Jare Urrutiak eta Jokin Hurtadok zilarrezko domina lortu dute, eta Beñat Ovejerok brontzezkoa.
Joan den asteburuan, Desoreka Judo Klubeko kirolariek Arrasateko izena ozen entzunarazi zuten espainiar Estatu mailako elitean. Sambo modalitateko Espainiako Txapelketan parte hartu eta hiru domina garrantzitsu ekarri dituzte etxera, klubaren maila tekniko bikaina berretsiz. Jare Urrutiak eta Jokin Hurtadok zilarrezko domina lortu dute, eta Beñat Ovejerok brontzezkoa.
Hala ere, arrakasta honek badu alde gazi-gozo bat, Desorekatik salatu dutenez, «kirolariek instalazio eskas eta desegokietan entrenatu behar izaten dute egunero».

Ibilbide oparoa duten txapeldunak
Desoreka Judo Klubetik nabarmendu dutenez, hiru kirolari hauek ez dira hasiberriak eta judoan ere espainiar Estatu mailako ibilbide aparta dute:
• Jare Urrutia eta Jokin Hurtado: Biak ala biak Espainiako txapeldun izandakoak dira infantil mailan, eta Espainiako Kopa ezberdinetan podium ugaritara igotakoak.
• Beñat Ovejero: Samboan lortutako brontzeaz gain, judoan ere Espainiako txapelketan brontzea eskuratutakoa da infantil mailan.
Diziplina ezberdinetan lehiatzeko eta borrokatzeko gai den gazte talde honek Desorekan entrenatzen du, herriko kirol-harrobiaren bitxietako bat dela erakutsiz.

SOS mezua Arrasateko Udalari: «Borondatea eta konpromisoa eskatzen dugu»
Emaitza hauek ospatzearekin batera, Desoreka Judo Klubak kritika zuzena eta irmoa helarazi nahi dio Arrasateko Udalari. Klubak salatu duenez, azken urteetan behin eta berriz laguntza eskatu badute ere, Udalak ez du inolako urratsik eman instalazioen egoera hobetzeko.
«Instalazioen gabezia hauek ez dituzte soilik goi-mailako kirolariek jasaten; klubeko borrokari guztiek pairatzen dute egoera hau egunero. Desoreka ez da judoan soilik aritzen; Sambo, Jiu-jitsu eta Grappling modalitateak ere lantzen dira bertan, eta diziplina guzti horiek gaur egun ez dute behar bezala entrenatzeko espazio egokirik. Gaur egungo espazioak ez ditu neurri minimoak betetzen, eta horrek talde osoaren segurtasuna eta garapen tekniko-taktikoa oztopatzen du»
Udalak kiroldegi berri baten proiektua esku artean duela jakin badakite ere, klubak argi utzi nahi du:
1 Ekintza txikiak, aldaketa handiak: Inbertsio handien zain egon gabe, ekintza zehatzekin kirolari guztien egunerokoa erabat alda daiteke. Horretarako, ordea, konpromisoa eta borondatea behar dira, eta horixe da Arrasateko Udalari exijitzen zaiona.
2 Nazioarteko erronka: Hurrengo urratsa nazioarteko zirkuituetan lehiatzea da, baina helburu hori ezinezkoa da etxean gutxieneko baldintza batzuk ez badituzte.
Desoreka Judo Klubak «konpromiso erreal eta premiazkoa» eskatzen dio Arrasateko Udalari. Klubak bere funtzio soziala burutzen jarraitzeko laguntza instituzionala premiazkoa du.





