EAJ-PNVk entzutean 428 kexa-iradokizun jaso ditu; hautes-bulegoa ireki du

3
1295

Alderdi politikoak, azken 8 urteetan gobernuan aritu dena, azaldu du herritarrengandik jasotako “proposamen gehienak auzoen ingurukoak direla”. Prentsaurrekoan alkategaiarekin batera ahaldun nagusirako hautagai Eider Mendozak parte hartu du.

Hauteskunde-kanpainaren usainean, EAJ-PNVk hautes-bulegoa ireki du Herriko plazan, Iturriotz kaleko 21ean.

Maria Ubarretxenak alkategaiak adierazi du “entzute ariketa bat egin genuela duela denbora bat. Horretarako etxeetara triptiko bana bidali genuen, arrasatearrei euren iritzia eskatuz”.

Alderdi politikoak galdetu zien ea Arrasaten “zein proiektu den beharrezko, zein gabezi ikusten duten, zein arlori emango lioketen garrantzia euren ustez eta euren iradokizunak”.

“Egia esan, oso pozik gaude, gaur-gaurkoz 428 proposamen jaso ditugulako, eta aste honetan proposamenak jasotzen jarraitzen dugu”. Online bidez kexen “%20” jaso dituzte.

Prentsaurrekoaren bitartez, alkategaiak arrasatear “guztiei” eskerrak eman dizkie, erantzunak idazteko “hartutako denboragatik”.

Baina zertaz kexatu dira edota zer proposatu dute arrasatear horiek? “Proposamen gehienak auzoen ingurukoak dira: auzoei garrantzia ematea, irisgarritasuna, berrurbanizazioak, garbiketa…”.

“Adibidez Gorostizatik jaso dugu igogailu bat egiteko eskaera, baita San Josepetik, San Andrestik, Agerre kaletik, Otaloratik, Garagartzatik, Legargainetik,… eskaerak ere”.

Tokiko merkataritzari buruzko kexa “asko aurkeztu dira: berau bultzatu behar dugula, gure kaleak bizirik nahi baditugu beharrezkoa dela,…”.

Bestalde, txakurren gorotzen inguruko “sentsibilizazio-kanpaina bat eta ordenantza bat eskatu dira, patinete elektrikoen erabilera erregulatzeko, kirol-instalakuntza berriak eta duinak,…”.

TAOari buruzko iradokizunak ere izan dira: “batez ere koloreak erraztea [funtzionamendua erraztea], TAOrik gabeko kaleetan txartela lortu ahal izatea, eta hori da adibidez Itxaropenako bizilagunek egindako eskaera”.

Garbiketari dagokionez, “Mankomunitatearen eskumena den arren, eskatu dute edukiontziak txartelik gabe ireki ahal izateko, edukiontzien inguruan pilatzen den zaborrarekin zerbait egiteko,…”.

Terrazen inguruko ordenantza bat exijitu da, eta “zerbitzu ezberdinak Arrasatera ekartzea (NANa berritzeko, Kontsumobide)”. Langabeziari dagokionez “batez ere gazteen enplegua bultzatzeko”.

Iraunkortasunari helduta “berdegune gehiago jartzea” beharrezkoa ikusten da, eta aldaketa klimatikoren aurkako “borrokan jarraitzea”. Baita autobus geltoki estalia ere.

Drogomendekotasunari aurre egiteko “estrategia berriak eta programak martxan jartzeko” exijitu da. “Artxibo historikoa ekartzea” eta adineko pertsonendako “co-housinga” ere eskatu dira.

Era berean, Udaltzaingoaren “presentzia kaleetan handitzea, oinez gehiagotan ikusi nahi dituztelako. Baita ibilgailuen abiaduraren kontrola ere”.

Eider Mendoza foru-hauteskundeetako EAJ-PNVren hautagaiak azpimarratu du “aurreko astean soziometroa aurkeztu genuen, eta nik uste, soziologoek askotan azpimarratzen dutenez, mundu-mailan eta Europan oso argi ikusten da herritarrak erakundeengandik oso urrun sentitzen direla”.

Nabarmendu duenez, “soziologoek Gipuzkoako kasua ezohikoa dela diote: [herritarrek] politika oso urrun sentitzen dute, baina erakundeak gertuago sentitzen dituzte”, Europako “gainontzeko” lurraldeetan baino.

Hautagaiaren iritzian arrazoi bat egon badago: “lankidetzazko gobernantza da gakoa”, eta horretan “aitzindariak” dira “Eusko Alderdi Jeltzalekoak”. Halaber, “gainontzekoak” beharrezkoak dituzte “elkarrekin etorkizuneko proiektuak aurrera eraman ahal izateko”. Baita zerbitzu publikoak “egoki” disenatzeko ere.

Gaurko prentsaurrekoan alderdiak hautes-bulegoa irekiera bistaratu du. Iturriotz kaleko bulegoa zabalik izango da “astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara”.

Bulegoaren helburuak dira “posta bidezko botoa egin ahal izatea eta arrasatear guztiak gure bulegotik pasatzera animatzen ditugu”.

Batzokia kale berean dago, 100 bat metrora, eta horren inguruan galdetu diogu EAJ-PNVri. Alkategaiak erantzun du hauteskunde “guztietan bulego bat ireki izan dugula, Erdiko Kalen esaterako. Bestea alderdi batzuek ere ireki izan dute”.

Ahaldun nagusirako hautagaiak gehitu duenez, bulegoak alderdia herritarrengana “hurbiltzea du helburu, euren kezkak argitzeko, egin beharreko gestioak egiteko, ate gehiago irekitzeko”.

3 IRUZKIN

  1. Oso ondo, eta non daude azken 8 urteotan jaso dituzuen kexak?Horietako asko erantzun ere ez. Baina hauteskundeetan dena da gardena eta polita. Zurikeriarik ez, mesedez.

  2. Lotsa sentitzen dut ikustean nola Arrasateko alkatetzak ia egunero erabiltzen dituen bere mesedetan Mondraberri eta Goiena. Beste
    alderdiek Madrilen egiten duten bezela. Nire buruari galdetzen diot, burua garbi edukitzeko, ez litzatekeen erasoagoa izango komunikabide horietatik harpidetza kentzea. Nahikoa da.!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen