Arrasateko futboleko bi talde nagusiek larunbatean jokatuko dituzte asteburu honetako euren partidak eta Mondrak bezala Mondratek, denboraldiko lehen garaipenak bilatuko dituzte Beasain B-ren aurka Mojategin eta Ibarraren aurka, etxetik kanpo, dituzten partidetan. Helburu hori lehen partidan lortu zuen Arrasate Eskubaloik pasa den asteburuan eta bide onetik jarraitu nahi dute, hauek ere larunbatean, Tolosan.
Mondra izango da etxean arituko den talde nagusi bakarra, arratsaldeko 16.30ean Beasain B hartuko baitu Mojategin. Orain arte jokatutako bi partidetan markagailuan aurre hartzea lortu bazuten ere, Jorge Davilarenek bi berdinketa baino ez dituzte batu orain arte eta taldetik igorri digutenez, hiru puntuak eskuratzeko gogoz daude, goiko postuei ihes egiten ez uzteko. Orokorrean, taldeak sentsazio onak utzi ditu jokoan, baina partidak lehenago erabakitzea falta zaiela uste dute.
Larunbateko erronkak, dena dela, ez dirudi erraza izango denik, Beasainen bigarren taldeak orain arte jokatutako bi partidak irabazi dituzten lau talde horietako bat da eta.
Mondratek ere bere onena eman beharko du Ibarraren kantxatik zerbait positiboa ekarri ahal izateko. Ibarra tradizio handiko taldea da areto futbolaren munduan eta tolosaldeakoek 1-2 irabazi zioten Zaragozako Quinto taldeari lehen jardunaldian eta, printzipioz, goran egoteko taldea dute. Zierbenaren aurka Bigarren B Maila honetan historiako lehen puntua eskuratuta, arrasatearrak ere moralez gainezka joango dira aurten izango duten bidaiarik erosoenetako batera. Ezeren gainetik, maila honetan egindako debutak talde lehiakorra direla sinisteko balio izan zien eta Ibarran ere gerra emateko gogoz kantxaratuko dira.
Arratsaldeko 16:00ean jokatuko du Tolosako Usabal kiroldegian Arrasate Eskubaloik denboraldiko bigarren partida. Garaipen ederra lortu zuten Ane Herrero Azpiazurenek Urnietaren aurkako lehen partidan eta defentsan hobetu beharra duten arren, itxura ere ederra eman zuten moreek. Tolosak, bere aldetik, 23-21 galdu zuen bere lehen partida Munttarpren aurka, eta lehen puntuak eskuratzeko gogoz egongo dira.




