Debagoieneko Mankomunitateak aro berri bati hasiera emango dio datorren ekainaren 16an egingo duen aurkezpen ekitaldiarekin. Aretxabaletako Ideienean izango da hitzordua, eta bertan erakundeak bere gobernantza eredu berria eta irudi korporatibo berritua aurkeztuko ditu.
Mankomunitatearen arabera, gobernantza eredu berriak lankidetza publiko-komunitarioa, gertutasuna eta lidergo kolektiboa izango ditu oinarri, Debagoienak dituen erronka sozial, ekonomiko eta ekologikoei modu partekatuan erantzuteko asmoz. Eredu berriarekin, erakundeak eskualdeko eragileekin elkarlanean jarduteko konpromisoa berretsi nahi du, herritarren beharrei erantzun eraginkorragoa emanez.
Aurkezpen ekitaldian, Dorleta Elkorobarrutia Debagoieneko Mankomunitateko lehendakariak hartuko du hitza, eta harekin batera eskualdeko hainbat eragilek ere parte hartuko dute, erakundearen etorkizuneko ikuspegia eta lan egiteko modu berria azaltzeko.
Ekitaldiaren egitarauak hainbat une nabarmen izango ditu. Goizeko 11:30ean, Debagoieneko zortzi udaletako alkateekin argazkia egingo da, udal ordezkariek gobernantza eredu berriari emandako babesa irudikatzeko. Ondoren, 12:00etan hasiko da aurkezpen nagusia; bertan, musika eta kultura ere izango dira protagonista, Ines Osinagaren emanaldiarekin batera, eta hainbat eragileren testigantzak eta irudi korporatibo berriaren azalpena eskainiko dira. Ekitaldiari amaiera emateko, 12:40ean talde-argazkia egingo da gonbidatutako eragile sozial, ekonomiko eta politikoekin.
Debagoieneko Mankomunitateak azpimarratu du ekitaldi hau mugarri garrantzitsua izango dela erakundearen bilakaeran, eta eskualdearen etorkizuna modu irekiago, parte-hartzaileago eta kolaboratzaileago batean eraikitzeko asmoaren erakusgarri izango dela.




