EAJ-PNVk “azpiegiturak erabat berritu eta kirol taldeak sendotzeko plan aitzindaria” proposatu du

0
670

Beheko testua eta argazkia: Arrasateko EAJ-PNV.

Maria Ubarretxena, alkategaia: “Kirol instalazioak eguneratu eta birdimentsionatuko ditugu, adin guztietarako egokitzeko eta jasangarritasun, irisgarritasun eta efizientzia parametro guztiei jarraituz”. Iturripe birmoldatzen hasiko dute bidea (2023-2024), hainbat eskoletako kirol instalazioak hobetuko dira eta Mojategiko atletismo pista eta errugbi zelaia berrituko dira (2024-2025), eta jarraian eraikiko da kiroldegi berria Musakolan (2025-2027).

Arrasateko EAJ-PNVk kirolean jarriko du fokua, are gehiago, datorren legealdian. Kultur azpiegitura aurrerakoiak eraiki ostean legealdi honetan, Juan Arzamendi Musika Etxea eta Kulturola tarteko, lehentasuna emango diote Arrasatek kirol azpiegitura modernoak eta iraunkorrak izateari: “Pandemiak proiektua atzeratu badu ere, kirol-instalazioen plana prest dugu, Iturripe eta Musakolako kiroldegiak berritzeko proiektuekin. Herritarrekin egindako kirol-mapa integrala burutuko dugu. Horrela, birmoldaketa Iturripetik hasiko da, Musakola berritzen hasten denean kirola egiteko kiroldegia izan ahal izateko” berretsi du Maria Ubarretxena alkategai jeltzaleak.

“Apustu estrategiko honi ekimen eta ausardiaz heltzen ari gara. Gure kirol azpiegiturak ez daude Arrasateko errealitate berrira egokituta, zaharkituta geratu dira eta ez dituzte arrasatearren beharrak asetzen. Plan hori izango da tokiko kirolak eta herritarren kirol jardunak behar duten oinarri sendoa. Bultzada beharrezkoa bezain onuragarria izango da”.

Ubarretxenaren hitzetan “Udalerri osasungarri bat dugu helburu, eta, horretarako, kalitatezko azpiegiturak eskaini behar zaizkie herritarrei, kasu honetan kirol arlokoak. Kirol instalazioak eguneratu eta birdimentsionatuko ditugu, adin guztietarako egokitzeko eta jasangarritasun, irisgarritasun eta efizientzia parametro guztiei jarraituz”.

Legealdi honetan herritarrekin egindako kirol-mapa integralak 8 instalazio barne hartzen ditu: Pump Track, Erguin herri eskola, Iturripe, Uarkape, Musakola, Parkour parkea, Arrasateko Institutua eta Arizmendi Musakola Ikastola.

Iturripe birmoldatzen hasiko dute bidea. Kirol- instalazioen barruan, bi kantxa, padeleko bi pista, makinen gimnasio bat eta erabilera anitzeko hiru areto egongo dira, eta kanpoaldean, bi frontoi erdi itxiak, kirol anitzeko bi pista, skate park bat eta atletismoko pista bat izango ditugu erabilgarri. 2023 amaieran hasi nahi dira eraikuntza lanak.

Jarraian eraikiko da kiroldegi berria Musakolan: barruko igerileku handi bat eta txiki bat, spa bat, kanpoko igerileku bat eta berdegune bat, erabilera anitzeko kantxa bat eta harmailak, rokodromoa, padeleko 2 pista, teniseko 2 pista, taberna, tatami espazioa, 5 areto balioaniztun, makina-gimnasio bat eta klubetarako beste bat. 2025ean hasi asmo dira eraikuntza lanak.

Iturripe birmoldatzeaz eta Musakolan kiroldegi berri bat eraikitzeaz gain, hainbat eskoletako kirol instalazioak hobetuko dituzte espazioak hobetzeko helburuarekin eta Mojategiko atletismo pista eta errugbi zelaia berrituko dira ere, “Arrasaten kirola egin ahal izateko aukera zabalduz, instalaziorik onenekin” adierazi dute jeltzaleek. 2024 eta 2025 artean burutu asmo dira lanok.

Kirol taldeak sendotzeko plan aitzindaria

Kirol instalakuntza berriak eraikitzeaz gainera, bertan protagonistak izango diren kirol elkarteak biziberritu, egonkortzeko eta sendotzeko plan aitzindari bat jarri nahi du EAJ-PNVk abian: “kirol elkarteak ezinbesteko dira gure kirolaren jardunean. Herritarren parte-hartzea sustatuko dugu kirol taldeetan, taldeetan errelebo aldaketa sustatu taldeen biziraupena bermatzeko eta baliabideak eskaini euren jarduna aurrera eraman ahal izateko. Kirol federatua sendotzearen aldeko bultzada irmoa. Elkarlanean egingo dugu herriko kirol taldeekin batera”.

Bide horretan, EAJ-PNVk nabarmendu du kirol elkarteentzako dirulaguntzak handituko dituztela %30ean. “Kirol lege berriak betebehar berriak ekarriko die klubei, eta gastuak ere handituko dira. Guzti horretan laguntzeko, alkatetzan jarraitzeko konfiantza eskaintzen badigute herritarrek, dirulaguntza lerroa handituko dugu”.

Bestalde kirol ikastaroak lekualdatu gura dituzte: “azken bi legealditan kirol eskaintza Uarkapera ere eraman dugu eta orain beste pausu bat emango dugu: Kirol Azpiegituren Maparen osatzearekin batera, auzoetako kirol guneetara eramango dugu kirol eskaintza.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen