EAJ-PNVk abiatutako ‘Entzunez Eraiki’ ekimenak “entzute aktiboa” jorratuko du, bost ildori jarraituta: “gizarte-politikak, klima-aldaketa, sustapen ekonomikoa, gobernantza eta euskara”.
Argazkia: EAJ-PNV.
Ekimenaren bigarren hitzordua Arrasaten izango da zapatu honetan, “entzuketa aktiboaren, elkarrizketaren eta lankidetzaren dinamika”.
Bere helburuak dira “proiektu politikoa herritarrekin partekatzea eta etorkizuna modu kolektiboan eraikitzea”. Hartara, bost ildo jorratuko ditu, “euskal herritar guztiei eragiten dietenak, eta Gipuzkoaren eta Euskadiren bilakaera markatuko dutenak”:
“Klima-aldaketa, garapen ekonomikoa, gizarte-politikak, gobernantza eta euskara”. Alderdiaren hitzetan, “herritarrengana gehiago zabaldu nahi dugu, eta gure ereduaren nortasun ikurra diren elkarrizketa eta adostasunen bilaketa indartu”.
EAJ-PNVk ekimena abiarazi du “estatuan ikusten ari garen konfrontazioaren eta populismoen gorakadaren” momentuan.
“Euskal herritarrok politika egiteko modu hurbil eta gizatiar batekin identifikatzen dugu gure burua – Imanol Lasa GBBko Berrikuntza Politikoko arduradunaren hitzetan – eta eredu hori berritzeko ekimena da hau. Azken batean, gure erronkei izaera kolektibotik eta komunitate bateko kide izatearen zentzutik aurre egitean datzan eredu hori, alegia”.
Lehen bilera joan den astean izan zen Errenteria-Oreretan, politika sozialak hizpide hartuta, eta oraingoan Arrasatek hartuko du lekukoa Gipuzkoako eredu sozioekonomikoaren etorkizunari heltzeko.
Ekitaldia larunbat honetan izango da, hilak 26, goizeko 9:30etik aurrera Abaroa zahar egoitzan eta “afiliatu alderdizaleei, zein herritar guztiei irekita egongo da”.
Bertan arituko dira, besteak beste, Jabier Larrañaga Ekonomi Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatua eta Maria Ubarretxena Entzunez Eraikiko garapen ekonomikoaren arloko arduraduna.
Ekitaldian “alderdiko organoetan adostutako proposamenak eta printzipioak partekatuko dira, eta parte-hartzaileen eta ekonomia-sareko eragileen ekarpenak bilduko dira, bultzada ekonomikoaren eta enpleguaren arloan jeltzaleen etorkizuneko proiektua finkatu eta aberasteko”.
Lasak nabarmendu duenez, “gure gizarte-ongizateko ereduaren jasangarritasunak, nahitaez, ekonomia indartsu bat behar du, kalitatezko lanpostuak sortuko dituena eta gizarte-aberastasuna eta finantza-baliabideak emango dituena zerbitzu publikoei eta gizarte-politikei aurre egiteko, inor atzean ez uzteko eta munduan desberdintasun gutxien dituen gizarteetako bat izaten jarraitzeko”.
Ildo horretan, gaineratu duenez, Arrasatek eta Debagoienak “lehiakortasuna eta gizartearekiko konpromisoa bateratzen dituen industriaren aldeko apustua irudikatzen dute, balio kooperatiboen bidez du. Beraz, argi geneukan leku egokia zela hau eredu sozioekonomikoarekin lotutako lehen dinamika egiteko”.
‘Entzunez Eraiki’mproiektua Euzkadi Buru Batzarrak “Euskadi osoan abian jarri duen eta urrira arte gauzatuko den dinamikaren barruan kokatzen da, egungo erronkei erantzuten dien agenda politiko eta sozial baten inguruan”.
Agenda 2030ean jasotako erronka handiekin “lotuta dago: globalizazioaren eragina, desafekzio politikoa, iraunkortasuna, enpleguaren etorkizuna edo digitalizazioa”.
Gipuzkoan 15 topaketa baino gehiago egitea aurreikusten du, “entzutea eta partekatzea” dela “herritarrek politikan eta erakundeetan duten konfiantza indartzeko modu bakarra. Entzuteko elkar ulertzeko, elkar ulertu eraikitzeko, eta eraiki elkar aurkitzeko”.
“Hemen ulertzen dugu politika tresna bat dela arazoak konpontzeko eta guztioi eragiten diguten erronkak gainditzeko, ez liskarrerako eta zatiketarako. Arazo horiek konplexuak dira eta adostasunetik heldu behar zaie”.
Hartara, “proaktiboak izan behar dugu eta entzun egin behar dugu, herritarrak eta eragile eta elkarteak politika publikoen diseinuan, martxan jartzean eta ebaluazioan inplikatzeko”.
Maria eta entzutea ez dakit bat datozen. Borondatea akaso, gaitasuna… Aurkako edo bestelako iritziek beldurra ematen diote.