EAJ-PNVk eskatu ditu haur-parkeen mantentzea “hobetzeko” eta musika-eskola ondokoa estaltzeko

0
2405

Udal-taldeak dio haur-parkeen egoera “okertu” egin dela, eta Zaldibarkoa jarri du “adibide” gisa, “hainbat” elementu hondatuta baitaude “udatik”.

Bigarren argazkia: Arrasateko EAJ-PNV.

Santa Barbara eta Obenerrekako parkeen “berritzea eta mantentze-lanetan jauzi bat emateko” ere eskatu du, familiei urte osoan zehar espazio “zaindu eta egokiak” eskaintzeko.

2015etik 2023ra EAJ-PNVk dozena bat haur-parke berritu zituen, eta Arrasate estalitako parkerik ez izatetik lau izatera igaro zen.

EAJ-PNVk “EH Bilduren Udal Gobernuari” haur-parkeen mantentze eta berritze lanetan “norabide aldaketa” eskatu dio.
Horrez gain, Juan Arzamendi Musika Eskola ondoko parkea estaltzea “beharrezkotzat” jo du.

Ander Garay bozeramaile jeltzaleak Zaldibarko parkea jarri du adibide gisa, “bertako txirristak eta armiarma-jolasak hondatuta daudelako udatik”.

Alabaina, Mondraberri bertan izan da gaur eguerdian eta gutxienez txirristetako bat hondatuta ez dagoela (goiko argazkian) ondorioztatu ahal izan du. ‘Armiarma saredun’ kulunka, ordea, hondatuta dago (hirugarren argazkian).

Haur-parkeek “askoz ere” arreta handiagoa merezi dutela iritzi dio Garayk. “Ezin dugu normaltzat hartu elementu bat hondatu eta konpondu gabe hilabeteak igarotzea”.

EAJ-PNVk gogorarazi du zortzi urtetan, 2015etik 2023ra, dozena bat haur-parke berritu zirela, “Udalak egindako” azterketa tekniko bati jarraituz, 1,5 milioi euro inguruko inbertsioarekin.

Gainera, “Arrasate estalitako parkerik ez izatetik lau izatera igaro zen: Cordoba y Oro, Uribarri, Gorostiza eta Makatzena”.

Legealdia honetan Udalak Zaldibarko eta Biteriko haur-parkeen zolua berritu ditu, 2025ean, baina EAJ-PNVren hitzetan “legegintzaldi honetan ez da parke bakar bat ere berritu”.

Ander Garay Zabaleta zinegotziak proposatu ditu “Santa Barbarako parkea berritzea eta izaera naturaleko parke bihurtzea” eta “Obenerrekako parkearen berritzea abian jartzea”.

Baita ere “prebentziozko mantentze-lanak hobetzea eta konponketak bizkortzea; eta Musika Eskolako parkea estaltzea”.

Santa Barbarari dagokionez, EAJ-PNVk gogorarazi du “2023tik aurrekontu-partida badagoela, eta adjudikazio-prozesua urtea amaitu baino lehen martxan jartzea” eskatu du.

Talde jeltzaleak azpimarratu du “erdigunean estalitako parke bat izateko beharra, gaur egun dauden lau parke estaliak auzoetan baitaude”.

Hartara, “anbizio handiagoa” eta kudeaketa “eraginkorragoa” eskatu dute. Arrasatek parke zainduak eta seguruak behar ditu, baina baita “gure haurrek urte osoan zehar jolasteko espazioak ere, euria egiten duenean ere”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen