ARTren kirol-denboraldia “bikaina” eta ekonomikoa “orekatua” izan dira

0
633

Beheko testua: Isei Barbero. Argazkiak: Belen Aranbarri.

Astearte honetan, uztailak 18, Arrasate Errugbi Taldeak Ohiko Batzar Orokorra egin du.  Ohi bezala, hitzordua Mojategin izan da eta, bertan, klub zuri-moreko agintariek, Ramon Barrutia presidentea buru izan dutela, amaitu berri den ikasturtearen inguruko balorazioa egin dute.  Oro har, Zuzendaritza pozik agertu da aurten egindako lanarekin eta, 2022-2023 denboraldia “aurrerapauso” gisa definitu dute. Bertaratutakoek gai-zerrendako puntu guztiak onartu dituzte, tartean amaitu berri den ikasturteko kontuak eta hurrengo denboraldirako aurrekontua.

Azaldu dutenez, “inklusibo eta amen taldeak nabarmen indartu egin dira eta, gainontzekoek, aurrera jo dute”.  Testuinguru honetan, agintari zuri-moreek gurasoek egindako ekarpena nabarmendu dute, “oso harro egoteko modukoa”.  Inklusibo taldeari dagokionez, hamabost egunetatik behin entrenamendu saioa burutu dute, eta 30 jokalari inguruk hartu dute parte.  Zentzu honetan, HUHEZI-rekin sinatutako hitzarmena aipatu dute, “talde inklusiboko jokalari, dinamizatzaile, entrenatzaile eta gurasoei lagundu eta orientatzeko metodo eta tresnak eskuragai jarri dituena”.

Aurtengo beste protagonista amen taldea izan da, “nabarmen hazi dena”.  Zentzu honetan, etorkizunari begira duten erronketako bat jokalarientzat istripu asegurua kudeatzea dela onartu dute.  Nesken taldeak ere emandako aurrerapausoa nabarmendu dute eta, testuinguru honetan, jokalariek erakutsitako konpromisoa ekarri dute gogora. 

Seniorren taldearen inguruan kirol balantze “bikaina” egin du ART-ko Zuzendaritzak eta, horren adierazgarri, “partidu guztietan entrenatzaileak 23 jokalari bere aginduetara eduki izana”.  Mutiletan, 18 urtez azpikoetan, klub zuri-moreak ezin izan du talde propioa atera, eta Eibar eta Mutrikurekin partekatu behar izan dute ekipoa.  “Esperientzia oso positiboa izan da, eta gure jokalariek jokatu eta gozatzeko parada izan dute”. 

Harrobiarekin ere pozik agertu dira ART-ko agintariak:  “inoiz baino biziago dago, eta jokalari zein familien partaidetza ezin hobea da”.  Zentzu honetan, aurten Arrasate Errugbi Taldeak ia 200 jokalari izan dituela eman dute aditzera, horietako batzuk ohikoak selekzio ezberdinetan.  Senior mailako taldeetan, 15 neska eta 31 mutil aritu dira elastiko zuri-morea defendatzen, beteranoetan 33, amen taldean 17 eta inklusiboan 29.  12, 14 eta 18 urtez azpiko taldeetan hamaikana jokalari izan dira, 16 urtez azpikoetan 16 eta 10 urtez azpikoetan 15. 

Arlo ekonomikoa

Arlo ekonomikoan, eta azken urteetako filosofiari eutsiz, Arrasate Errugbi Taldeak “parra” amaitu du ekitaldia, 100 euro baino zertxobait gehiagoko diru-galerekin, hain justu ere.  Klub-zuri-morearen diru-sarrerak orotara 167.244 eurokoak izan dira, hasiera batean aurreikusitakoak baino ia 29.000 euro handiagoak (138.167 euroko diru-sarrera aurreikusten ziren).  Desbideraketarik handiena babesleen atalean antzeman da, aurreikusita zegoenaren bikoitza lortu baita.  Azpimarratzekoa, baita ere, diru-laguntzen atalean Zuzendaritzak egindako lana, bertan ere “uste genuena baino babes ekonomiko handiagoa lortu baitugu“, azaldu dute.

Testuinguru honetan, Arrasate Errugbi Taldeak atal batzuetan gastu handiagoak egiteko aukera izan du aurten, “betiere oreka ekonomikoa zainduz“.  Eta, gastu edo inbertsio hauek, “klubaren onerako” egin ditu Zuzendaritzak:  Ekipamenduetan edo kirol arropan, entrenatzaile eta monitoreen lana saritzen, edota talde ezberdinen bidaiak errazten. Aurrekontuetan 138.167 euro gastatzea aurreikusita bazegoen, azkenean 167.422 euro baino zertxobait gehiago gastatu du klub zuri-moreak.

Diru-sarreretan iturri nagusia, azken urteetako joerari eutsiz, Garagardo azoka izan da.  Bigarren eskaloi batean hiru izan dira diru-iturri nagusiak:  Babesleak, loteriaren salmenta eta jokalarien kuotetatik eratorritakoak.  Hauekin guztiekin batera, aipatu beharra dago, baita ere, diru-laguntzen bitartez Arrasate Errugbi Taldeak lortutako babes ekonomikoa.

Gastuei dagokionez, zatirik handiena entrenatzaile eta monitoreen ordainketek bereganatu dute, hala nola Garagardo Azoka antolatzeko inbertitutako dirua. Fitxen ordainketa eta loteriaren erosketak ere aurrekontuaren zati handia bereganatu dute eta, bigarren maila batean, aurretik aipatutako kirol arropan eta bidaietan egindako ordainketak daude.

2023-2024 aurrekontua

Hurrengo ekitaldirako aurrekontuari dagokionez, Zuzendaritza Batzordeak aurten jasotako antzerako zenbakiak aurreikusten ditu.  Diru-sarrerak 153.835 eurokoak izatea espero dute, gastuak, berriz, kopuru berdinekoak.  Esan bezala, hurrengo ekitaldirako agintari zuri-moreek oreka ekonomikoari eustea bilatuko dute berriro ere, atalez atal, gastuen zein diru-sarreren kopuruak aurtengoen antzerakoak izango direla.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen