Argazkiak: Desoreka Judo Kluba
Desoreka Judo Kluba ikasturte berriari ekiteko prest dago proposamen “pedagogiko eta aitzindaria” aurkeztuz, Judo Pedagogikoa, Markel Urrutia teknikari nagusiak garatutako metodoa. “Judoaren ikuspegi oso honek tatamitik harago doan ikuspegia eskaintzen du: gorputza, adimena, emozioak eta gizarte harremanak bateratzen dituen bizitzako eskola da”.
Haurraren historia ardatz
Eredu zurrunen aurrean, Desorekak haur bakoitzera egokitzen den sistema bat proposatu gura du. “Haurraren historia pertsonala, garapen-erritmoa eta ikasteko modua kontuan hartzen dira. Talde-dinamiketan elkarbizitza, errespetua eta entzute aktiboa lantzen dira, haurrak bere ikaskuntza prozesuaren erdigunean jarriz”.
Jolasa ikasteko eta gaitasunak garatzeko
Neurohezkuntzaren oinarrietatik abiatzen den Judo Pedagogikoarekin, garapen motorraren eta adimen emozionalaren alde lan egiten dute: “Jolas egituratuen bidez, haurrak frustrazioa kudeatzen, porrotari aurre egiten eta taldearen babespean hazten ikasten du. Ez da teknika bat ikastea soilik, bizitzarako tresnak bereganatzea baizik”.

Lan talde profesionala eta komunitate hezitzailea
Desoreka Judo Kluba irakasle espezializatuek osatzen dute: “Ez da ausazko lana, psikopedagogian, heziketa fisikoan, neuromotrizitatean-psikomotrizitatean eta judoaren maila nazionalean adituak. Sare profesional sendo honek haur bakoitzari arreta egokia eskaintzen dio, eta garapen harmoniotsua bermatzen du”.
Dominez haratago doazen emaitzak
Desorekako judokek emaitza handiak lortu dituzte txapelketetan, hala ere, klubarentzat are garrantzitsuagoa izan da judokak, pertsona sendo eta enpatiko izatea. “Helburu handiena ez da domina bat; nork bere burua sendotzea eta bizitzari aurre egiteko prest egotea da”.
Familiei gonbita datorren ikasturtera begira
Azkenik, Desorekatik familiei gonbita luzatu diete: “Desorekan ez da soilik entrenatzen, elkarrekin bizitzen, ikasten eta komunitate bat osatzen da. Zure seme-alabentzat ingurune osasuntsu, alai eta errespetuzko bat bilatzen ari bazara, zatoz Desorekaren metodologia ezagutzera”.






