Maite Urzain arrasatear erizaina doluan aditua da, eta koronabirusaren garai hauetan, bere ezagutza jakingarriak partekatzen dihardu.
Irudia: San Felipe Elkarlaguntza.
– Zein aholku emango zenieke koronabirusarekin hildako pertsonen senideei eta lagunei?
– Lehenik eta behin, doluminak eta besarkadarik beroena helarazi nahi dizkiet, egun hauetan, koronabirusagaitik, gaixotasun edo bestelako heriotza bat bizi izan duten familia eta gertukoei.
Pandemiak ez du bizitza eten, jaiotzak eta heriotzak egunero gertatzen dira, baita gure eskualdean ere. Larrialdi egoera honetan gehien arduratzen nauena, gaixotasuna eta heriotza isolamendu egoeran bizi beharra da.
Hiletak atzeratu behar ditugu eta gorpuari gaubeila egitea debekatu dute, imajina dezakegu zer suposatu dezakeen familia, lagun eta gertukoentzat. Heriotza onartzea, zaila bada, egoera honek sinesgaiztasuna eta mina areagotzen ditu.
Aurretik gertatu izan da ere, gorpua ikusi ezin izan dugun heriotzak, mendian edo itsasoan gelditu direnak, hegazkin istripu baten ondorioz zendu direnak, zoritxarrez badakigu honek ondorioak dakartzala.
Zer egin dezakegu:
- Maite dugun pertsona gaixo badago, distantzian egonda ere, adierazi pentsatu eta sentitzen duzuna, partekatu berarekin, gaur egun teknologia bikaina dugu komunikazioa ahalbidetzeko.
- Ezin badu berba egin, gutun, olerki, bertso, argazki kuttun edo objektu esanguratsu bat izan daiteke bere bakardadean laguntzen diona.
- Kontuan izan etxeko txikiak, gu baino sormen handiagoa dutenez, aukera paregabea izango dela gertatzen ari denaren inguruan hitz egiteko eta haiek dituzten kezkak argitzeko. Zer edo zer gertatzen bada, prozesuan ahalduntzeko baliagarria izango da.
- Heriotza gertatzen bada, tanatoriokoei edo eta ospitaleko langileei oroitzapenerako argazki bat eskatu diezaiekezu, agian orain, arraro xamar egiten zaizu, baina aurrerago dolua burutzen duzunean lagungarri izan daiteke. Zure esku egongo da beti ikustea edo ez.
- Egoera hau mugatua da, krisi hau amaitzen denean, maite ditugun pertsonei merezi duten agur errito eta omenaldiak egingo diegu. Familia eta gertukoek erabakitzen duten bezala, zendu direnak merezi duten bezala.
– Zer aholkatzen diezu herritarrei?
– Elkartasuna adieraztea, zintzoak diren mezuak eta hitzak esatea doludunari.
Orokorrean aholkatzen duguna. Lehenengo egunetan, laguntasun mezu eta deiak jasotzen ditugu, egunak eta hilabeteak pasa hala, murritzagoak izaten dira gertutasun adierazpen hauek.
Iniziatiba hartu eta telefonoz deitu, baliagarriagoa da kalitatezko 10 minutuko elkarrizketa bat, topikoak diren 10 whats app jasotzea baino.
Halaber, familia eta gertukoentzat gomendio txiki bat eman nahiko nuke:
Baimena eman zuen buruei zintzoak diren deiak erantzuteko soilik eta beste heriotza batzuetan gertatzen den bezala, kuxkuxeroen jakin-mina asetu nahi dutenen deiak ekiditu. Gustora eta emozionalki asetuta sentitzen zaren pertsonekin harremandu zaitezte.
– Zerbait gehitu nahi zenuke?
– Salbuespen egoerak irauten duen bitartean, gaixotasun larriagatik, heriotza edo doluagatik laguntza behar baduzu: E-mail honetara idatz dezakezu: maiurzain@gmail.com, zure kontsulta, izena eta harremanetarako telefonoa idatzi eta doako hitzordua jarriko dugu.
Kontsultak telefonoz edo skype bidez egingo dira.
San Felipe Elkarlaguntzarako webgunean; https://www.sanfelipe.eus/eu/ ere informazioa izango duzu laster.