Aurrematrikulazio kanpaina ere martxan dute 2020-21 ikasturterako. Aurrematrikula egiten duenak, %5eko deskontua izango du, eta epeetan ordaintzeko aukera gehiago.
Beheko testua eta kartela: AEK.
Neguko ikastaroak bukatzen ari dira eta egoera berrira moldatuta, azken hilabeteotan ia klase guztiak etxetik eman behar izan dituzte AEKn, bideokonferentziaz, etxeko lanak bidalita, tutoretzekin… Horretan trebatu behar izan dute bai ikasleok eta bai irakasleok ere. AEKn aurrez aurreko eta taldekako irakaskuntza da oinarrizkoa, eta horri begira jarrita, komunikazioa bermatzeko bidea jorratu dute eta nahikoa pozik daude lortutakoarekin. Ekainean, aukera zabaldu zitzaienean, gainera, aurrez aurreko klaseak eta tutoretzan ematen jardun dute, hau da, taldeko ikasleak multzo txikietan bildu euskaltegiko geletan, horren eskaria eta beharra ikusi zutelako, kasu askotan.
Uda dator eta aurten bi ikastaro antolatu dituzte, biak 45 orduko trinkoak, B2 maila lortzeari begira bata eta C1 lortzeari begira bestea. Ikastaro hauek 19-20 ikasturtean euskaltegiren baten matrikulatuta egon diren eta azpimaila lortu dutenentzat da, hau da, egiaztatzea lortzeko bidean geratu direnentzat. Uda garaian ikastea eta aisialdia uztartzeko aukera behar dela uste dutenez, 3 asteko ikastaroak antolatu dituzte, egunean 3 ordukoak, uztailean eta irailean. Lehenbizikoa ekainaren 29tik uztailaren 17ra izango da, eta bigarrena abuztuaren 31tik irailaren 18ra. Biak goizeko 9etatik 12etara eskainiko dituzte, baina beste ordutegi aukerarik ere egon liteke eskaria balego. Matrikula egiteko Iturriotz kalean dagoen euskaltegira joan daiteke jendea, goizez 11etatik 1etara eta arratsaldez 5etatik 7etara. Dena dela harremana egin liteke 943 770369 telefono bidez edota arrasate@aek.eus era idatzita. Matrikulatzeko epea uztaileko ikastarorako ekainaren 26an bukatuko da, eta irailerako, ordea, bulegoan uztailaren 17ra arte eta e-postaz abuztuaren 27ra arte.
Bestalde, Aurrematrikulazio kanpaina ere martxan dute 2020-21 ikasturterako. Betiko eskaintza bermatuko dute, aurrez aurre taldeka zein autoikaskuntza tutoretzekin eta mintzasaioekin edo on- line ikastaroak. Aurrez aurrekoetarako egoera une baterako okertuko balitz udara honetan prestakuntza berezia jasoko dute irakasleok, taldeak banatuta eta jardun biko eran ikaskuntza egoki eta profesionalki emanda ikasle guztiak artatzeko haiek dituzten aukerak eta baliabideak kontuan hartuta. Aurrematrikula egiten duenak, %5eko deskontua izango du eta epeetan ordaintzeko aukera gehiago. Gainera, ikastaroa hasi aurretik ezingo balu, edozein arrazoi dela ere, eta hasi baino lehen abisatzen badu jarritako diru guztia itzuliko zaio. Aukera hau baliatzeko epea uztailaren 8ra artekoa da.