Debagoieneko trantsizio energetikoan eragiteko gakoak identifikatu ditu Debagoiena 2030 ekimenak

3
839

Eraikinen eraberritze energetikoa, energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumoa bultzatzea eta trantsizio energetikoaren inguruan sor daitezkeen jarduera ekonomiko berriak sustatzea dira identifikatutako erronka nagusiak.

Testua: Debagoiena 2030.

Debagoiena 2030 ekimenak 2020aren bukaeran ekin zion trantsizio energetikoaren erronka lantzeari. Eskualde adimentsu, inklusibo eta klimatikoki neutro bateranzko bidean, trantsizio energetikoaren gaia lehentasunezkotzat du ekimenak. Hala, energia trantsizioak Debagoienean dituen ezaugarriak aztertzen aritu da gero, erronkaren erpin desberdinetan eragiteko gaitasuna izango duen esku-hartze proposamen bat aktibatzeko helburuarekin. Zentzu horretan, D2030 ekimenak eman duen lehen urratsa energia trantsizioaren errealitatea Debagoiena mailan zein den ezagutzea izan da, zehatzago, eremu urbanoko energia eredua aztertu du ekimenak. Joan den astean, diagnostiko hori partekatu zuen D2030 egitasmoak online egindako saioan, eskualdeko 50 eragilerekin.

Diagnostikoa garatu duen Debagoiena2030 ekimeneko kide Aritz Ameztegik, gaiaren lehentasunezko izaera azpimarratu zuen: “Europatik datozen legedi eta irizpideak berdez jantzita datoz. Azken urteetan eman den bilakaera nabarmena da eta lerrokatuta behar dugu zentzu honetan. Gainera, aldaketa klimatikoak epe bat dauka. 1,5 gradu baino gehiago ezin da igo lurraren tenperatura 2050erako eta une horretan izango ditugun uztak jasotzeko orain hasi beharra dago”.

Analisi/diagnosiaren garapena, elkarlanean

2020ko urrian hasitako analisi edo esplorazio fase hori elkarlanean burutu da. Horretarako, besteak beste,  22 elkarrizketa egin dira eskualdeko eragile gakorekin (instituzio publikoetako ordezkari tekniko eta politikoak eta adituak) eta 24 ikerketa/txosten ere aztertu dira. Gainera, zazpi legedi eta bi plan ere aztertu dira.

Esan bezala, esplorazio horren lehen emaitza joan den astean aurkeztu zitzaien Debagoieneko eragile desberdinei. Hilabete honetan zehar garatutako prozesua eta joan den asteko saioa bera oso positiboki baloratu dute antolatzaileek. “Prozesu guzti honetan eragile anitzen parte hartzea izan da azpimarragarriena, Martxoak 3ko saioa izan daiteke adibide argia non energiaren inguruan jarduteko 50 pertsona baino gehiago konektatzea lortu genuen. Oso pozik gaude emaitza honekin. Konplexutasun maila honetako erronka baten aurrean inpaktu handiko erantzun bat lortzeko hau ezin bestekoa da”, azaldu du prozesuaren arduradun Jone Espillak. Eta erantsi zuen: “Gehienok dakigu erronka galanta dugula aurrean baina zorionez lanean jarraitzeko gogotsu gaudenak ere asko gara”.

Analisi kolektiboa eskualdeko eragileekin

Online egindako saio kolektiboan, analisi hori azaltzeaz gain, horien gaineko ekarpenak jaso zituen Debagoiena 2030 ekimenak. Saioan parte hartu zuten 50 erakunde inguruk, besteak beste,  erakunde publikoek –hala nola, Arrasateko, Antzuolako, Bergarako, Elgetako eta Oñatiko udalek, Debagoieneko Mankomunitateak edo Gipuzkoako Foru Aldundiak–, enpresa pribatuek eta kooperatibek –Fagor, Mondragon, ULMA, Soraluce S.Coop…– hezkuntza eragileek zein energiaren bueltan lanean dihardutenek –hala nola, Goiener, Ekitermik, H-Enea, Suradesa…). 

Identifikatutako azpi-erronkak

Hala, analisi fase honetan, Debagoienean iraunkorra, berriztagarria eta inklusiboa izango den eredu energetikoa sustatzeko helburuarekin, hiru azpi erronka desberdin identifikatu dira.

  1. Eraikinen eraberritze energetikoa sustatzea.
  2. Energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumoa sustatzea, burujabetza energetikoa ipar izanda, herritarrak energia sorkuntza berriztagarrian inplikatzea bultzatuz.
  3. Trantsizio energetikoaren inguruan sor daitezkeen jarduera ekonomiko berriak sustatzea.

Azpi-erronkei erantzuteko oinarriak

Aipaturiko azpi erronkei erantzuteko lau oinarri identikatu dituzte. Hala nola, herritarren sentsibilizazioa lantzearena; eredu kolaboratiboan jardutea; Debagoienean jadanik badauden egitura eta dinamikak indartzea eta soluzio berrien laborategi baten bitartez, erronkei erantzuna emango dien soluzioak identifikatu eta prototipatzea.

Behin lanketa fase hau bukatuta, esku-hartze fasera pasatzea izango da hurrengo urratsa.

Debagoiena 2030 ekimena

Lurraldearen garapen komunitarioan sakonduz, 2050. urterako adimentsua, inklusiboa eta klimatikoki neutroa izango den Debagoiena bateranzko eraldaketa bultzatzea helburu duen lankidetza sare irekia da D2030 ekimena.

3 IRUZKIN

  1. Herri sostengarria izan nahi badogu, behar beharrezkoa dan diru inbertsioa, gure etorkizunari begira. Ojala zuek diñozuen diru xahuketa danek norabide hau hartuko balute.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen