Arrasateko Dikarrek Ternua marka erosi du, “kooperatibaren hazkundea bultzatzeko”

0
2630

Garagartzako enpresak egindako erosketaren beste helburuetako bat da “marka Euskal Herrian errotzen dela bermatzea”. Halaber, armagintza sektoreko enpresaren erosketa “dibertsifikazio-estrategian” oinarrituta dago, eta “sendotu egiten du DIKARek eta MONDRAGONek Euskal Herrian industria-jarduerari eta enpleguari eusteko duten konpromisoa”.

Argazkia: MB artxiboa.

Dikarrek prentsa-ohar bidez jakinarazi du “Ternua marka erosi duela, Ternua Groupen konkurtso-prozesuan bere eskaintza judizialki” onartua izan ondoren.

Izan ere, eosketa “Donostiako Merkataritza Arloko 1 zenbakidun epaitegiak onartu du eta MONDRAGON Korporazioak ere parte hartzen du jabetzan”.

Halaber, Dikarren “dibertsifikazio-estrategiaren barruan dago, eta outdoor sektorean duen posizioa indartzen du. Sektore horretan, Columbus markarekin jarduten du, aire zabaleko jardueretarako ekipamenduan espezializatuta dagoena”.

Garagartzeko enpresak “kirolaren eta mendiaren inguruko ezagutza sakona dauka, bai ikuspuntu teknikotik, baita kontsumitzailearen ulermenetik ere, oinarri sendo bat finean, proiektu bateratu lehiakorrago, jasangarriago eta nazioarteko hazkuntzara bideratuagoa dagoena eraikitzeko”.

“Ternua, kooperatibaren marka-portfolioan txertatuta, bi enpresek sinergia naturalak partekatuko dituzte produktuaren garapenean, marketinean, hornitzaileetan eta salmenta-kanaletan”.

Dikarrek aurreikusten du “presentzia indartuko dela Europako merkatuetan eta merkatu digitaletan, eta Amerikako merkatuarekiko esposizioa orekatuko da”.

Operazioaren helburua da “nazioartean ospe handia duen euskal ikur honen industria, enplegua eta sustraitzea babestea, enpresa-proiektu sendo, nazioartekotu eta lurraldearekin konprometitutako baten barruan haren jarraipena bultzatuz, MONDRAGONen balioekin koherente izanik”.

Dikarrek jakitera eman duenez “prozesu konkurtsalean zehar Ternuak beste eskaintza batzuk izan baditu ere, DIKARen proposamenaren arrakasta lurraldearekiko, pertsonekiko eta markaren etorkizunarekiko konpromisoan oinarritu da”.

Ternuak “asmo handiko marka eta nortasun sendoa ematen dio DIKARi, jasangarritasunarekin eta eragin positiboarekin duen konpromisoagatik aintzatetsia. Hori berretsi egin zen 2024ko abuztuan B-Corp ziurtagiria lortu zuenean”.

Batasun horrekin “Ternuak gihar industriala eta hedatzeko gaitasuna irabazten ditu, eta DIKAR, berriz, historia, asmo eta aintzatespen globala duen markarekin aberasten da, Euskal Herriko ekoizpen-sarea sendotuz eta hazkunde-eredu jasangarri eta kolaboratiboa finkatuz”.

Dikarrek “Ternuarekin egindako apustua anbizio handikoa da, eta erabat errespetatzen du haren ondarea. Kooperatibak bere gain hartu du etapa berri hau, Ternua gaur egun den bezalakoa bihurtu duten talentua, kultura eta konpromisoa zaintzeko, bere esperientzia proiektu partekatu batean integratuz, Euskal Herriko enpresa-ekosistema eta errotzea indartuz”.

Dikarrek Garagartzan du egoitza eta Mondragon Taldeko partaide da, eta 1969an sortua. Bere jarduera “sektore nagusiak ehiza, kirol-tiroa eta aire zabaleko kirolak dira”.

Taldeak bi filial ditu, bat Lawrencevillen (Estatu Batuak) eta beste bat Aveiron (Portugal). Bulego nagusiak zein filialak kontuan hartuta, DIKARek 250 pertsonatik gorako lantaldea du, bere marka desberdinen fabrikazioa, banaketa eta merkaturatzean lanean.

2024 urtean Dikarren “salmenta-bolumena 100 milioi eurotik gorakoa izan zen, eta nazioarteko salmentak %98 izan ziren”. 

Albistea osatzen gabiltza

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen