EAJ-PNV: “Trantsizio energetikoan pertsona erdigunean jarri behar dugu”

0
1006

Hauteskundeetako aurrekanpainaren baitan, EEE erakunde publikoko lehendakariak azpimarratu egin du Legebiltzarrak aurten onartutako Trantsizio Energetiko eta Klima-aldaketari buruzko Legea. Halaber, nabarmendu du Leintz Bailarako Ekiolak “herritarrak erdigunean jartzen dituela”. Horren garrantzia azpimarratu du ere Agurne Juldain Legebiltzarrerako hautagaiak.

Hauteskunde autonomikoen bozka-egunerako hilabete inguru falta da, eta EAJ-PNVek gaur goizean agerraldia egin du Arrasaten.

Iñigo Ansola Kareagak (Energiaren Euskal Erakunde publikokoa) aurrekanpainako ekitaldi honetan parte hartu du.

Bertan izan dira ere Legebiltzarrerako Debagoieneko hautagaiak, besteak beste, Arrasateko Agurne Juldain Alcalde.

Ansola Kareagak azpimarratu du 2024ko otsailean Legebiltzarrak Trantsizio Energetiko eta Klima-aldaketari buruzko Legea onartu zuela. Legearen alde EAJ-PNV, EH Bildu eta PSEk bozkatu zuten.

Era berean, adierazi du Legeak “gidalerro bat ematen digula hemendik 2050era zelan lantzen joan behar dugun klima-aldaketari aurre egiteko”.

Ildo honetan baieztatu du energiek “sekulako eragina dutela klima-aldaketarengan”, eta Legeak ere markatzen duela “arlo honetan ere zein urrats eman behar ditugun”.

Adibidez, “energia gutxiago kontsumitu behar dugula, eta ildo horretan helburu zehatz batzuk jarrita daude”. Halaber, Legeak adierazten du energiak kontsumitzean “iturri berriztagarrietatik datozenak kontsumitzeko urratsak eman behar ditugula”.

Baieztatu duenez “politika energetikorik onena ahalik eta energia gutxien erabiltzea da”, eta helburu “zehatzetako bat da, 2030era begira, %12 energia gutxiago kontsumitzea, eta 2050era begira, %37 gutxiago”. Legeak adierazitako hori “sekulako urratsa da”.

Erakunde publikoko ordezkariak azpimarratu du “azken 42 urteetan”, eraginkortasun mailan “jarritako neurrei esker”, energiaren kontsumoa “%50 jaitsi dela”.

Nabarmendu duenez “gure Barne Produktu Gordinak gora egin ahala, energiaren kontsumoa behera egin du, desakople bat lortu da”.

Baieztatu du “ekonomia zirkularra bultzatu behar dela, gauzak birziklatu eta berrerabili behar ditugula, edozein zabortegira edo erraustegira bota baino”.

Trantsizio energetikoan “Legeak dioen bezala, herritarrak erdigunean jarri behar ditugu. Hau ez da enpresa pribatu baten zeregin bat, hau ez da administrazio publikoen zeregin bat, eta aldi berean, bada enpresena eta administrazio publikoena ere”.

“Baina zalantza barik herritarren eta gizartearen helburu bat izan behar da, bai deskarbonizazioan baita klima-aldaketari aurre egiteko ekimenetan parte hartzea ere”.

Helburu horrekin “makina bat proiektu gabiltza burutzen, eta hemendik aurrera abiatzen den edozein proiektu berriztagarri herritarrei gutxienez %20 eskaini behar zaie jabetzan parte har dezaten”.

Legeak ere “helburutzat jartzen du Eusko Jaurlaritzak berak bere aurrekontuetan gutxienez %2’5 kontuan hartu beharko dituela horrelako proiektuak egiten joateko, Legeari babes bat emateko”.

EAJ-PNVko ordezkariak azpimarratu du Arrasaten komunitate energetiko bat “martxan jarrita dagoela, lehena da eta horrek ez du esan nahi azkena izango denik, guztiz kontrakoa esango nuke nik”.

Leintz Bailarako Ekiola proiektuak “herritarrak erdigunean jartzen ditu” eta “norberak etxean kontsumitzen duen argindarra sortzeko aukera da”.

Horrelako proiektuak “Erkidego guztian zabaltzen dihardugu, eta modu honetako geroz eta proiektu gehiago ikusiko ditugu”.

Prentsaurrekoan ere Agurne Juldain Alcaldek parte hartu du, honakoan Legebiltzarrerako hautagai bezala.

Adierazi duenez EAJ-PNVek “urteak daramatza energia berriztatzaileekin, trantsizio energetikoaren gaiaren inguruan”.

Izan ere, “gai oso potoloa da, gizartean eragin handia duena, eta garrantzitsua da orain arte egindako lanari jarraipena ematea, horretan gabiltza”.

“Garrantzitsua da autokontsumoaren eredua finkatzea, herritarrak sentsibilizatzea, zeren eta gure esku eragin handia baitago”.

“Batzuetan pentsatzen dute besteek egin behar dutenaren inguruan, eta ez gara konturatzen herritar bakoitzak, autokontsumo eredu bati jarraituta”, bere “hazi”, ale, “txikitxoaren bitartez, gauza handiak egin daitezkeela”.

Horren inguruko sentsibilizazioa “oso garrantzitsua da, gai hau oinarrizkoa da, ez gara konturatzen askotan gure gain eragina izango duela, bai positiboa, bai negatiboa”.

“Horregatik guretzako oso garrantzitsua da gai honetan sakontzea, lantzen jarraitzea, ereduak bultzatzen jarraitzea”.

Leintz Bailarako Ekiolaren “eredua hasiera batetik jarraitu behar dugu, eta zein garrantzitsua da sentsibilizazioaren bitartez herritarrak konturatzea eman daitekeela bai berarentzat, bai ingurumendarentzat, bai gizarte osoarentzat”. Halaber, “pertsona erdigunean jarri behar dugu, pertsonari positiboki eragingo diolako”.

Epeleko zabortegia ez duela berrirekiko iragari zuen atzo Mankomunitateak. Horren inguruan Mondraberrik bi hautagaiei galdetu die, baina horren inguruko adierazpenik ez dute egin.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen