Debagoienako autobus zerbitzuaren egoera salatu eta egiturazko neurriak eskatu dituzte Debagoienako zenbait alkatek
Beheko testua, bideoa eta argazkia: EH Bildu.
Maider Morras Arrasateko alkateak, eskualdeko beste zenbait alkatek lagunduta,adierazpenak egin ditu Batzar Nagusien atarian Debagoienako autobus zerbitzu eskasa salatu eta Gipuzkoako Foru Aldundiari egiturazko neurriak eskatzeko.
Honakoa adierazi du Morrasek:
“Batzar Nagusietara etorri gara, gaur, EH Bilduko batzarkide taldeak ekimen bat aurkeztu duelako, Debagoienako Autobus zerbitzua hobetzeko neurriak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatuz. Debagoiena eta ibilbide luzeko emakidan Avanza enpresak ematen duen zerbitzuak ez du ospe onik. Horrek mugikortasun jasangarriago baten bidean egin beharreko eraldaketa zaildu eta garraio publikoaren irudia kaltetzen ditu. Esan beharra dago, Debagoienan autobusaz gain, ez dagoela beste garraio zerbitzu publikorik. Bertako biztanleok nahita nahiez autobusa dugu aukera bakarra herri zein hirietara mugitzeko garraio publikoan. Mugi txartela erabiliz, bidaien salneurria jaisteak lagundu du autobusaren erabilera sustatzen, baina era berean, ekarri du zerbitzuaren kalitatea kaskartzea ere, erabiltzaile hazkunde honi ez zaiolako lagundu maiztasunak areagotuz.
Adibide asko ikusi ditugu zerbitzuaren egoera txarra erakusten dutenak: autobus geltoki batzuetan ez gelditzea gainezka doazelako autobusak, matxurak, aire giroturik ez izatea… Honek guztiak erabiltzaileen haserrea eta are larriagoa den garraio publikoarekiko mesfidantza sortu dute. Horren aurrean, Aldunditik keinu txikiak ikusi ditugu, baina keinuak baino egiturazko arazo honi aurre egingo dioten neurri ausartak behar ditugu. Gipuzkoa garaiko erronkei erantzuten abangoardia izango bada, funtsezkoa izango da garraio publikoan neurri estrukturalak hartzea.”
Izengo da Arrasatekuak ondo funtzionatzen dauielako. En fin, ze itxen zinun Donostian gaur goixian, ez dau lan nahikua Arrasaten ala?