta Fundazioko kidea.
Mahai-inguruko galderetako bat izan da ea pertsona are nagusiagoa izan, are bakarrago dagoen.
Iñaki Peñak erantzun du “lege natural baten arabera, norberaren kintokideak denboraren poderioz joaten direla. Baina kontuan hartu behar da ere zein pertsona dituzun ondoan: familia, bizilagunak,… Gai horretaz pentsatzen joatea interesgarria da”.

Miguel Angel Lazpiurrek adierazi du “ni 64 urterekin jubilatu nintzela, duela 14 urte, eta interesgarria da aztertzea bizitza profesionalari nola eman jarraipena. Nik oraindik lauzpabost hilabetean behin bazkari bat egiten ditut lankide ohiekin, besteak beste. Erabat funtsezkoa da belaunaldien arteko harremana. Gazte jendearekin aritzeak gaztetzen gaitu”.
Izarra Gonzalezek azpimarratu du “pertsonak oinarri ezberdinak izan behar dituela, eta horretarako ona dela gustuko taldeetan parte hartzea, horrela giza harremanak sortuz. Heriotza zain daukagu, eta kontua da nola egin bidaia”.
Jokin Etxebarriak mahai gainean jarri du egungo gizarteak belaunaldien arteko harremanak zailtzen dituela. Horren aurrean, nola erraztu daitezke harremanak?
Olatz Etxabek azaldu duenez, badira salbuespenak ere: “pertsona nagusi batzuek bizitasun handiz bizi nahi izaten dituzte euren azken urteak. Haurrak eta gazteak egoitzan bisitan izan ditugu, eta haur eta gazteentzat ikasgai bat izan da pertsona nagusiekin aritzea. Interesgarria litzateke hori ikastetxeetatik ere lantzea”.
Hori erakundeetatik ere sustatu beharko litzateke? “Baita etxeetatik ere – gehitu du Iñaki Peñak – , oso garrantzitsua da geratzea eta aditzea, horrela ohartuko baikara aititak zenbat gauza dituen gurekin konpartitzeko”.
Ildo berean, Izarra Gonzalezek azpimarratu du “gazteek gure jakintza behar dutela eta guk euren indarra”.
Pertsona nagusien egoitzak aldatzen ari dira, eta Iturbideko zuzendariak azaldu du “pandemiak agerian utzi dituela egoitzen ereduaren ahuleziak. Saturatuta daude, erabiltzaile asko daude, eta nahi dugu egoitza euren etxebizitza bezalakoa izatea, baina ezinezkoa da, adibidez ezezagun batekin partekatu behar dutelako logela. Horrelakoen ondorioz kutsaketa asko egon dira. Espazio intimoa behar dute”.
Hortaz gain, “antolaketa malguagoa behar da, eta gauza horiek aldatu behar dira bai ala bai. Adreilu eta zementuan hainbeste gastatu ordez, pertsonengan gehiago inbertitu behar da”.
Iñaki Peñak azaldu du “horren aldeko manifestu bat egin zela, eta adibidez Javier Yanguasek artikulu oso interesgarriak argitaratu zituen”.
Arrasateko egoitzara itzuliz, Olatz Etxabek azaldu du “erabiltzaileak egoitzara ohitu behar izaten direla, baina alderantziz izan behar luke. Gainera, profesionalak euren formakuntzan gehiago konprometitu beharko lirateke”.
“Egokiena litzateke pertsona nagusiak euren etxebizitzetan bizitzea, baina hori lortzeko gauza asko landu behar dira”.
Izarra Gonzalezek azaldu duenez, “Txinan arazo larria da pentsioak hutsaren hurrengoa izatea. Baina gauza zoragarri bat daukate: baliabiderik ez dutenek parkeak hartzen dituzte, eta parkeetan abesten, musika jotzen, ariketa fisikoa egiten,… dituzte”.
Izarrak planteatu du hemen gauza bera egitea: “Guk pentsio hobeagoekin zergatik ez dugu hori egiten hemen erakundeei itxaron barik? Han egoitzak oso tristeak dira, eta erabiltzaile asko egoera negargarrietan daude”.
Jokin Etxebarriak planteatu du ea udaletxean Nagusien Kontzejalia bat sortzeak horrelako helburuak lortzeko balioko lukeen.
Iñaki Peñak partekatu duenez “arazoa muturrera eramanda, Britainia Handian Bakardadearen Ministerioa sortu zuten, bakardadeari aurre egiteko. Niri ideia zoragarria iruditu zitzaidan”.
Jose Miguel Lazpiurrek gehitu du “benetan gura badugu pertsona nagusiek gizarteari ekarpenak egitea, beharrezkoa da baliabide nahikoak jartzea”.
Alkateak hitza hartu du adierazteko “Debagoiena 2030ean debatitzen, hausnartzen,… dugula etorkizunera begira. Mintegietako batean hausnarketa oso gustuko bat entzun nuen: Galdu egin ditugu hemen zeuden komunitate gogorra, auzolan handia,… eta modernizazioarekin lan horiek guztiak instituzioetan sartu ditugu eta instituzioak munstro bihurtu ditugu. Gizarte kohesionatuagoa bat berreskuratu beharko genuke”.
Izarra Gonzalezek azaldu duenez, “Danimarkan gurasoek lanera joan ezin dutenean, adibidez seme-alaba gaixo dutelako, badago aurrez jubilatu boluntarioen zerrenda bat egina, eta zerrenda horietako jubilatuei galdetzen zaie ea lan hori behin-behinean egin dezaketen”.
Olatz Etxabe Iturbide Egoitzako zuzendariak islatu du “ekitaldi honetara etorri den jendea hemengo auzolanaren erakusgarri bat da, eta adibidez pandemiaren hastapenetan herritar ugari laguntzeko prest azaldu ziren. Baliteke hori sustatzen duen pertsona bat behar izatea. Gure gizartean herrigintza zabala dago”.
Ekitaldiaren amaieran Arrasate Musikaleko jubilatuek saioa eskaini dute. Halaber, gogoratu ondorengoak izango direla datozen ekitaldiak:
Irailaren 28an, asteartea, goizeko 11:00etan argazki erakusketa bat inauguratuko da BAZen, Nagusien Kontseiluak 2018an sortu zenetik egin dituen jarduera guztien kartelekin. Arratsaldean, 19:00etan, Amaia Udal Antzokian ‘Abuelos’ filma proiektatuko da.
Irailaren 29an, asteazkena, goizeko 11:00etan, azoka bat egingo da Kulturaten, eta Arrasateko jubilatuen lau etxeek (Uribarri, Etxaluze, Toki-Argi eta Musakola) ikasturte honetarako antolatu dituzten jardueren aurkezpena egingo da. Arratsaldeko 18:00etan, Kulturaten, Aritz Resinesek, Arrasateko Sexologia Zerbitzuko kideak, hitzaldia emango du pertsona nagusien sexualitateari buruz.
Hurrengo egunean, irailak 30, osteguna, goizeko 10:00etan Sasoibidek antolatutako irteera egingo da. Hiru ibilbide prestatu dituzte, zailtasunaren arabera. Ibilbiderik errazena Mojategiraino izango da, zailtasun ertainekoa Arrasateko Balkoneraino eta zailena Miraballeseraino. Itzuleran lunch bat izango da Etxaluzen, eta txartelak salgai egongo dira 5 euroren truke. Arratsaldeko 16:00etan Iturripen Bixi-biziren eskutik Hobekuntza fisiko-motrizerako tailerra izango da.
Amaitzeko, urriaren 1ean, ostirala, Pertsona Nagusien Nazioarteko Egunean, ekitaldi bat egingo da Kulturaten, kolektibo horren interesak nabarmenduz. Ekitaldia Arrasate Musikalen emanaldi batekin amaituko da.