Bolintxo-Lana eta JMA taldeetako lagunek lan oso ona egin dute Arronizen, Mendaron nahiz Balmasedan.
Argazkiak: Lokatza Ziklismo Eskola eta Elgoibarko Lagun Taldea.
Larunbat goizean, Balmasedan, Espainiako Kopan, Bolintxo okindegia – Lana S. Coop. taldeak ere ordezkaritza izan zuen:
Kadete eta jubenil mailako emakumeak goizeko txandan lehiatu ziren: “Podiumik ez, baina aurreko postuetan ibili dira Lokatzatarrak, estatuko emakume onenen artean”.
Jubeniletan, Itxaso Plaza Amozarrainek 19. postua lortu zuen, eta kadete mailan Edurne Ormaetxea Arriaranek 16.a eta Itxaso Askasibar Belarrek 33.a postua.
Hurrengo hitzordua apirilaren 30ean izango da, Eskolarteko lasterketa, eta Maiatzaren 1ean kadeteko neska eta mutilak zein jubenileko emakumeak Seguran izango dira.
Larunbat arratsaldean, kadete mailako Beñat Iñarra Mateos aramaioarrak garaipena lortu zuen Arronizen (Nafarroan).
“Lasterketako indartsuena izan da Iñarra”, Lokatza Ziklismo Eskolak baieztatu duenez:
“Lehendabizi tropeletik aurreratu den taldetxoan sartu da eta azken igoeran, aurretik atzean utzi ezin izan dituenak, eraso gogor batekin, atzean laga eta garaipenaren bila joan da”.
Atzokoa bigarren garaipena du Bolintxo – Lana taldeak, izan ere, Beasainen ere besoak altxatu zituen.
Zapatu arratsaldean ere, Mendaron (Gipuzkoa) Eskolarteko lasterketako alebin mailan, Maddi Alonso Berezibar antzuolarrak 3. postua eskuratu zuen. Horrela, Lokatzakoentzat eguneko 2. podiuma lortu zuen.
Proba berean, Dorletako Ama Txirrindularitza Eskolako Unai Ormaetxea txapeldunordea izan zen, infantil mutiletan, JMAren elastikoarekin. Hortaz gain, Dorletako bi neskatilek ere podiuma lortu zuten infantil kategorian. Zorionak gure txirrindulari guztiei eta aurrera neska-mutilak!