Debagoieneko EH Bilduk sinadura bilketa jarri du martxan Europar Batasunak Israelekin duen Elkartze Akordioa eteteko eskatzeko. Ekimen hori Europako Herritarren Ekimenaren baitan kokatzen da, EH Bilduk eta EH Baik, Europako Ezkerraren Aliantzan bildutako beste zortzi alderdirekin batera, sustatuta.
Sustatzaileen arabera, eskaeraren helburua da Europar Batasunak Israelekin duen akordioa osorik etetea, giza eskubideen eta nazioarteko zuzenbidearen urraketa larriak direla medio. Halaber, salatu dute egungo testuinguruan akordioak harreman ekonomiko eta politikoak lehenesten dituela, eta horrek ondorio politiko eta humanitarioak dituela.
Sinadura bilketa telematikoki egin daiteke Europako Herritarren Ekimenaren plataformaren bidez. Hala ere, Debagoieneko EH Bilduk hitzordu presentzialak ere antolatu ditu eskualdeko hainbat herritan sinadurak biltzeko, besteak beste Antzuolan, Arrasaten eta Oñatin.
Ekimenaren sustatzaileek herritarren parte-hartzea beharrezkotzat jo dute, Europar Batasunari giza eskubideekin koherentea den jarrera har dezan eskatzeko.

Online sinatzeko klikatu hemen




