Egungo Udal-Gobernuak deitutako herri-galdeketan, aurreko Udal-gobernuak “duela 4 urte” hartutako erabaki “estrategikoa berretsi” da EAJ-PNVren esanetan.
Argazkia eta beheko testua: EAJ-PNV.
Guztira, 4.268 arrasatearrek hartu dute parte autobus geltokiaren kokapen iraunkorrari buruzko kontsultan, eta botoen %75ak Zalduspe aukeraren alde egin du, Laubidek lortutako %25aren aurrean. Emaitza honek, berretsi egiten du EAJ-PNV eta PSEren gobernuak lau urte lehenago hartutako erabaki estrategikoa, geltokia behin-behinean Zalduspera eramatea erabaki zutenean.
Talde jeltzaleak hasieratik defendatu du Zalduspe dela autobus geltokirako kokapen onena, herritarrei eta udalerriari onura gehien eskeintzen dien lekua delakoan. Alderdiak azpimarratu du, kontsulta honek 2019an hartutako erabakia legitimatzen duela, EH Bilduk Laubide proiektua alternatiba gisa bultzatu zuen unean. Orain, herritarrek gehiengoz babestu dute Zalduspe, urte hauetan EAJ-PNVk defendatutako jarrera sendotuz.
EAJ-PNVk eskerrak eman dizkie prozesu honetan parte hartu duten herritar guztiei, kontsulta honek demokrazia eta herritarren parte-hartzea sustatzeko garrantzia azpimarratzen duelako. Halaber, Udalari eskatu diote arduraz jokatzeko eta autobus geltoki berriaren proiektua garatzeko, herritarren beharrak asetzeko beharrezko zerbitzuak izango dituela bermatuz.
Talde jeltzaleak adierazi du etorkizuneko Zalduspeko geltokia espazio funtzional eta modernoa izan behar dela, instalazio erosoak, itxiak eta argiztatuak barne hartuz; kafetegia, zerbitzu egokiak eta ibilgailuentzako lurpeko aparkalekua ere sartuko lirateke. Gainera, proiektuaren exekuzioan atzerapen alferrikakoak ekiditea beharrezkoa dela nabarmendu dute, diseinua eta esleipena 2025erako amaituta egon daitezen proposatuz.
EAJ-PNVk uste du kontsultaren emaitzak ez duela soilik erabaki estrategiko garrantzitsu bat berresten, baizik eta Arrasate hobeto konektatu eta funtzionalago baterantz bidea markatzen duela. Proiektu honetan aurrera egitearen erantzukizuna Udalaren esku dago orain, Zalduspeko autobus geltokia ahalik eta denbora laburrenean errealitate bihurtzeko ardura hartuz.





ze ondo , danok alde!!
“Talde jeltzaleak adierazi du etorkizuneko Zalduspeko geltokia espazio funtzional eta modernoa izan behar dela, instalazio erosoak, itxiak eta argiztatuak barne hartuz; kafetegia, zerbitzu egokiak eta ibilgailuentzako lurpeko aparkalekua ere sartuko lirateke.”
4 urte eta gehiago dira autobusa Zalduspera eraman zenetik eta oraindik ez dago modu dezenterik herriko beste puntatik Zalduspera arin heltzeko.
Eta zer diote honek? Autobus geltokiak aparkaleku subterraneo bat eduki behar duela kotxeentzat, arrasate funtzionalago bat lortzeko. Benga joan zaitezte pikutara.
Nahikoa denbora da Arrasateko urbanoan linea pare bat gehiago sartu behar zirela urbanoak lanzadera moduan funtzionatzeko.
Unibertsitatea, Garaiako poligonoa eta herritarren zati handi bat herriko beste puntan gaude, 30minutura oinez edota 30-35 minutura urbanoz.
Baina ez, goazen aparkaleku bat sartzera autobus geltokiari jendeak kotxea har dezan autobusera heltzeko. Zoratuta gauda ala zer?!
Autobusa Zalduspera mugitzeko lehen pausoa urbano hobetzea izan behar zuen geltokia mugitu aurretik.