Domekako Arrasate-Udalatxen irabazle ohiak eta 128 arrasatear izango dira

0
1942

Pandemiaren ostean, Arrasate-Udalatx mendi-lasterketa ospatuko da igandean. Berrikuntzetako bat da “streaming bidez irudiak eskainiko ditugula”. Emakumeen izen-emate kopuruan “gorakada izan da eta oso pozik gaude”.

Bideoak eta kartela: Mondraitz.

Mondraitz kirol-klub antolatzaileak aurtengo edizioaren aurkezpena egin du Zerkaostetako Hamalau jatetxe-tabernan.

“Inoiz baino gogotsuago gabiltza – adierazi du Mondraitzeko Ganix Lasak – duela hiru urteko sentsazio eta lasterketako irudiak berreskuratzeko helburuarekin”.

21 kilometroko lasterketa izango da, 1.250 metroko desnibel positibokoa eta domeka honetan ospatuko da. Lasterketa Herriko plazatik abiatuko da goizeko 10:00etan.

“Berritasunei dagokienez, aldaketa txiki batzuk izango dira, segurtasunari begira eta lasterketaren ikusgarritasunari edo edertasunari begira”.

“Anoa postu bat Udalatxeko tontorretik kilometrotxo batera lekualdatu dugu, beherago, gerta daitezkeen baldintza klimatologikoen aurrean egonkortzera begira”.

Beste aldaketatxo bat “18. kilometroaren inguruan egongo da, metro gutxi batzuen aldaketa, Antolakuntzak hala erabakita, ondorio handirik gabe”.

Orain arteko errekorrak Asier Larruzeak (1:47:37ko marka) eta Oihana Azkorbebeitia dituzte (2:11:00ko marka).

Mondraitzeko Iñigo Alzolak gehitu du lasterketako plazak “denbora laburrean bete zirela, izen-ematea ordu gutxitan amaitu zen, eta oso-oso pozik gaude horrekin”.

Poztasunaren arrazoia bikoitza izan da: “Bai korrikalarien erantzunagatik eta batez ere bailarako lasterkariengatik. Aipatzekoak dira 211 korrikalari bailarakoak direla eta horietatik 128 arrasatearrak”.

Antolakuntzak baloratu du faboritoen artean debagoiendarrak egotea: “Lehian ikusten ditugu, Ane Zabala arrasatearrak lasterketa irabazia du, Xabier Lete oñatiarra ere faboritoen artean dago, Aritz Kortabarria gogor ibili da duela 15 eguneko lasterketa batean, etab.”.

Era berean, ildo honetan “guretzat hasieratik oso garrantzitsua izan da lasterketa herrikoia izatea, eta herriko zein bailarako jendearentzako lasterketa izatea”.

Azpimarratzekoa da ere “Euskal Herriko beste hainbat txokotako eta espainiar estatuko korrikalariak izango direla bertan (Bartzelona, Girona, Albacete, Madril, Burgos, Errioxa eta Zaragozatik)”.

Aurten 38 emakumek parte hartuko dute, eta emakumeen parte-hartzeak “gorakada izan du aurtengo edizioan ere. Oso pozik gaude eta espero dugu kopuruak poliki-poliki gorantz jarraitzea edota orekatzea”.

Lasterketa herrikoia izan arren, “gogoratzekoa da aurreko edizioetako maila, eta aurten ere irabazle ohiek parte hartuko dute: Oihana Azkorbebeitia, (aurreko astean Euskal Kopan irabazlea izandako) Onditz Iturbe eta (bigarren izandako) Ainara Urrutia aretxabaletarra, Ainara Uribarri oñatiarra,…”.

Era berean, mutiletan “Asier Larruzea (duela urte batzuetako hemengo irabazlea), Aitor Ajuria, Gontzal Murgoitio eta Aritz Kortabarria arrasatearra, duela 15 eguneko proba batean indartsu aritu zena”.

Sariei dagokienez, Mondraitzeko Eneko Urrizalkik adierazi du “jasotako laguntza eta babesagatik, mantenduko ditugu aurreko edizioetakoak”:

“Saria izango dute lehen hiru gizonezkoak eta emakumezkoak: 400 € irabazleari, 250 € bigarrenari eta 100 € hirugarrenari”.

Hortaz gain, “gizonezkoen eta emakumezkoen beterano onenak, Arrasateko gizonezko eta emakumezko onenak, eta Iglesias Saria, hau da, Udala-Udalatx arteko zatia kronometratuko da eta azkarrenak saria jasoko du (garaikurra eta sorpresa bat)”.

Sariez aparte, “gure laguntzaileei esker, zenbait sari zozkatuko dira parte-hartzaile guztien artean. Horrela gura dugu lasterkariak, helmugaratu ostean, lasterkariak plazatik ez joatea, eta Herriko plazan giroa mantentzea. Zozketak izango dira”.

Babesle eta laguntzaile “gehienak mantendu dira, eta babesleen artean daude Arrasateko Udala, Laboral Kutxa, Eroski, Ternua, Arteman eta Goiena”. Laguntzaileen artean daude “orain artekoak eta aurten batu direnak”.

Horrek esan gura du “babestuta gaudela eta eskertzen dugu, euren laguntza barik ezingo genuke halako proeiktu bat aurrera eraman ahal izango”.

Antolakuntzak ere ohar batzuk jakinarazi ditu: “Dortsalak San Andresko Intersport-Loramendin jasoko dira, ostegun arratsaldean, ostiralean eta larunbat goizean. Bertan dortsala jasoko dutenen artean Loramendik zapatilla batzuk zozkatuko ditu, bai gizonezkoetan baita emakumezkoetan ere”.

Dortsalak jasotzeko ordutegia “dendaren ordutegi berbera izango da, 10:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 20:00etara. Larunbatean goizez bakarrik. Kanpotik etorriko diren lasterkariek igandean bertan Herriko plazan jaso beharko dute dortsala, 08:30etik 09:30era”.

Antolakuntzak zaleak animatzen ditu “aurreko urteetako Udala auzoko trafiko arazoak saihesteko, oinez joatera”.

Covid-19aren ondorioz “itxuraz pandemiaren amaieran gaude, baina oraindik arau batzuk errespetatu behar dira, eta neskendako nahiz mutilendako aldagelak egongo dira Gazteluondon eta Uarkapen, baina Arrasateko parte-hartzaileak animatzen ditugu, posible bada, euren etxebizitzetan dutxa daitezela. Jende pilaketak egon ez daitezen”.

Iragarpenek domekarako “eguraldi ona eta tenperaturen igoera (23 gradu) aurreikusten dituzte”. Alabaina, eguraldi aldaketa egongo balitz “lasterkariak informatuta izango dira emailaren bitartez”.

Mondraitzeko Ganix Lasak beste berritasun bat aipatu du: “Streaming saiakera bat egingo dugu, zuzeneko irudiekin emisio bat izango da Herriko plazan eta online”.

Helburua da “plazara bertaratuko direnei eta online bitartez, lasterketako puntu ezberdinetako irudiak helaraztea, besteak beste, Udalaitz tontorreko irudiekin eta puntu esanguratsuen irudiekin”.

Mondraitzek ere eskerrak eman dizkiete “tinko bultzatu gaituzten bolondres-sareari, 100 pertsonatik gora, baita oro har lasterkariei eta Arrasateko herriari, euren indar eta bultzada barik ezingo litzateke Arrasate-Udalatx. Domekan elkar ikusiko dugu”.

Hiru urteotako eten behartuan “eskertu dugu, bai eta publikoki eskertu ere, babesleen eta laguntzaileen jarrera. Hiru urteotan lan-taldeak fase ezberdinak izan ditu baina zalantzarik ez genuen: berriro antolatzeko aukera izatean, berriro antolatuko genuela. Eta hala izan da”.

Seigarren edizio hau egiteko beste arrazoi bat izan da une zailetan “gurekin egondako guztiak. Aurrera jarraitzeko gogotsu gaude”.

https://www.youtube.com/shorts/F1YvwsHoGq8

mondraitz.eus

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen