Doke Antzerki Eskola aurkeztu dute Kulturaten

0
1759

Maiatzetik aurrera hiru ikastaro eskainiko dituzte,  momentuz 17 urtetik gorakoentzat zuzenduta, baina aurrerago haurrentzat eta nerabeentzat tailerrak antolatuko dituzte.

Doke Antzerki Taldeak prentsaurrekoa eskaini du Kulturateko Loramendi gelan antolatu duen Antzerki Eskola aurkezteko. Hamasei urte bete dira Doke taldearen sorreratik, horrezkero hainbat emanaldi eskaini dituzte. Mariasun Pagoaga taldeko kideak azaldu duenez “beti izan dugu buruan taldea herriari zabaltzea, eta antolatu ditugun ikastaroen bidez antzerkiari bultzakada bat ematea.”

Helburu honekin jarraitzeko, eta herrian dagoen interesa ikusita Dokek Antzerki Eskola sortu du. Azaroan proiektua Arrasateko Udalari aurkeztu zioten “izan duen harrera ona ikusita, proiektuarekin aurrera jarraitzea erabaki genuen, baita herriari zabaltzea ere.”

Josemari Velez de Mendizabalek azpimarratu duenez “Doke taldea bokazio batekin sortu zen, ez bakarrik antzerkiaren hedakuntzarena, baita ere formakuntzarena ere.” Hasieratik zazpi ikastaro antolatu dituzte. Kurtso hauetan 70 bat pertsonak parte hartu dute hainbat jatorrietakoak. Horietatik 30 bat Dokek antolatutako emanaldietan partaide izan dira.

Vene Herrerok zehaztu duenez eskolak bi lerro izango ditu, alde batetik formakuntza jarraitua, interpretazioa, gorputza, ahotsa, antzerkiaren historia,… barne, eta beste alde batetik, ikastaro zehatzak: dramaturgia, zuzendaritza,… “Bestalde, eskolaren asmoa da ikastetxeekin harreman bat izatea, antzerkia eskoletara hurbiltzea, eta baita ere, ikasleak gurera erakartzea.”

Doke Antzerki Eskolako programari hasiera emateko, Maider Arcelayren zuzendaripean hiru ikastaro antolatu dituzte, eta maiatzean hasiko dira:

IKASTAROAK:

1- Antzezlarien interpretazioa (hastapenak) 32 ordu

2- Antzerki dramaturgia (antzerkia idazteko tailerra) 24 ordu 

3- Viewpoints Teknika (eszenatikoan nola egon eta mugitu) 32 ordu

Irakasleak:

– Borja Ruiz (1 eta 3 ikastaroan)

– Oskar Galan (2 ikastaroan)

Egutegia:

1- Maiatzaren 9tik ekainaren 27ra (larunbatak) 4 ordu eguneko (9:00-13:00)

2- Maiatzaren 19tik azaroaren 7ra (ostiralak) 3 ordu eguneko (18:00-21:00)

3- Irailaren 19tik azaroaren 7ra (larunbatak) 4 ordu eguneko (9:00-13:00)

Inskripzioko kuota:

Tailer bat eginez gero: 50 euro

Bi tailer eginez gero: 80 euro

Hiru tailer eginez gero: 100 euro

Ikasleriak:

Antzerki munduaz interesatuta daudenak

Adina: 17 urte gorakoak

Kopurua: tailer bakoitzak gehienez jota 15 ikasle

Izena emateko epea: apirilak 17

Non: BAZ eta dokeikastaroak@gmail.com

Aurrerago haurrentzako eta nerabeentzako tailerrak antolatzeko asmoa daukate. Kasu honetan antzerkigintza eta kontagintza uztartzeko tailerrak izango dira.”Eszenatokian nola egon, gorputzaren adierazpena, ahots, antzerkigintzaren eta kontagintzaren arteko desberdintasunak ikastea ere.” Oraindik datak zehartu gabe daude.

Kulturolako obrak bukatu arte, Dokek Mankomunitatean egokitzen ari den lokalean eskainiko ditu tailer hauek. Bukatzean partaideek diploma bat jasoko dute, baina Vene Herrerok azaldu duenez “titulu ofizialak bakarrik Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Eskolan lortu daiteke. Gure helburua da ikasketa hauek egin nahi dutenek aurretik nolakoa diren ezagutzea eta oinarri bat izatea”.

Interpretazioa

Ikastaro honen helburu nagusia, jokoan bidez baina oinarri sendo batekin, aktore/sa ofizioa zertan datzan transmititzea da.

Horretarako lau arlo handi esploratuko ditugu, interpretazioari dagozkionak.

Gorputz espresabidea

Chejov-en teknikatik abiatuta, gorputz eta irudimenaren bidez zenbait emozio-egoeratara nola hurbiltzen garen aztertuko dugu, eta horien gainean pertsonaia desberdin aberatsak landuko ditugu, humanoak, sinesgarritasun biziarekin.

Aho espresabidea

Giza ahotsaren tonu eta modulazio desberdinek emozio desberdinak piz ditzakete eta, halaber, horiek joko eszeniko diferentetako zerbitzutara jartzen dira, pertsonaia desberdinak ere sortu ahal izateko.

Hitza

Komunikazio zuzen, aske eta humanoak nolakoa izan behar duen aztertuko dugu. Horretarako, narrazio laburrekin hasiko gara, pertsonalak, gutxika gutxika hitzaren bidez pertsonaia aproposak sortu eta landu ahal izateko.

Joko eszenikoa

Aurreko alderdi tekniko guztiak antzerki eszena zehatzetara aplikatuko dira, praktikan.

====..====

Dramaturgia

Idazkera dramatikoaren tailerrak, testu dramatikoan trebatu ahal izateko lanabes egokiaren bilakuntzan garatuko dira. Horretarako honako arloak landuko dira:

Alegia

Kontatu nahi dugunaren egitura da alegia. Zerbait modu egokian adierazteko egitura on bat eduki behar  da. Beste genero batzuetan ez bezala, antzerkian egin egin behar da, eta ez hainbeste narratu. “Egiteko” eskubidea gure pertsonaiek eurek dute.

Pertsonaiak

Pertsonaiek mami eta gogoa eduki behar dute. Horietako bakoitzari elementu adierazgarri bereizgarriak emango dizkiogu.

Istorioa

Idazki on bat zer den behar bezala ikusi ahal izateko, garai desberdinetako antzerki testuak erabiliko ditugu. Horretarako egile klasiko eta gaur egunekoen idazkiak aztertuko ditugu eta berezko gure bidea bilatuko dugu, idazki horien bitartez gurea sortuz.

Autofikzioa

“Ni neroni”aren aukerak izango ditugu gogoan gure sorkuntzan, eta baita gure idazkiaren muga logikoak. Egunerokoaren abiapuntutik aterako gara poetikoeneraino heltzeko, esku hartzaile bakoitzaren beharrak kontuan izanda.

====..====

VIEWPOINTS Teknika

Entrenamendu eta sorkuntzarako teknikan sartzeko tailerra da. Eszena entrenamendua dira Viewpoints-ak, halaber estrategia eta sortze-filosofia bat ere, Mary Overlie koreografoak sortua eta ondoren Anne Bogartek garatutakoa, antzerki-ikusmira handiago baten bidez.

Viewpoints-en barneko murgilketa praktiko osoa izango da Ikastaroa.

Helburua inprobisaketaren teknikara ahalik eta gehien hurbiltzea da, eta horrek, une eszenikoak konposatzeko orduan, denboraren eta espazioaren lanabesekin lan egitea ahalbidetzen du.

Modu horretan, bi norabidetako kontzientzia landuko dugu: alde batetik kanporako arreta, hau da espazioan eta antzezle-kideenganakoa; eta aldi berean norberarengana eta ekintza propioetara heltzen den arreta izango dugu kontuan.

Horretarako, une eszenikoa osatzen duten oinarrizko elementuetan intzidituko da: denbora, espazioa, mugimendua, itxura, emozioa eta istorioa.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen