“Dikar, ez dugu tentsio dorrerik nahi gure etxebizitzen ondoan”

11
2240

Testua eta argazkia: Garagartza Auzoko Batzordea.

Hainbat hedabidek zabaldu berri dute Dikar kooperatiba trasladoa egiten ari dela Garagartzako Fagor etxetresna elektrikoak zegoen plantara. Gaineratzen dute Dikarren hainbat aspektu positibo, besteak beste, lantegiko 72.000 metro karratu erosi dutela, 2022an 90 milioi euro fakturatu zituela, lanpostuak sortzeko asmoa dutela eta eraikin modernoa egiten ari direla. Gainera, hedabideetan, Dikar kooperatibak azpimarratzen du jasangarritasunarekin duen konpromisoa eta bere espiritu kooperatiboa. Hasieran, Bergarako Larramendi industrialdera joateko aukera aztertu zuten arren, Garagartzako gunea jo zuten kokapen egokiagotzat. Izan ere, Larramendi poligonoan, hondakinak tratatzeko instalazio bat kokatzeko posibilitatea zegoela jakin zutenean, bazkideek ez zuten onartu lekuz aldatzea Bergarara, Larramendira.

Orduan, Dikarreko bazkideei galdera hau egiten diegu: zergatik onartzen duzue Garagartzako auzotarren etxebizitzen ondo-ondoan zuen kooperatibak tentsio dorre bat eraikitzea? Ulertzen dugu nahi ez izatea hondakin tratamenduko instalazio bat zuen lantokiaren ondoan, baina Garagartzako bizilagunak kontaminazio elektromagnetikoaz kutsatzearen alde zaudete?

Garagartzarrek ez diote jarri inongo eragozpenik Dikar kooperatibari bere etorreran. Dikar kooperatiba, bestalde, ez da inoiz jarri harremanetan Garagartza auzoko batzordearekin, daukaten proiektua azaltzeko. Egun batetik bestera tentsio dorrea eraikita agertu da auzoan inork ezer jakin barik. Erositako eremu guztitik bizilagunen etxebizitzetatik hurbilen dagoen puntua aukeratu du Dikarrek tentsio dorrea eraikitzeko, lan jarduera garatu behar den tokitik punturik urrunena.

Fagorreko parkina beti erabili izan da industria jarduera eta etxebizitzen eremua bereizteko, eta Dikar ez da horretaz ohartu, eta ez du ezer galdetu.

Garagartzako batzordeak bilera bat egin du Dikarreko zuzendaritza eta obren ardura guztia daraman LKS KREANekin eta beste leku egokiago batzuk proposatu dizkio. Baina KREANek Iberdrolaren gain uzten du ardura guztia. Argudiatzen du, Iberdrolaren arabera, puntu hori dela toki egokiena eta bakarra tentsio dorrea eraikitzeko.

Garagartzako auzotarrok haserre gaude ez dugulako tentsio dorrearen berri izan eraikita ikusi dugunera arte eta ez zaigulako aukerarik eman beste leku batzuk proposatzeko. Ez gaituzte kontuan hartu erabakitzeko orduan, gure etxeak ez dira existitzen Dikarren iritziz. Horregatik, eta beste aukera batzuk ere badaudenez, eskatzen diogu Dikarri beste leku bat aztertu dezala, eta dorrea lekuz aldatu dezala.

Dikarrek ezin ditu bere interes ekonomikoak lehenetsi Garagartzako auzotarren ongizatearen gainetik, izugarrizko zentzugabekeria izango litzateke. Beraz, premiazkoa da ahalik eta lasterren gauzatzea tentsio dorre horren leku aldaketa, Dikar oporren bezpera aprobetxatzen ari baita obra exekutatzeko.

11 IRUZKIN

  1. Nik dakidala Fagorren fabrika zaharra goi-tentsioko transformadore bat zuen etxe baten ondoan… transformadore hori dorre horretatik aldatzea da Garagartzako bizilagunei gerta dakiekeen gauzarik onena… Gainera, araudiak betetzen badituzte eta Iberdrolak adierazten badie, non dago arazoa?

  2. FAGOR lantegiko langile ohia naizenez, esan behar dut dorre hau transformadoreen zonaren hobekuntza dela, baserriaren ondoan zegoena. Gainera, dorre hauek ez dute kutsatzen…

    • Zer egitea? Kable poste bat jartzea etxebizitza batetik 48 metrotara? Seguru asko udalak emango zuen baimena hori jartzeko.

      Bestalde, argi indarra kabletatik pasatzen da, ez postetik. Denok nahi degu etxean argi indarra, microondasa eta wifia baina postea ahal den urrutiena noski.

      Gainera kableetako argi indarrak kalterik ez duela sortzen pertsonengan fisika ikasitako edozeinek esanto dizu (kablea eskuakin ukitzen ez duzun bitartean).

      Drama sortzen posterik ez dutelako nahi.

  3. 1/ Txontxon; Udal-gobernuak ba al du eskumenik hori egin ahal izateko? Eskaera bat egin aurretik, hori posible den jakin beharko genuke.

    2/ Kepa; dorreek ez dute kutsatzen, baina behe, erdi eta goi-tentsioko lineek isuri elektromagnetikoak sortzen dituzte kooperatiba batek egiten duen arren, 30 – 3.000 MHz (megahertzioak) 10 hertzio = megahertzio 1.
    Enpresak 72.000 metro karratu ditu, ez al du dorrea jartzeko beste lekurik? Etxe eta baratze EKOLOGIKOETATIK gertuen jarri du.

    3/Udal gobernu berriak hilabete eta erdi darama karguan, ez al da goizegi izango norbaiti erantzukizunak eskatzeko?
    Ziur nago batzokian gehiago jakingo dutela, eta ematen du EAJren kudeaketa dela.
    Harrigarria iruditzen zait hilabete eta erdian aurreproiektua konpondu izana, baimenak, erantzunak, berediktuak, etab.
    Zuen hitzek hauteskunde-mina ematen dute.

    • Orain faborez esan ze ikerketa zientifikok erakusten duten isuri hoiek kaltegarriak direla.

      (spoiler: ez dira!)

  4. Seguruenik permiso Hori zeuek emandakua dala.
    Ikusten da ez dozuela irentsi haurteskundietako emaitzak.

  5. Argi dago ez dala leku ona, ta hemen Garagartzako bizilagunak gaz. Utzi denbora galtzeak ta hasi lanien, ziur zerbait egin ahal dala eta.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen