Debagoieneko Palestinaren Aldeko Sare berriak Arrasaten mobilizatzera dei egiten du

0
2058

Ekimen berriak bere burua aurkeztu du gaur arratsaldean San Prudentzioko frontoian, herri guztietako herritarrak batuz.

Sareko ordezkariek azaldu dute “Palestinan aspaldi hasitako sarraskia gero eta luzeagoa eta bortitzagoa dela ikusita, eta instituzioen pasibotasuna eta konplizitatearen aurrean, ezinbestekoa ikusten dugula gizarte zibilaren erantzuna”.

Honetarako “Debagoieneko herri guztietako Palestinaren aldeko taldeak elkarlanean, erantzun amankomun bat ematea erabaki dugu. Indarrak batu eta ahalik eta oihu ozenena egitea Palestinaren itxaropena eta askapena aldarrikatzeko”.

Helburu hauekin, Debagoieneko Palestinaren Aldeko Sarea sortu dute, eta euren burua honela definitzen dute:

  • Mugimendu zabala, irekia eta parte-hartzailea
  • Mugimendu bat, palestinarren aurkako genozidioa salatzeko eta bistaratzeko
  • Mugimendu bat, sarraski hau geldiarazteko eskura dituen tresna guztiak erabiliko dituena
  • Mugimendu bat, israeldar jatorriko produktuei boikota egitea bultzatuko duena. Enpresa eta erakundeei Israelekin harreman komertzial eta politikoak etetea exijituko diena
  • Mugimendu bat, gizartea plazara ateratzeko eta denon artean Palestinaren aldeko oihu ozenena egiteko balioko duena

Ildo honetan “Hagako auzitegiari eskatu nahi diogu, Nazio Batuen Erakundeak eskatutako azkenengo txostenean oinarrituta, gizateriaren aurkako krimenengatik genozidio honen arduradunak inputatzea eta epaitzea”.

Halaber, “Europar Batasunak eta Estatu Batuek utzi diezaiotela sarraski honen konplize izateari. Noiz arte baimenduko dute palestinar herriaren sarraskia?”.

Sareak herrikideei dei egiten die datozen manifestazioetan parte hartzera:

  • Bihar bertan, irailak 24, arratsaldeko 18:30ean, Donostian, zinemagileek antolatutakoa.
  • Baita urriaren 4an Iruñean egingo denean ere, Palestinaren aldeko manifestazio nazionala izango dena.

“Era berean, adi egongo gara flotillaren aurkako eraso posible baten aurrean, erantzun irmo bat emateko”.

Izan ere, “garrantzitsua ikusten dugu, bailara honek Palestinako herriarekiko duen elkartasuna eta maitasuna kanpora begira erakustea”.

Horregatik guztiagatik “deia egiten diegu herritar guztiei, Palestinaren alde antolatzera eta urriaren 25erako, arratsaldeko 19:00etan, Arrasaten, antolatu dugun manifestazioan parte hartzera”.

“Geldi egotea ezin delako aukera bat izan, denok bateraoihu egin dezagun: Genozidioa gelditu!!! Palestina askatu!!!”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen