Arreta Gune bat jarri da martxan Osasun Publikoak zehazten dituen pazienteentzat, automobilean laginak hartzeko Arrasateko ospitalean, eta erditzeak eta pediatriako ospitaleratzeak Zumarragako Ospitalean zentralizatuko dira pandemia igarotzen den bitartean.
Testua: Debagoieneko ESI.
Debagoiena eskualdeko biztanleei berriz ere eskatu nahi diegu arreta sanitarioa behar badute, beren osasun-zentroarekin harremanetan jar daitezela telefonoz, eta ahal den neurrian ez daitezela zentroetara joan. Medikuarekin edo erizainarekin telefonoz hitz egiteko hitzordua emango zaie, eta hark, hala badagokio, zentroan edo beste laguntza-maila batean fisikoki baloratzea komeni den erabakiko du.
Bergarako, Oñatiko eta Aretxabaletako osasun-zentroetan zentralizatu gara, goizeko ordutegian, eta Arrasaten 24 orduz egunero. Asteburuetan eta anbulategietako ohiko ordutegitik kanpo artatzeko telefonoa 943 03 52 50 da.
Era berean, Arreta Gune bat jarri da martxan Osasun Publikoak zehazten dituen pazienteentzat, automobilean laginak hartzeko Arrasateko ospitalean. Eta datozen egunetan, etxez etxeko bi arreta-talde jarriko dira martxan.
Gainera, pediatriako pazienteen espazioak gaitzeko eta aldi berean haien segurtasuna zaintzeko, berariazko arreta-zirkuituen bidez, erditzeak eta pediatriako ospitaleratzeak Zumarragako Ospitalean zentralizatuko dira pandemia igarotzen den bitartean. Ospitaleratze-unitateetan ere ohe-kopurua berrantolatu eta handitu dugu, eta 88 ohe medikutara igo dugu, kirurgia-larrialdietarako gordetako oheez gain.