Dokek antzerkigintzako 22 urteen liburua taula gainean aurkeztu du

0
564

Arrasateko antzerki taldeak ibilbidea laburbildu du antzezten, argazkiekin, hitzartzeekin eta publikoaren beroarekin, Amaia Udal Antzokian. Gainera, bertaratutako herritarren artean liburuaren aleak banatu ditu musu truk.

Ekitaldiari antzezten ekin diote (nola bestela!) eta ondoren 22 urteak laburbiltzen dituen bideo musikala pantailaratu dute, argazkiz beterikoa.

Aurkezpen-lanak Dorita Murgiak egin ditu, eta Josemari Velez de Mendizabalek iragarri du ekitaldiaren bi xedeak izan direla “egindakoaren testigantza ematea eta aurrera begira indarra hartzea”.

Arrasateko antzerkigintzari, zehazki, 1936ko kolpe militarraren aurrekoari eta “ondorengoari ere, jarraipen sendoa eta indartsua Dokek eman zion”.

Ibilbidea hasi zen Jesus Mari Arzek “obra bat idaztera behartu ninduenean, edo eskatu zidanean”, gogora ekarri du Velez de Mendizabalek.

2002an sortua, Arrasateko antzerki taldeak lan ugari landu eta taularatu ditu:

  • Eskuak elkarri (2004)
  • Actto para la Nochebuena (2006)
  • Iragana Iragan (2010)
  • Paradisuko atean (2012)
  • Galderak (2014)
  • Aingeru ala kurriloi? (2016)
  • Hamaika amaren seme (alaba) (2018)
  • Hemen ez du inork ordaintzen (2023)

Hori guztia egitea “egundoko esfortzua izan da, baina gustura, antzerkiaz maiteminduta geundelako eta gaudelako”.

Ibilbideak “gure ustez fruitu ederrak eman ditu, etorkizuna nolabait bermatzen dutenak, hemendik aurrera gure saiakerek intentsitate berdinarekin jarraitzen badute”.

Horretarako “ezinbestekoa da ekimen pribatua (Dokeren ekimena) uztartzea laguntza publikoarekin”.

“Badirudi amateurrak izateagatik aintzakotzat hartzea oso nekeza dela, eta kostatzen zaigu gure produktua saltzea”.

“Agian antzerkia euskaraz egiten dugulako, baina guk horren aldeko apustua egin genuen, eta horretan jarraitu behar dugu, ezta?”.

Urteurreneko liburuak adierazten du “jarraitu nahi dugula izaten, ez aitortza publikoa jasotzeko”, baizik eta 22 urteen lanaren ondoriozko “begirune eta babesa jasotzeko, erakunde publikoetatik etor daitezkeenak”.

Ekitaldian parte hartu dute ibilbide honetako aktore ugarik, obren idazle eta egokitzaileak, zuzendariek,…

Horrela, Vene Herrero zuzendariak bertan parte hartu du eta Itziar Rekalde zuzendariak bideo baten bidez hartu du parte.

Ekitaldian zehar obretako zenbait pasarte gogora ekarri dituzte, obren inguruan bizi izandako esperientziak, anekdotak eta abar.

Ekitaldian taldeak Debagoieneko Antzerki Plataformako ordezkaritzaren lore sorta eta zoriontzea jaso ditu txalo artean.

Doke Antzerki Eskolak ere bere tartea izan du saioan; izan ere, duela 4 urte sortu zuten Arrasateko hutsune bat betetzeko, eta egun harrobia lantzen dihardu.

Dokek publikoaren txalo beroak jaso ditu, eta era berean eskerrak eman dizkie euren ibilbidea posible egin duten guztiei.

Ekitaldiaren ostean liburuaren aleak musu truk banatu dituzte bertaratutako herritarren artean, zorionak Doke!

Erlazionatutako albistea:

Doke Antzerki Taldeak 22. urteurrena ospatuko du bere historiaren liburuarekin

2024ko maiatzaren 14an argitaratutako albistea

Doke Antzerki Taldearen bloga

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen