EAJ-PNVk salatu du Arrasateko kanpoko igerilekuak txiringito zerbitzurik gabe ireki direla aurten ere. Jeltzaleen arabera, egoera horrek agerian uzten du EH Bilduren udal gobernuaren “plangintza falta eta inprobisazioa”.
Joan den ostiralean, ekainaren 12an, ireki zituzten Arrasateko kanpoko igerilekuak, udako denboraldiari hasiera emanez. Hala ere, EAJren udal taldeak kritikatu du herritarrek ezin izan dutela txiringito zerbitzua lehen egunetik erabili, eta gogorarazi du zerbitzu hori aurreko legealdian berreskuratu zela, herritarren artean harrera ona izan ostean.
Jeltzaleen esanetan, ez da gertakari isolatua, azken urteotan udal zerbitzuetan antzeko egoerak errepikatu direla uste baitute. Horren adibide gisa aipatu dituzte ur parkeekin izandako arazoak. Alderdiaren iritziz, egoerak eragin zuzena du herritarrek jasotzen duten zerbitzuaren kalitatean eta udako aisialdi-eskaintzan.
Ander Garay bozeramaileak adierazi duenez, udal gobernuak ez ditu behar bezala aztertzen gertatutako akatsak, eta ez ditu beharrezko neurriak hartzen etorkizunean halako egoerak saihesteko. Horregatik, EAJk Kirol zinegotzi Mikel San Migeli eskatu dio txiringitoa ahalik eta azkarren martxan jartzeko beharrezko neurriak har ditzala.
Era berean, alderdi jeltzaleak proposatu du datorren urteko udako denboraldiaren plangintza otsailean hastea, igerilekuak irekitzen diren lehen egunetik zerbitzu guztiak -txiringitoa eta ur parkeak barne- martxan egon daitezen.





Eizue lana behingoz ta jarri zaitteze zeuok.