Droga-mendekotasun arazoak dituzten pertsonen familientzako laguntza taldea Arrasaten

0
527

Psikologo baten gidaritzapean, talde horren helburua da laguntza eta kontraste emozionalerako espazioa eskaintzea, egoera gatazkatsuak kudeatzeko orientazioa ematea edota laguntza baliabideak eskaintzea, besteak beste. 

Asmoa da hamabostean behin Etxaluzeko lehen solairuan biltzea. Parte hartzeko interesa dutenek Udaleko Gizarte Zerbitzuekin jarri behar du aurrez harremanetan, 943 25 20 07 telefonoan.   

2018az geroztik, Arrasateko Udalak lan ardatz finko gisa du droga-mendekotasuna eta kontsumoaren prebentzioa. Horretarako, lankidetza hitzarmena du sinatuta San Juan de Dios ospitalearekin eta urtero, herriko gazteei zuzenduriko programa psikopedagogiko bat lantzen dute herriko ikastetxeekin elkarlanean,  ikasleei drogen eta, oro har, horien kontsumoaren eragin eta ondorioen inguruko informazioa eskaini eta ezagutzera emateko. 

Oraingoan, baina, lan-ildo hori herriko ikastetxeetatik haratago zabaldu nahi izan du Udalak eta horri jarraiki, mendekotasun arazoak dituzten pertsonen familiei zuzenduriko laguntza programa bat jarri du martxan. 

Programa horren baitan, laguntza talde bat osatu nahi du Udalak, droga-mendekotasun edota kontsumoaren eraginez une zail eta gogorrak pasatzen ari diren familia eta pertsonei sostengu emozionala eskaintzeko. 

Horrela, psikologo baten gidaritzapean, familia horiei laguntza eta kontraste emozionalerako espazio bat eskaini nahi zaie, egoera gatazkatsuak kudeatzeko orientazioa emanez, substantziei lotuta sor daitezkeen arazoen konplikazioak edota etxean sor daitezken gatazkak prebenituz eta guzti horretarako laguntza baliabideak eskainiz. 

“Droga-mendekotasunak sufrimendu handia eragiten die lehenbizi, mendekotasun hori  duten pertsonei baina, baita, modu zuzenean, inguruan dituztenei ere, gehienetan, familia-kideak. Sarritan, azken horiek ez dakite nola jokatu edota laguntzeko zer egin eta horrek frustrazio eta tristezia eragiten ditu. Sentimendu horiei, gainera, mendekotasuna duen pertsonarekiko lotura emozionala gehituz gero, familia horiek mugaraino eraman eta eztanda egiten dute. Hori dela eta, Udaletik, barrena hustutzeko espazio bat sortu nahi dugu familia-kide horientzat, nolabait beraien karga eta tentsio emozional hori arintzeko espazioa, alegia, egoera berean dauden pertsonekin esperientziak partekatu, elkarri lagundu eta psikologo baten orientazioarekin, egoera horri aurre egiteko gakoak, aholkuak edota gomendioak eskaintzeko”, azaldu dute Udaletik. 

Gauzak horrela, laguntza taldea hamabost egunez behin bilduko da, Etxaluzeko lehen solairuan 18:00etatik 20:00etara eta parte-hartzeko interesa dutenek, Udaleko Gizarte Zerbitzuekin jarri beharko du aurrez harremanetan 943 25 20 07 telefonora deituz. 

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen