Dragoia Arima jugger taldea jokalari bila dabil

0
733

Argazkia: MB artxiboa.

Arrasateko Dragoia Arima jugger taldea jokalari bila dabil uztailean Eibarren ospatuko den munduko txapelketarako. Taldetik azaldu digutenez, “batez ere adin nagusiko jokalariak bilatzen ari gara, mota honetako txapelketetan parte hartzeko beharrezkoak diren baimen eta aseguruak direla eta.” Hala ere, argitu dute “kirol hau 12 urtetik aurrera egin daitekeela, eta 14 urtetik aurrera parte har daitekeela, gurasoen edo tutoreen baimenarekin, txapelketetan. Ez da beharrezkoa esperientzia izatea, eta helburua ondo pasatzea da.”

Dragoia Arima taldea iaz sortu zen. “Orduan 5 jokalarik osatzen genuen taldea, baina hainbat arrazoirengatik batzuek taldea utzi dute. Gutxienez 3 jokalari beharko genituzke, eta gehiago badira, hobeto. Horrek partiduetan aldaketak egiteko aukera emango liguke.” Normalean taldeak ostiraletan entrenatzen du, arratsaldeko 17:00etan Arrasaten. “Aldai parkean edo ikastetxeren bateko patioan entrenatzen dugu. Gure Instagram @dragoiarimajugger orrialdearen bidez informatzen dugu non izango da entrenamendua.”

Izena emateko edo informazio gehiago izateko, Instagrameko orrian @dragoiarimajugger edo 673656258 telefono zenbakian (Xabi) jar daiteke harremanetan taldearekin.

Jugger kirola

Jugger 1989tik 1995era Alemanian sortutako kirol jarduera bat da, ‘La sangre de los heroes’ filmean oinarritua. Errugbiko elementuak eta esgrima uztartzen ditu. Trebetasunean eta estrategian oinarritzen da, ez jokalarien indarrean. Araudiak une oro mugatzen ditu kolpe gogorrak eta jokalarien arteko kontaktu fisikoa. Bost jokalariko bi talderen arteko harremanetarako kirol mistoa da.

Juggerreko Munduko Txapelketa Eibarren

Uztailaren 21etik 23 Juggerreko World Cup Championship jokatuko da Unben. Suedia, Kolonbia, Alemania, Frantzia, AEB, Irlanda, Australia, Mexiko, Danimarka eta beste hainbat herrialdetako taldeek hartuko dute parte bertan, guztira 500 lagun inguru arituko direlarik, antolatzaileen ustez.

Txapelketa hiru fasetan banatuko da: sailkapena, berrantolaketa eta kanporaketak. Horrela, taldeak hiru tokitan banatuko dira, egunero 9:00etatik 17:00etara jokatzeko. Finala uztailaren 23an jokatuko da, 15:00etan.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen