Zapatuan, martxoaren 15ean Bergarako Labegaraietako eskolarteko lasterketan lehiatu ziren Dorletako Ama TXE-ko txirrindulariak. Txirrindulariek maila bikaina erakutsi zuten eta, Markel Diazek eta Nile Agirretxek lehen postua eskuratu zuten.
Giroa desatsegina izan arren, gustura ibili ziren bizikleta gainean. Orain dela astebete Oñatin haize zakarra izan bazen protagonista, oraingoan Dorletako Ama txirrindularitza taldeko neska-mutikoek, hotza izan zuten lagun.
Benjamin mailan Xabi Casares, Aimar Errasti, Markel Fernandez eta Ekain Garro izan ziren lasterketan parte hartu zutenak. Taldeko gaztetxoenek ondo pasatzeaz gain, maila bikaina erakutsi zuten.
Alebin mailan Maddi Agirretxe, Aratz Arana eta Amets Esnal izan ziren taldeko ordezkariak. Hauek ere hotzari aurre egin eta tropelaren aurrealdean helmugaratzea lortu zuten. Azkenik, infantil mailan Nile Agirretxe, Markel Diaz, Oxel Kortabarria eta Ioritz Madinabeitia, ohi bezala, lehiakor aritu ziren.
Guztiak, hasieratik tropel buruan ibili ostean, mutil zein nesken kategorian, Markel Diaz-ek eta Nile Agirretxek, lehen postua lortu zuten. “Zorionak beraz guztiei eta zorionak baita Lokatza txirrindularitza eskolari antolaketa bikainagatik”. Neska-mutikoen hurrengo hitzordua, datorren asteburuan, martxoaren 22an izango da Mendaron.






