Debagoieneko Kirol Sariak urtarrilaren 28an jasoko dira Bergaran

0
1092
pertika

Prentsaurrekoan antolatzaileek adierazi dutenez, DKSen helburuak dira eskualdeko kiroletan diharduten “pertsona eta erakundeak saritzea”, baita “errekonozitzea publikoki, bai kirolariak, bai kirol taldeak eta baita eragileak” ere.

Aurtengo sari banaketa Bergaran izango da, Seminarixoan, urtarrilaren 28an (asteartea) arratsaldeko 19:00etan.

Gaurko prentsaurrekoan Gorka Artola Alberdik, Bergarako alkateak, baloratu egin du finalista bergararrek “sekulako maila dutela erakutsi dute, baina eurak nabarmentzearekin batera laguntzaileen, boluntarioen, eragileen… lana ere errekonozituko da”.

Mankomunitateko Kirol zuzendariak, Garazi Larreak, azpimarratu du “positiboa dela ikustea kirol arloan ere zelan hasi diren inguruko klubak sinergiak batzen, indarra pilatzen”. Sariak ondorengoak izango dira:

  • Udal sariak. Bederatzi izango dira guztira. Debagoieneko Udal bakoitzak herriko kirol talde, kirolari edo eragile bat sarituko du. Udalen euren ardura izan da saritu hori aukeratzea.
  • Herritarren Saria. Herritarrek emango dute sari hau, eta 10 finalista daude. Gaur aurkeztu dituzte hamar hautagai hauen inguruko botoa eman ahalko da Goienan gaurtik hasita. Hamar hautagai hauek, eta gainontzeko sariak kazetariz eta kirol teknikariz osatutako epaimahaiak
    aukeratu ditu.
  • 2019ko kirolaririk onena.
  • 2019ko kirol talderik onena.
  • Sari berezia.
  • Kirol ibilbidearen saria.

Herritarren sarirako 10 hautagaiak:

• Maialen Axpe. Arrasate. Iazko DKSko irabazlea. Espainiako pista estaliko txapelketa irabazi
eta gero –4,50eko markarekin– Europako Txapelketa absolutuan lehiatu zen, Glasgown.
Han ez zen finalera sailkatu (4,25), eta gogoan izango dozue, hilabete gutxira, ezin izan
zuela Estocolmon egindako Diamond Leaguen esku hartu, Iberiak ez zuelako onartu
pertikak hegazkinean sartzea. Aurten Olinpiar Jokoetan esku hartzea du helburu.


• Aitor Ugarte Aramaio. Gazte mailako mendi lasterkari aramaioarrak sekulako emaitzak lortu
ditu aurten, Espainiako kopako probak irabazita, eta baita Espainiako kilometro
bertikaleko txapelketa ere. Hala, abuztuan Italian jokatutako Munduko Txapelketara
sailkatu zen, eta han ere irabazi egin zuen; horrenbestez, Munduko Txapelduna da gazte
mailan.

• Oihana Kortazar Elgeta. Urte eta erdi min hartuta egon eta gero elgetarra mendiko
lasterketetara bueltatu da, eta maila oso onean, gainera. Euskal Herrian hamaika
lasterketa irabazi ditu, baina Zegama Aizkorri moduko nazioarteko proba batean
bosgarren sailkatu izanak –euskal emakume onena izan zen– berresten du puntako
mailan dela ostera ere.

• Aitor Zabaleta Bergara. Bergarako pilotu beteranoak urteak daramatza Euskadiko Mendiko
Sarian monoplazen kategorian erreferente izaten. Aurten Opakuan, Gorlan, Aian,
Gatzagan, eta Urrakin irabazi du. Albistea izan zen Udanan bigarren sailkatu izana.

• Oihana Aldai. Aretxabaleta. Zaragozatik fitxatu zuen Realak eta apustu handia izan zen
Aretxabaletako atezainarendako, bazekielako Espainiako selekzioan erreferente den
Mariasun Quiñonesekin batera borrokatu beharko zuela titular izateko. Gutxi jokatu badu
ere bere ekarpena egin du Erreginaren Kopa irabazi berri duen Realean.

• Beñat Rezusta Bergara. Bergarakoa egun dagoen atzelari sendoenetakoa da elite mailako
pilotan. 2017an Iker Irribarriarekin batera jantzi zuen Eskuz Binakako txapela, eta

2019an balentria errepikatu du, oraingoan Elezkano ondoan zuela. Hain zuzen, urtebete
lehenago bikote hori txapeldunorde izan zen torneo berean.

• Uxue Oses eta Maddalen Etxegarai. Oñati. Oñatiko pilotariak Emakume Master Cup
txapelketaren finalera iritsi ziren promozio mailan, eta herritarrez betetako harmailak
lagun, finalean askoz nagusiagoak ziren pilotariak menderatu zituzten, txapelak Oñatira
ekarrita.

• Garazi Estebez Aretxabaleta. Gazte mailako txirrindularia. Pistan, Bioracer Torneoa irabazi
zuen, Espainiako Kopako hainbat probatan podiumean izan zen, eta Valentzian irabazi
egin zuen. Europako Txapelketan zortzigarren izan zen. Eta errepidean, Tolosan irabazi
zuen, Dos Hermanasen, Ugaon, Lakuntzan eta Agurainen. Eta, besteak beste Arabako
Itzulian hirugarren izan zen. Gipuzkoako federazioak etorkizuneko promesa Saria eman
berri dio.

• Mikel Aristi Bergara. Bergarakoak ez du urte erraza izan Euskadi Murias taldearen
desagerpenaren mamuarekin egin behar izan diolako denboraldiari aurre. Aurrerapauso
bat emateko eskatu zion Jon Odriozola zuzendariak, eta bereziki abuztuan eman zuen
pauso hori, Portugalgo Itzulian etapa bat eta Limousingo Tourrean beste etapa bat
irabazita. Lan horri esker Euskadi Fundazioak fitxatu du.

• Mikel Linazisoro Bergara. 23 urtez azpiko eskalatzailea bada ere lehenengoa izan da
Espainiako Boulder txapelketa absolutuan, eta lehenengoa Overall kategorian. Bigarren
izan da Europako Boulderreko Kopan. Munduko Kopan, Chamonixen, finalerdietara
sailkatu zen (absolutuan) eta finalerdietara sailkatu zen, baita ere, Brianconen egindako
zailtasuneko Munduko Kopan.

Aforo arrazoiak tarteko, urtarrilaren 28ko ekitaldia Seminarixoan zuzenean jarraitzeko ikusleek
gonbidapen pertsonalizatua beharko dute. Alabaina, Goienaren atarian eta Goiena Telebistan zuzenean eskainiko da ekitaldia.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen