EAJ-PNV nagusien bulego baten eta Eco Co-Housing-aren alde azaldu da

2
1006

Udal_hauteskundeei begira, Maria Ubarretxena alkategaiak iragarri du asmo eta proiektu horiek bere alderdiaren “hauteskunde-programan izango direla”.

Atzo goizean Arrasateko EAJ-PNVek agerraldia egin zuen Arano eta Garcia maisu-maistrak kalean.

Alderdiak iragarri zuenez “gure hauteskunde-programa puntuz puntu azaltzen joango gara komunikabideei. Bukaeran, programa osoa jendeari helaraziko diogu”.

Atzoko agerraldian adineko pertsonei zuzendutako bi proposamen izan zituen hizpide.

Maria Ubarretxena alkategaiak adierazi zuen “EAJ ere Nagusien Kontseiluarekin bildu zela”, eta kontseiluak egindako eskakizunak “kontuan izango” dituela. Hitzeman zuenez, kontseiluaren eskaerak “gure programaren baitan joango dira”.

Arrasateko Nagusien Kontseiluak, apirilean Arrasateko alderdiei eskatu zien Udalak “nagusiaren zinegotzigoa” sortzea, “gazteriarena dagoen bezala”.

EAJ-PNVek, atzoko prentsaurrekoan azaldu zuenez, ez du eskaera hori bere programan sartu, baina bai “nagusien bulego berezi bat sortzea”.

Gaur egun “ez da bulego hori existitzen”, eta balizko zerbitzu horretan “udal-teknikari bat” izango litzateke “nagusien erreferentea”.

“Asmoa da zentroan irekitzea eta irisgarria izatea, baina baita ibiltaria izatea ere, eta auzoetara bertaratzea ‘ventilla única’ hori”.

Horretarako, “auzo-alkatetzen lokalak erabiliko” lirateke eta “erdialdeko lokala, ordea, iraunkorra” litzateke.

Mondraberrik galdetu dio ea balizko bulego horrek zein zerbitzu eskainiko liekeen nagusiei: “Denetariko zerbitzuak”, erantzun zuen alkategaiak.

“Argindarraren fakturen inguruko informazioa ematea adibidez, baita nagusien zalantzak argitzea ere, besteak beste”.

EAJ-PNVek gogoratu du arrasatearren %25 65 urtetik gorakoa dela, eta herritarren %12k 75 urte baino gehiago dituela.

“Gipuzkoako batez bestekoa %10’6koa da, eta beraz Arrasateko batez bestekoa harago egongo ginateke”.

Halaber, EAJ-PNVek “begi onez” ikusten du La Merced ikastetxe ohian “egingo den, edo guk bultzatuko dugun, Eco Co-Housing proiektua”.

“ISEA kooperatiba egiten eta bultzatzen ari da proiektua, Aldundiaren laguntzarekin, eta Adinberri markoaren gainean”.

“Dagoeneko harremanetan gaude Mesedeetako mojekin proiektu honen gainean, apur bat. Uste dugu herriak proiektu horren behar handia duela”.

Bere hitzetan, Arrasate “erreferente” izan daiteke holako proiektu bat abiatzean. Lehenago azaldu izan den bezala, Eco Co-Housingak erraztuko luke belaunaldien arteko harremana”.

Mondraberrik galdetu zuen ea zertan den proiektua egun. EAJ-PNVek azaldu zuenez, atzo goizean “MUn aurkezpen bat” egin zen, izan ere, “MUko diseinua lantzen duten ikasleek Eco Co-Housing barruko altzariak diseinatuko dituzte”.

Proiektuaren inguruan falta da “proiektuaren kostua zehaztea, eta ondoren negoziaketa batzuk abiatu beharko dira jabeekin”. Alderdiak planteatzen du “zerbitzu publiko bat” izatea.

2 IRUZKIN

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen