“Desiatzen gaude uda aurretik 50 urtez azpikoak txertatzen hasteko”

0
612

Jose Ramon Bardeci eta Rosa Domingok Debagoieneko ESIn lan egiten dute. Hitzaldian azaldu dute egun “40 eta 70 urte arteko pertsonak direla gehien kutsatzen direnak”. Azpimarratu dute neurriak hartzearen (maskara, eskuak,…) eta txertatzearen garrantzia.

Arrasateko Nagusien Kontseiluak antolatuta, gaur arratsaldean hitzaldia egin da Kulturaten, Covidaren aurka, prebentzioa hizpide hartuta.

Bertan bi aditu aritu dira: Rosa Domingo Debagoieneko ESIko txertaketaren arduraduna eta Jose Ramon Bardeci bertako aztarnari.

Txertaketaren arduradunak azaldu du “oraindik biztanleria osotik jende gutxi txertatu dela. Oso garrantzitsua da txertoa jasotzea, norbera babesteaz gain, bere ingurukoak ere babesten dituelako”.

Hitzaldian argitu duenez “guk ez dugu txertaketaren estrategia erabakitzen, hori Osasun Ministerioak egiten baitu. Gu, Osasuneko profesionalok, txertatzeko gogotsu geunden, baina ez dira iritsi aurreikusitako txerto denak, eta batzuetan horrek frustratu gaitu”.

Azaldu duenez “espainiar Gobernua bere esku dauden txerto guztiak banatzen ari da. Beste estatu batzuetan estrategia ezberdina da, eta hemen bermatu nahi izan da denok bigarren dosia jaso ahal izatea”.

“Gaur egun dauzkagun dosiak ez dira biztanle guztiak txertatzeko bezainbeste, eta ondorioz kolektibo batzuk lehenetsi behar izan ditugu”.

Debagoeineko ESIan “esaterako Hezkuntzako langileak txertatzen jarraitzen dugu, eta adinekoei dagokienez, 72-73 urtekoak txertatzen gabiltza. Aurreikusten dugu 72 urtez azpikoak datorren astean txertatzen hastea”.

Zein adineko pertsonak txertazen dira lehenago? “Txertoaren arabera erabakitzen da ordena”. Udara begira, “aurreikusten dugu ekainean jende askoz gehiago txertatzea. Desiatzen gaude uda aurretik 50 urtez azpikoekin hastea”.

Txertoaren albo-efektu ohikoenak “oso arinak dira: mina besoan, neke apur bat, sukar pixka bat,… baina albo-efektu larri oso gutxi atzeman dira. Beraz, merezi du txertoa hartzeak”.

Beharrezkoa da txertoa hartzea? “Ez, baina ni izutzen nau txertoa hartzea beharrezkoa ez izateak”. Txertoa hartzeari uko egin dioten herritarrak proportzioan ez dira asko, baina berez asko dira. Debagoieneko ESIak 60.000 pertsona inguru hartzen ditu, eta nik egindako erregistroan gutxienez 400 pertsonak uko egin diote”.

“Nik derrigortuko nuke txertoa hartzea, horrela denok babesteko. Txertoaren ostean bizitza normala egin daiteke? Oraindik ez, jakinak diren neurriak hartuta (maskara, eskuak,…)”.

Izan ere, “txertoa jaso ostean pertsona batzuk kutsatu dira, nire ama adibidez txertatuta zegoen arren, bere etxean pertsona batek kutsatu egin zuen. Beraz, adi jarraitu behar da”.

Herritarrak txerto mota aukera dezake? “Ez, pertsona batzuek ez dute Astrazeneca nahi, eta orain gehienek Janssen nahi dute”.

Moderna “ezin dugu Debagoieneko ESIn txertatu, ospitale handiek bai, horretarako aproposak diren hozkailuak dauzkatelako”

Informazioari dagokionez, “herritarroi behar duguna baino informazio gehiago ematen digute. Adibidez, mundu osoan izandako 100 derrameen kasuak”.

“Antisorgailuek txertoaren antzeko arriskuak dituzte, baina horregatik jendeak ez dio antisorgailuak hartzeari uzten”.

Informazioaren inguruan ere ondokoa partekatu du txertoen arduradunak: “Nik goizetan, etxetik lanerako bidean, prentsa bidez jakiten dut egun horretan zein txerto jarriko dugun”. Lanean bilera 10:00etan egiten dugu, eta ordurako badakit zein izango den eguneko planifikazioa”.

Arduradunak konpartitu du “ni egia esan gai honetaz nahiko nazkatuta nago, hainbeste informaziorekin, dagoeneko etxera heltzean ez dut albistegirik ikusten, musika entzuten dut”.

Birusa mutatzen dabilela jakiteak ere gogaitu egiten ditu osasungintzako profesionalak eta herritarrak oro har. “Esaten dutenez, txertoa jarri ostean, handik 18 hilabetera, berriro jarri beharko omen da”.

Hala ere, honek guztiak badu abantailik ere: “Osasuneko langileok gure artean aipatzen dugu aurten griperik ia ez dela izan”, “ezta beste gaixotasun batzuk ere”.

Txertaketa ez da beti nahi bezala gauzatzen: “Batzuetan ezin gara biztanle guztiekin harremanetan jarri, adibidez adineko pertsona batzuek ez dutelako SMSa ikusi. Horregatik jendeari eskatzen diogu, bere inguruan adibidez 73 urteko pertsona bat bizi bada, eta adineko horri osasun zentrotik ez bazaio idatzi edo deitu, osasun zentrora dei dezala, Arrasatekoek Debagoieneko ESIra”.

Zenbat denbora behar da txertoak efektua egiten has dezan? “Pfizer-ekin, bigarren dosiaren ostean, 7 egun (hau da, guztira 21 egun itxaron behar dira lehen dosia jartzen denetik). Moderna-rekin, 14 egun 2. dosia jartzen denetik. Astrazeneca-rekin 28 egun 2. dosiaren ostean (beraz 12 aste guztira). Janssen-ekin 14 egun txertoa jaso ostean.

Txertaketa behin jarrita, “txertaketa horrek balio izango du, nahiz eta bigarren dosia aurreikusitakoa baino beranduago jaso”. “Azpimarratzekoa da CureVac txertoaren probak Donostian egiten dabiltza”.

Espainiar estatutik kanpora joateako, estatu batzuek PCRa eskatzen dute. “Hemen txertoa jasotzen dutenek, ziurtagiri bat jasotzen dute. Litekeena da ziurtagiri hori beharrezkoa ez izatea espainiar estatu barrutik bidaiatzeko”.

Txertoa jaso izanaren ziurtagiria eska daiteke “zure osasun-zentroan, Interneteko ‘Carpeta de Salud’ delakoan jarriko dute, edota bigarren dosia jaso ostean osasun-zentroan bertan”.

Balantza batean jarrita, “txertoa jasotzea askoz seguruagoa da: Covidarekin milioika pertsona hil dira eta txertoagatik ordea askoz askoz gutxiago”.

Osasungintzan lanean jardun ostean, “kaletik ibiltzean eta batzuek oinarrizko neurriak betetzen ez dituztela ikusteak salatzeko gogoak pizten didate. Horrelakoetan poliziarena egingo nuke isunak jartzeko”.

Alarma egoera bertan behera geratu ondorengo balizko egoerak, maiatzaren 9ak “beldurra eragiten dit: Arrasate jendez hustu egingo da, badirudi jendeak kanpora joateko antsietatea duela”.

“Orain kutsatze gehienak 40-70 urte bitarteko pertsonen artean izaten ari dira. Izan ere, badirudi, gazte gehienak naturalki inmunizatu direla, eta adineko pertsonak txertatu direla”.

Jose Ramon Bardeci aztarnariak gogora ekarri du “pertsonak sintoma arina badu, adibidez burukomin arin eta labur bat badu, ez duela osasun-zentrora deitu behar. Ordea, sintomak aurrera jarraitzen badu, hots egin dezala”.

Ildo horretan, “aztarnarioi pena ematen digu sintomekin astebete daramaten pertsonak 6. egunera arte medikuari ez abisatzea. Izan ere, pertsona horrek beste pertsona batzuk kutsatutzeko arriskua eragin du”.

Kutsaketak azalera kutsatuengatik izan daiteke, “baina uste da kasu gutxiago eragiten dituela. Plastikoan birusak asko jota 3 egun iraun dezake, baina horrek ez du esan nahi 3 egun horietan kutsatzeko ahalmena duenik”.

Kutsaketa bide nagusiena “arnasketa bidezkoa da. Adibidez, hitz egitean partikulatxoak isurtzen ditugu 1’5 metro edo 2 metrora. Aerosolak, ordea, gotikulak baino partikula txikiagoak dira”.

Era berean “kutsaketa ohikoagoa da toki itxietan, aireztapen gutxikoetan, ozen hitz egitean edo abestean denean,… aurreko asteburuko protestan esaterako”.

“Birus hau izugarri anti-soziala da. Lagun talde txiki bat izateko garaia da, bestela kutsatzeko arriskua handituko da”.

Horren aurrean, “ura eta xaboia bikainak dira, eta horiek eduki ezean, hidrogela erabili. Ura eta xaboia 60 segundotan igurtzi. Hidrogela 20 segundotan igurtzi”.

Fruta dendetan edo supermerkatuetan “erabili eskularruak. Bestela, oro har, ez da beharrezkoa eskularruak erabiltzea, hobe eskua garbiak izatea, betiere aintzat hartuz hidrogelak %70-90eko alkohola izan behar duela”.

Maskaren inguruko “araudia gutxienekoa da, eta ez da nahikoa kontrolatzen. Maskara higienikoak pertsona osasuntsuek erabili behar dituzte. Maskara kirurgikoak pertsona gaixoek edo gaixo egon daitekeenek. Maskara EPIak erizainek edota birusarekin kontaktuan daudenek”.

Maskara higienikoa eta kirurgikoak “oso solidarioak dira, eta gehienbat beste pertsonak babesten ditu”.
Higienikoak berrerabilgarriak (telazkoak, garbigarriak) edo ez-berrerabilgarriak daude. “Berrerabilgarriak %90eko babesa eman behar dute, baita ez-berrerabilgarriak ere”.

Berrerabilgarriek “5 garbiketa iraun behar dute, eta noiz aldatu behar dugu maskara? Umel, zikin,… daudenean. Egunero aldatu behar da. Telazkoak lixiban edo 60 gradutan garbitu behar dira”.

Maskara kirurgikoak gomendatzen dira “Covid pazienteentzat eta herritarrentzat oro har. FFP3 guk erabiltzen dugu aerosolak, bentolin erabiltzean”.

“Nik mendian ez dut maskara ia erabiltzen, baina beste mendizale batekin gurutzatzen naizenean, maskara janzten dut badaezpada”.

Kotxe barruan, “nahiz eta bidaia laburra izan, bidaideak kutsa daitezke. Orain, udaberrian, zabaldu kotxeko leihoak”.

Arrasateko intzidentzia altuaren arrazoi batzuk “izan daitezke herriaren tamaina, jendeak sozializatzeko duen joera,… Hemengo egoera ikaragarria da”.

“Gazteak kolektibo seinalatua da, eta egia da gehiago sozializatzen direla, eta beraz arrisku gehiago dituztela. Baina kutsatzeak adin altuagokoen erlajazioaren ondorioz ere izaten dira. Pertsona bat txertoa jaso ostean kutsatua izan daiteke”. Gainera, “hemen 15 urtetik beherako pertsonen kasu larri batzuk izan ziren, gutxi izan ziren arren”.

Abenduan Arrasaten Osakidetzak egindako baheketan 100 asintomatiko baino gehiago atzeman zituen. “Hori ikaragarria da, esan nahi duelako pertsona horiek guztiak pertsona askoz gehiago kutsatzeko arriskua egon zela”.

Azpimarratu dute behaketetan “kontzientziatutako pertsonak hartzen dutela parte. Adin tarte batek oso gutxi hartu zuen parte. Ondorioz, baheketa egitea, neurri batean, antzua izan daiteke”.

Kontuan hartu behar milaka pertsonari proba egiteak “osasungintzako langileoi esfortzu ikaragarria eta diru asko suposatu dituela”. “Jendea proba egitera behartu ezin denez, gakoa norbera arduraz jokatzea da”.

Etorkizunera begira, “seguruenik aurten ez dugu berreskuratuko lehengo bizimodua, aurrerago lortuko dugu ziurrenik, baina baliteke noizean behin neurriren bat hartu beharko dugula”.

“Norbera garrantzitsua da, baina taldearekiko arduratsuagoak izan behar dugu. Orokorrean berekoikeriaz jokatzen dugu eta horrek pertsonak UCIra bidaltzen ditu”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen