Argazkia: Arrasateko EAJ-PNV.
Kaixo Maria, nola definitzen duzu zure burua pertsona gisa?
XXI. mendean bizi den pertsona euskalduna, bere aberria maite duena naiz. Aldi berean, ama Zamorakoa daukat, eta oso ondo ezagutzen dut estatutik Euskal Herrira lanera etorri zirenen errealitatea. Bestalde, praktikoa ere banaiz, arazoei soluzioak topatzen saiatzen dena. Gustatzen zait gaiak desblokeatzea, ez naiz ideologian zapuzturik euren postura aldatzen ez duten horietakoa.
Zein da orokorrean zure ibilbidea politikagintzan?
2011-2015 agintaldian zinegotzi izan nintzen Arrasateko Udalean eta 2015. urtetik gaur arte, alkate. Bestalde, 2013-2015 bitartean Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako zuzendaria izan nintzen.
Arrasateko Udalak gaur egun duen superabita, zertarako erabiltzea erabaki da?
Lehenik eta behin azpimarratu nahi dut Udala 0 zor egoeran lagatzen dugula eta superabitarekin (5 milloi €) agintaldi berriko udal gobernu berriak erabaki dezan ze proiektu martxan jarri. Arrasateko EAJk argi dugu errekurtso hauek kiroldegiak berritzera bideratuko ditugula.
Zein neurri proposatzen ditu Arrasateko EAJ-PNVek mugikortasuna hobetzeko, batez ere auzo garaietan?
Igogailu publikoekin jarraituko dugu, herrian ditugun 12 igogailu publikoetatik 9 egin ditugu azken urte hauetan. Gure asmoa da Gorostiza auzoan igogailu publiko sistema bat jartzea Erguinen egin dugun antzera; momentu honetan Santa Teresan igogailuak jartzen dihardugu eta obretan daude eta azkenik Altamira auzoan ere berrurbanizazioa proiektua martxan dago igogailu sistema berri batekin.
Udal-gobernuak azaldu zuen urbanoen zerbitzuko Avanzarekin sinatutako “kontratua eten asmo” zuela, etenda dago jada?
Bai, hala da, kontratua Avanzarekin eteteko bidean dago Udala eta prozedura administratiboa martxan dago. Hurrengo agintaldira begira autobus zerbitzu berria egongo da flota berriarekin.
Arrasateko EAJ-PNV udal-zerbitzuren bat publifikatzearen aldekoa da?
Publifikatzearen aldekoa baino hainbat zerbitzu kooperatiben bitartez eskaini ahal izatea da gure asmoa, langileek izan dezaten erabakitzeko ahalmena.
Nola susta dezake Udalak herriko kooperatibak direlakoen garapena?
Auzolana, solidaritatea, kolaborazioa, herrigintza, gure herrian oso errotuta dauden balioak dira, gure herrian sentimendu komunitarioa sendoa da eta hori indartu egin behar da. Egungo kooperatibekin elkarlana handia da, esaterako klima aldaketari aurre egiteko DB2030 egitasmoaren baitan edo Ekiola bezalako proiektu berrietan. Gainera, Mondragon City Challenge lehiaketa internazionalaren bitartez kooperatibak gazteei hurbiltzea lortu da eta etorkizuneko proiektu politak irten dira.
Zein neurri proposatzen ditu Arrasateko EAJ-PNVek Udalaren kirol-instalazioak hobetzeko?
Nahiz eta Pandemiak atzeratu egin duen proiektua, plan integrala prestatu dugu kronograma zehatz batekin eta behin Kulturola eta JAME bukatuta, garaia iritsi da kirol instalakuntzak berritzeko eta eraikuntza moderno eta jasangarriak izateko. Iturripe kiroldegia berritzen hasi nahi dugu, Musakolakoa bota eta berria egiten dugunerako, bitartean, mondrautarrok izan dezagun non kirola egin.
Monterron jauregia hautes-kanpainako erdigunean da, zein erabilera proposatzen du Arrasateko EAJ-PNVek?
Herri honetan industria beti izan da oso garrantzitsua eta baita ere kooperatiben eredua, gure nortasunaren parte dira, gure izaera komunitarioan oinarrituriko egiteko modu berezi bat, eta hori ez dauka beste inork, mondrautarron berezitasuna da. Eta hori balioan jarri nahi dugu: gure ondare eta Izaera Industriala eta kooperatibismoaren zentro bat aurreikusten dugu Monterron Jauregian, turismo bulego batekin. Gure bailarako enpresa, eragile, zein Kooperatiben Goren Kontseiluarekin elkarlanean erreferenteak garen horretan sakondu eta mapan jarriko gaituen proiektu amankomun bat izango da, herriari zabalik, gurea balioan jarriko duena eta balio erantsia ekarriko diona herriari. Oso proiektu garrantzitsua izan daiteke Euskadi mailan eta Europa mailan.
Dirua biltzen duen TAOk 90.000 € inguruko defizita izan du lehen urtean, zein neurri hartuko lituzke Arrasateko EAJ-PNVek?
TAO sistema tresna bizi bat da helburu duena aparkalekua ordenatzea eta hasieratik esan zen ez zela diru bilketarako sistema. Zentzu honetan ez dugu aldaketarik aurreikusten.
Argi-ilunekin, baina Juan Arzamendi Musika Etxea prest dago. Baita bestalde Kulturola ere. Nola susta daiteke Kultura bi eraikin berrietan?
Gure programan badator kale-dinamizazioa eta kultur eskaintza zabaltzea. Gure asmoa JAMEko aretoan eskaintza propioa izatea da eta baita ere bi eraikinen artean sinergiak sortzea herriari begira. Baina eraikinez aparte, kalera aterako ditugu kontzertu eta egitasmoak eta Monterron parkean kultur eskaintza zabaldu nahi dugu: hasi gara Mondra&Roll bezalako ekimenekin eta laster Manu Chao ere izango dugu herrian. Arrasate prest dago asmo handiko kirol- eta kultura erloko ekitaldiak hartzeko.
Zein neurri proposatzen ditu Arrasateko EAJ-PNVek aldaketa klimatikoari gure herrian aurre egiteko?
Ekiola proiektua gauzatzea lortu da eta lehenengo aldiz Arrasateko Udala proiektu europearretan lanean ibili da. Bi proiektu europear berri ditugu pentsatuta aldaketa klimatikoari aurre egiteko, Uarkapen panel fotovoltaikoak jarriko ditugu, LED argiteriara aldatuko dugu oraindik aldatu ez dena (%20) eta batez ere sustatuko dugu laguntzen bitartez bizilagun komunitateek berriztagarrien alde egin dezaten. Bestalde, ur kontagailuen digitalizazioa egingo dugu uraren alorrean ere aurrerapausoak emateko.
Konpondu dira Arrasateko Gaztetxearen eta Udalaren arteko arazoak?
Bilera ezberdinak izan ditugu eta hitzarmen berria lantzen ari gara eurekin.
Nola berrindartu Arrasateko tokiko merkataritza?
Generazio aldaketarako zerbitzu berria proposatzen dugu, lokalak egokitzeko laguntzak, zerga eta tasetan hobariak, negozio berrientzat pizgarriak eta egun daudenentzat erraztasunak eta laguntzak. Gure taldean merkataritza eta ostalaritza ondo ezagutzen duten pertsona profesionalak daude eta Plan integral bat prestatu dugu tokiko merkataritza indartzeko.
Gainera, esan bezala, kaleko dinamizazio indartuko dugu herritarrak Arrasate geratu daitezen kontsumitzera baina baita, gure eskualdeko herritarrak erakartzeko. Arrasate Debagoieneko herri handiena da eta atrakzio polo izatea lortu nahi dugu.
Non proposatzen du Arrasateko EAJ-PNVek kokatzea Emakume Txokoaren egoitza berria?
Emakume Txokoaren egoitza bertako erabiltzaile, zein teknikariekin amankomunean erabaki beharko da.
Zein aurrerapauso eman behar ditu Arrasatek parekidetasunari dagokionez?
Gizarteak berak behar ditu aurrerapausoak parekidetasunari dagokionez, lan asko egin da baina oraindik asko dago egiteko. Arrasateko Berdintasun sailak lan ikaragarria egiten du eta lan horrekin jarraitu beharra dago zalantzarik gabe.
Zer proposatzen die Arrasateko EAJ-PNVek adineko pertsonei, euren bizi-baldintzak hobetzeko?
Nagusien Bulegoaren sorkuntza proposatzen dugu eta ibiltaria, auzoetan ere egongo dena. Nagusiekin elkarlana areagotu eta eurekin batera eurei zuzenduriko programak martxan jartzea da asmoa.
Eta gazteei?
Proposamen ezberdinak ditugu adinen arabera. Txikientzat Obenerrekako parkea berritu eta Santa Barbaran natur parke bat proposatzen dugu. Zerrajerako parkea estali egingo genuke, izan ere zentroan ez dago egun parke estalirik. 9-12 urteko haurrek eskaintza propio eskatu digute Haurren kontseilutik eta eskaintza hori Biteritik gertu egotea eskatu dute lokalen batean. Bestalde, nerabeei begira Gaztegida sortuko dugu, astebukaeretan eurei bideraturiko aisialdi eskaintza propioa.
Nola hobetu daitezke kultur jatorri ezberdineko pertsonen arteko elkarbizitza?
Arrasateko Diagnosi integrala egiten ari gara Udalean, herriko integrazioa eta hizkuntza kontuan hartuko dituena. Eskolekin, Huezirekin eta Eluhyarrekuin batera egiten ari gara eta bertatik aterako diren eskuhartze komunitarioak jarriko ditugu martxan.
Zein iritzi duzue Arrasateko osasun-sistema publikoari buruz?
Laster ospitale berria izango dugu Arrasaten eta zerbitzu onenak izan ditzagun bultzatuko dugu. Oso profesional onak ditugula uste dugu.
2022an ofizialki 896 delitu egin ziren Arrasaten, nola egin behar zaio aurre arazo honi?
Udaltzaingoaren lana balioan jarri behar dela uste dugu, izan ere, askotan ikusten ez den lan asko egiten bai dute herritarrei laguntza emanez. Talde sendoa dago Udaltzaingoan eta beharrezko errekurtsoak jarri behar dira herri segurua izan dezagun.
Azoka plaza gainbeheran dago, nola berrindartu dezake Udalak?
Azoka plaza bertako saltzaile eta erabiltzaileekin batera berrindartu behar dela uste dugu. Udalak azoka berritzeko plan bat garatu du eta berau aurrera eramateko plana zehaztu beharko da.
Nola baloratzen duzue Markuleteko pump track berria?
Izugarrizko erabilera dauka eta bertako erabiltzaileek adierazi digute oso pozik daudela emaitzarekin. Herritar talde batek lagundu zuen diseinuan eta eskertu egin nahi diet euren aportazioa.
Zein iritzi duzue Obenerrekako parkour parkearen inguruan?
Nahiz eta Haurren Kontseiluak eskatu zuen eta Gipuzkoako Parkour Federazioarekin landu zen proiektua, egunerokotasunean ez da mugimendu askorik ikusten.
Aldaketarik proposatzen duzue Garbiketa Ordenantza edo ‘Mozal ordenantza’ren inguruan?
Momentuz ez.
Zein neurri proposatzen ditu Arrasateko EAJ-PNVek euskararen erabilera sustatzeko?
Euskara guretzako oso garrantzitsua da. Euskaltegiari eman diogu bere lekua Kulturolan eta momentu honetan lantzen ari gara nola sustatu Arrasateko Diagnosiaren baitan. Bestetik, EMUNekin elkarlanean Garai Parke Teknologikoan euskara sustatzeko plana jarri dugu martxan eta Udaletxeko euskara eskakizun guztiak mantendu eta indartu dira. Esate baterako, ez dugu ulertzen nola Mankomunitateak jaitsi dituen euskara eskakizunak hainbat lanpostuetan. Hori ez da izango gure bidea gobernuan jarraituz gero.
Hauteskunde-emaitzei dagokienez, zein helburu ditu Arrasateko EAJ-PNVek?
Arrasatek 8 urte hauetan eraldaketa izugarri bat bizi izan du eta begi bistakoa da gure lehentasuna herriko proiektuetan inbertitzea izan dela. Eraldaketa honekin jarraitu beharra dago eta horregatik eskatzen dugu herritarren konfidantza.
Beno Maria ba beste zerbait gehitu nahi baduzu, edo gura baduzu erantzundakotik zerbait azpimarratu, aurrera mesedez.
(Erantzun barik)