Beheko testua eta bideoa: Debagoieneko Errekak Bizirik Auzolana.
Herriz herri auzolanak antolatu dituzte, eta Debagoieneko Erreka auzolana ospatuko dute urriaren 15ean. Errekak ezagutzeko, bizitzeko eta gozatzeko eguna izango da. Antolaketa errazteko, izena ematea eskatzen dute sustatzaileek.
Urriaren 15ean, Debagoieneko herrietan garbituko dituzte errekak. Debagoieneko errekak bizirik auzolanean ekimena sortu berri dute, eta Erreka Eguna eskualdeko gai bilakatu. Askotariko norbanako eta eragileak batu dira ekimenera, Debagoieneko errekak bizirik mantentzeak duen garrantziaren jakitun.
Bergarako Erreka Egunaren hamargarren urteurrena den honetan, batasunaren alde egingo dute Debagoienean, baina herri bakoitzak era ezberdinean. Aurten arte herri bakoitzak bere aldetik antolatu du erreka auzolana, eta orain, elkarlanean sortu den ekimen berri honi esker, herri guztietan egun berean egingo dute. Errekak garbitzeko ez ezik, errekak ezagutzeko eta bizitzeko eguna ere izango da, eta guztia auzolanean.
[Goiko argazkian, ezkerretik: Naiara Corcuera (Arrasateko Erreka Batzordea), Josu Pereda (Arrasateko Erreka Batzordea), Iñigo Iñurrategi (Loramendi elkartea), Mireia Larrañaga (Goiena Komunikazio Taldea), Arianne Kareaga (Bergarako Erreka Batzordea), Lander Juaristi (Bergarako Erreka Batzordea), Iker Agirre (Txatxilipurdi Elkartea) eta Aitor Zubiaga (Besaide Mendi Elkartea)].
Erreka biziak
Ekimenak hezitzailea izatea du asmo, belaunaldi berriei erreka bizien garrantzia erakusteko. Izan ere, Erreka Egunak aukera emango die debagoiendarrei errekekin duten harremanaz jarduteko eta hausnartzeko, esperientziak partekatzeko, erreken gainean adituak direnekin ikasteko, bertatik bertara eskualdeko erreken egoera ezagutzeko eta gozatzeko.
Debagoieneko errekak bizirik mantentzea “guztion ardura” dela azpimarratu dute antolatzaileek; bakoitzak berea. Ingurua zaintzeko eta ekimena ikusarazteko ardura hartu dute ekimeneko kideek, eta, era berean, aukera hau baliatu dute dagokionari ardurak eta erantzukizunak eskatzeko, erreken biziberritze eta osasunerako egin beharreko esku-hartze eta etxeko-lanak betetzeko.
Urriaren 15a: Debagoieneko Erreka auzolana
Alderik alde zeharkatzen du Deba ibaiak eskualdea; ibaiak ematen dio izena: Debagoiena. Debak xume hasten du bidea Leintz Gatzagan eta herriz herri hartzen du indarra, hainbat adarretatik hornituz, guztien batura da Deba. Bergaran, Debabarrenerako bidea hartzen du eta itsasoan du helmuga.
Urriaren 15ean Deba ibaia eta bere adarrak garbituko dira auzolanean. Herri bakoitzak bere topalekuak izango ditu eta handik abiatuko dira bakoitzari dagokion garbiketa gunera. Hori dela eta, parte hartzeko interesa duten guztiei izena eman eta ekimenera batzeko gonbidapena luzatu diete antolatzaileek.
Urriaren 11ra arte egongo da izena emateko aukera Antzuolan, Aramaion, Aretxabaletan, Arrasaten, Bergaran, Elgetan, Eskoriatzan, Leintz Gatzagan eta Elorregin (oñatiarrak ere hona daude gonbidatuta): Izen-emate dokumentua.
Zalantzak eta argibideak: errekagarbitzeko@gmail.com