Dorletako Ama txirrindulari eskolak taldeen aurkezpena egin du

0
615

Gaur goizeko 11etan Arrasateko Zebero plazan egin du aurtengo hitzordua eta talde ezberdinen aurkezpena egiteaz gainera denboraldiko egitasmoak aurkeztu ditu. 2020ko martxoaren 8a.- Arrasaten barrena bizikleta buelta eman ostean Zeberon elkartu eta hantxe egin dute txirrindulari talde guztien aurkezpena hedabideen aurrean: alde batetik, maila eskolarrean arituko diren JMAko benjamin, alebin eta infantil taldeak eta, bestetik, kadeteen kategorian ariko den Eroski taldea elkartu dira Arrasateko Zebero plazan. Bertan izan dira baita ere taldeetako entrenatzaileak, guraso eta kolaboratzailek. Ander Elortondo Dorletako Ama TXEko lehendakariak eskolaren helburuen berri eman du eta
dituzten egitasmoak azaldu ditu. Horiek aurrera eramateko beharrak adierazi ditu eta bidelagun dituzten babesle eta kolaboratzaileen laguntza ere eskertu du ekitaldian.


Zaletasuna goraka:
Txirrindulari Eskola kopuruz haziz joan da azken urteetan eta aurtengo denboraldian, guztira 36 txirrindulari izango dira errepidean kategoria ezberdinetan. Kadete mailako taldea sendotu egin da. Aurten sei txirrindulari arituko dira kadeteen Eroski taldean. Gehienak hainbat urte taldean ari direnak dira baina badira taldekide berriak ere. Entrenatzailea ere berria dute, Iker Eskibel eskoriatzarra, eskarmentu handiko txirrindularia, afizionatuetan ari dena. Gainerako txirrindulariak maila eskolarrean arituko dira: Dorletako Aman hainbat urtez entrenatzaile lanetan diharduen Aitor Juaristirekin infantil kategoriakoak eta Mikel Iribekanposek berriz, benjaminak eta alebinak entrenatuko ditu.


Denboraldiko lasterketak:
Denboraldia gogotsu hasi dute txirrindulariek. Kadeteek atzo Beasaingo lasterketan parte hartu zuten estrainekoz eta eguraldi makurra izan bazuten ere, gustura ziren egindako lasterketarekin. Hurrengo lasterketa Deban izango dute datorren asteburuan. Alebin eta infantilek mendi bizikletako lasterketekin ekin diote denboraldiari. Alebinetako Unai Ormaetxeak parte hartu du horietan, aurreko asteburuan Itsasondon eta atzo Oiartzungo lasterketan izan da aramaioarra. Gainerakoek, datorren asturuan Oñatiko lasterketan hartuko
dute parte. Lasterketen agenda horretan Dorletako Amak honako lasterketa hauek antolatuko ditu


Debagoienan:

  • Maila eskolarreko gin-kana Eskoriatzan martxoaren 21ean.
  • Gipuzkoa mendebaldeko eskolarren lasterketa Arrasaten maiatzaren 23an.
  • Gipuzkoako nesken txirrindulari lasterketa Arrasaten ekainaren 21ean.
  • Kadeteen lasterketa Arrasaten uztailaren 5ean.

Dorletako Ama TX Eskola:
Dorletako Ama TXE 1994an sortu zen eta neska-mutikoak txirrindularitzan heztea helburu duen eskola da, balore hauetan oinarrituta: laguntasuna, talde lana, berdintasuna, errespetua eta sakrifizioa. Debagoiena osatzen duten hainbat herrietako (Arrasate, Aramaio, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz Gatzaga) neska mutikoekin egiten dute lana, entrenamenduetan, lasterketetan eta bestelako ekintzak antolatuz.


2020ko erronkak:
Harrobia sendotzea: Dorletako Ama TX Eskolak ematen dituen aukerak ezagutzera eman eta txirrindularitza gogoko duten neska mutilak kirol hau praktikatzera animatuz. Elkarlana sustatzea: Batetik, barruko egitura sendotu kolaboratzaileen sarea handituz eta bestetik, gainerako klubekin, erakunde eta instituzioekin harremanak sakonduz. Berdintasuna eta integrazioa bultzatzea: Debagoieneko neska-mutiko orok txirrindularitza praktikatzeko aukera berdinak izan ditzala.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen