Dragoiaren bidearen mugarriak [Testua: Ramon Ugalde]

11
1291

Arrasateko dragoiaren inguruan istorio bat baino gehiago daude, aldaera desberdinak: kontakizun batzuetan dragoia egunero jaisten zen, besteetan urtean behin, batzuetan neska bat eramaten zuen, besteetan gizon bat, batzuetan aipatzen da Murugainen bizi zela, besteetan ordea Olandixotik behera etortzen zela aipatzen dute non bizi zen zehaztu gabe ….

Dragoia akabatzeko moduaz ere hipotesi desberdinak kontatzen dira: aldaera zabalduenean kontatzen denez Arrasateko andreek argizarizko panpina bat egin zuten dragoia engainatzeko. Neska polit baten irudiko argizarizko panpina bat egin zuten eta dragoia panpina hori irensten hasi zenean ahoa trabatu zitzaion eta Arrasateko mutilek aprobetxatu zuten burdinazko barra goriekin dragoia eraso eta hiltzeko.

Beste aldaera batean, ordea, mutil indartsu batek Arrasaten itxaron zion dragoiari eta dragoiak, bertara iritsi zenean, salto handi bat egin zuen mutila bere oinpean harrapatzeko asmoarekin. Baina mutila ikara eginaz apartatu egin zen eta dragoia jausi egin zen. Mutilak aprobetxatu zuen dragoiari Arrasateko okindegiko labean berotutako palanka bat ahotik sartzeko. Nik uste dut dragoiari, edo dragoia irudikatzen duen hegoaldeko tropa musulmanei, tranpa bat prestatu ziotela mondragoetarrek, bidean egindako zulo batean erori zela dragoia. Tapatutako zuloak ere oraindik erabiltzen dira gerra teknika moduan.

Dena dela artikulutxo honen xedea dragoiaren istorioetan aipatzen diren lekuen errepasotxo bat egitea baino ez da. Nik neuk ere orain dela gutxi arte ez dut ezagutu non zeuden leku horiek. Goazan bada:

Intxaurrondo

Gasteluondoko bidean dagoen tokia, arrasatearrek bertan jartzen zuten dragoiak eraman behar zuen neska.

Txosagorri edo Txozagorri

Leku honetan ere uzten zuten  neska (edo mutila) dragoiak eraman zezan jateko

Arrasate

Bertan akabatu zuten dragoia, leku horretan gainera lurperatuta ei dago.

Ezkerreko aldean ikusten denez horma altu bat dago. Horrek esan nahi du lurra “jan” egin dutela, garai batean Arrasate pasealekua eta Olandixoko bidearen arteko lotura etzanagoa izango zen. Gure aurrekoek bidea horrela moztu zuten, ebaki horrekin, Olandixotik jaisten zen dragoia ( edo dena delakoa) oztopo bat jartzeko helburuaz? Kontakizunetatik ondorioztatu daiteke dragoia “ erori” egin zela. Baliteke.

Arrasateko panaderixie

Arrasateko okindegian berotu zuten burdinazko palanka bat dragoiari ahotik sartzeko.

Arrasategaina

Dragoia hemendik jaisten zen Arrasatera, bere buztanarekin zabaldutako bidetik. Bidearen jarraipen naturala zein den garbi ikusten da. Hortik behera amildu zen, jausi zen dragoia?

Kristo edo Montekristo

Leku honetan dragoiaren kontrako garaipena ospatzeko elizatxo bat eraiki zuten: Santa Cruz de Olandiano. XVI. mendean dokumentatuta dago San Juan Parrokiako abadeek bertan egiten zituztela konjuroak  herria ekaitzetatik libratzeko.

Olandixo

Dokumentu zaharretan Olandiano moduan agertzen da, baserri txiki bat zen eta badirudi elizatxo zaharraren harriak berrerabili zituztela baserria handitzeko. Sarrerako arku zorrotza baliteke eliza zaharrarena izatea.

Hemen aipatu ditugun leku guztiak garai batean San Andres auzokoak ziren. Eta izen horrek zerbait esaten digu? San Andres, santu moduan, Erdi Aroko kristau tradizioan garaipen militarrarekin lotuta dago. San Andresko gurutzea ere garaipen militarrak ospatzeko erabiltzen da. Eskoziako banderan ere San Andresko gurutzea dago jarrita. Arrasateko bandera ere San Andresko gurutze bat da? Nik baietz esango nuke.

Eta auzoaren izena garaipen horrekin dago lotuta? Baliteke.

Eta nondik dator Bedoñabe izena? Bedoñabe San Andres auzoko baserri bat zen, baina ez zegoen Bedoña pean, Mandoña edo Olandixo pean baino. Bedoña toponimiari buruz Euskaltzaindikoek diotenez Akitaniako Bedus edo Erromako Bedonius batetik ei dator. Bedus edo Bedonius jauntxo batzuk izan ziren lurralde horretaz (Bedoñaz) jabetu zirenak eta bere izena jarri zioten bere jabetzari (esan dezadan bide batez hipotesi honi erabat barregarria irizten diodala).

Baina Fritz Gravens hizkuntzalari alemanaren arabera toponimian agertzen den berba hasierako – BED hori bidearekin lotu behar da. Eta Bedoña hori bide mota bat izango litzateke, bide hondoratua agian? Leku izen hau bidearekin lotzen badugu Bedoñabek leku izen moduan azalpen bat edukiko luke. Eta Mandoña ere izan daiteke Bedoñaren bilakaera bat: Hasierako B, M batekin ordezkatu eta gero kontsonante aurrean sudurkari bat sartu. Nasalizazioa moduan ezagutzen den fenomenoa: gurean nahiko zabalduta dagoena: ermita ermiNtta bihurtu dugu eta Kanpazar barik KanpaNzar esaten dugu.

Erlazionatutako artikulua:

Holloway: Dragoiak bere buztanarekin irekitako bidea

2021eko ekainaren 18an argitaratutako artikulua

11 IRUZKIN

  1. Herensugearen, barkatu, dragoiaren kondaira, Europan zehar errepikatzen den kondaira da, Ingalaterran, Frantzian, Errusian… Erdi Aroan sortu zen, eta kristau jatorria du, non herensugeak deabrua edo/eta paganismoa sinbolizatzen duen, eta ez musulmanak. Ingalaterrara eta Errusiara ez ziren musulmanak iritsi, (kristautasuna bai ordea). Ziurrenik Arrasate, barkatu, Mondragoe, ez da salbuespena izan ildo horretan.

  2. Bueno Olentzero, musulmanen erasoaldiak euskaldunen kontra dokumentatuta.daude, X- XI. mendera arte. Urtero etortzen ziren gugana zergak kobratzera, gizon eta emakumeak esklabu bihurtzeko hain zuzen. Dragoia, herensugea,( Al Andalusko soldadu ostea) ere urtero etortzen zen gizon zein andra eramateko. Garai hartan Euskal Herriko mendebalde hau Araba moduan ezagutzen zuten.Erretanan ( Retana) ere beste geldialdi bat egiten zuten musulmanek presoak batzeko.
    Alemaniako tradizioan dragoiak erromatar legioak islatzen du. Paganismoarekin lotzeak ez dauka zentzu handirik.Arrasateko garaipen hau Orreagakoa bezain garrantzitsua izan zen guretzat. Historia da ez mitologia

  3. Ahhh….eta zein dokumentutan agertzen da Arrasatearrak musulmán gudarozteri oldartu zirela zerga horretaz libratzeko garaipena lortuz? Non izan zen borroka? Zein urtetan? Aztarnarik? Orreagakoa dokumentatuta dago, ikertua, data, protagonistak etab…bestea txorrada bat iruditzen zait, beste bat…

  4. Dragoiaren historia monarkiak asmatutakoa izango da segurutik. Izan ere, musulmanen erasoaldiak kristau erregeen konplizitatearekin egiten ziren gehienetan. Eta gerora erresuma horiek indartzen joan zirenean kolaborazionismo hori disimulatzeko modua dragoiarena asmatu zuten. Iruñeako buruzagiek euren alabak bidaltzen zituzten Kordobara. Kordobako kalifen harenetan lehentasuna izaten zuten emakume euskaldunak( baskoiak). Kordobako kalifatoak esklabu pilo bat behar zituen eta baita emakumeak ere. Dragoiaren kondairak zentzu historiko guztia hartzen du lotzen badugu musulmanen razziekin: urtero egiten ziren, soldaduak iladan ibiltzen ziren, esklabuak lortzeko egiten ziren. Dragoiak sua botatzen zuen ahotik( musulman armadek baskoien uztak erretzen zituzten presioa egiteko) . Udaberria/ udan iristen zen gurera.
    Urtero gertatzen zenez etsita egongo ziren gure aurrekoek eta.zotzean erabakiko zuten nor eraman behar zuten musulmanek. Araututa zegoela ere badakigu: Intxaurrondon edo Txosagorrin egiten zuten bortxazko ” emaitza”
    Baina azkenean eraso horri aurre egitea erabaki zuten. Nola? Panpina bat erabiliz edo beste mota bateko tranparen bat prestatuz. Non? Arrasaten.Al Andaluseko gure kontrako erasoak oso dokumentatuta daude. Arrasateko gertakizuna herriko miliziak lortutako garaipen militar bat izan zen. Baina historia garaileek idazten dute, gerora kristau erresumak nagusitu ziren eta dragoiarena asmatu. Gure kasuan Gaztelako erresuma.

  5. Suposizio batzuk besterik ez dira Ramon, inongo frogetan oinarritzen ez den hipotesi xelebre bat besterik ez…

  6. Hipotesi xelebrea? Musulmanak lau mendeetan ibili ziren gure lurraldearen kontrako erasoak egiten. Gure aurrekoek egindako burrukek ez dute inolako aztarnik utzi? Ba bai, utzi dute, kasu honetan dragoiaren historiaren bitartez. Funtsean Kordobako kalifatoa bisigotuen Hispaniako erresumaren jarraipena izan zen.Orreagakoa aipatzen da, baina dokumentuetan baskoiak barik sarrazenoak dira frankoei frente egim zietenak.
    Dena dela dragoiarena paganismoarekin lotzeak ez dauka inolako zentzurik. Egutegi eta ordutegi zehatz batekin funtzionatzen zuen dragoi bat? Neska baten argisarizko irudi batekin bero bero jartzen zen dragoia? Nortzuk ziren paganoak? Eta nortzuk kristauak? Dragoia? Arrasatearrak?
    Zurea bai hipotesi xelebrea
    Jakingo duzu, bestslde,Olentzerok gurean ehun urte baino tradizio motzagoa duela ezta?

  7. Inolako frogarik gabeko hipotesia zurea da Olentzero. Dragoiarena paganismoarekin lotzearena alegia. Ordutegi eta egutegi zehatza jarraitzen duen dragoi bat.Zelako dragoi arraroa. Emakumeak jatea gustuko duena….Nortzuk ziren kristauak? Mondragoetarrak? Edo dragoia zen kristaua eta mondragoetarrak paganoak?
    Musulmanak ia lau mendetan ibili ziren gure kontrako erasoak egiten, nola ez zuen utziko aztarnaren bat?
    Ah, Olentzero: badakizu Olentzeroarenak gurean ez duela inolako tradiziorik ezta? 80 urtera ez da iritsiko ohitura hori. Mondragoeko kaletar batzuen artean zabaldu zen pixkat, joan zen mendearen 30. hamarladan.

  8. Esaten duzun guztiak ez du frogatzen Arrasateko herensugearen kondairaren jatorrian mairuen zergaren aurka Arrasatearren oldartze eta garaipena egon zenik…

  9. Kondaira honen elementu guztiak esplikatzen dira Al Andalusen aurkako baskoien borroken teoria honekin: urterokotasuna, erabiltzen zuten bidea, hegoaldetik zetozen, gizakiak behar zituzten euren sistema esklabista eta demografikoki ahulari eusteko, herri milizien sorrera, burdinaren teknologiaren garapena gerrari ekiteko, gerra informaleko teknikak. Eta guzti hori ulertu nahi duenarentzat dragoiaren kondairetan dago dokumentatuta.Musulmanen kroniketan ere aipatzen dituzte Araba erasotzeko egiten zituzten razziak. Gure territorioa Araba zen. Zehazki.Arrasate ez.dute aipatzen, eta euren derrotak are gutxiago. Iraganean gertatu zena ondo jakitea ez da erraza, baina Historia ezagutzeko edo jakiteko lejendak oso lagungarriak dira. Eta horiek ere dokumentu historikoak dira

  10. Buklean sartzen naiz? Eta zure aldetik ezer gehiago esateko ez daukazula?Debate honen hasieratik ikusten zen historiaz ez duzula asko ulertzen eta zure asmoa zentzunbakokeriak botatzea baino ez dela izan.
    Orreagakoa aipatu duzu ondo dokumentatuta dagoen gudua moduan. Ba jakin zazu dokumentuetan frankoei kontra egiten dietenak ez direla baskoiak sarrazenoak baizik. Hala! Hasi ikasten! Eta debate historikoetara argumentuak ekarri hurrengorako.Zintzotasun zientifiko minimoa izango bazenu zure dragoiaren azalpen mitolojikoa eman beharko zenuke…
    Baina hasiko zara lanean, Olentzero? Edo pipa erretzen eta ardo botillak edaten jarraituko duzu?

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen