DBHko gazteei droga-mendekotasunaz ohartaraziko zaie eta euren iritzia eskatuko

0
516

Proiektu hau Arrasateko Udalak eta San Juan de Dios Ospitaleak garatzen dute elkarlanean. Arrasate Institutuko eta Arizmendi Ikastolako DBHko ikasle guztiek hartzen dute parte.

Droga-mendekotasuna lantzeko ikastetxeei zuzenduriko prebentzio programak aurten jarraituko du, Udalak iragarri bezala.

Egitasmoak bi helburu nagusi ditu: “ikasleengan drogen kontsumoaren eragin eta ondorioak ezagutzera ematea eta, bide batez, ikasleek sustantzien kontsumoaren aurrean duten jarrera ezagutzea”.

Bide honetan, 2018an herriko gazteei zuzenduriko programa psikopedagogiko bat aurrera eramateko, lau urteko hitzarmena sinatu zuten Udalak eta Erietxeak. 2021ean ere jarraipena emango zaio, eta horretara Udalak 7.000 euroko aurrekontua zuzendu du.

Hala, 13 eta 16 urte bitarteko gazteekin prebentzio programa lantzen da. Izan ere, “nerabezaroa aldaketa eta emozio handiko etapa bat da, esperimentazio etapa – azaldu dute Udaletik -. Urte horietan inguruko gertakari edota erlazioek eragin zuzena dute gazteen jokaeran eta kasu askotan, hor tartean sartzen da drogen kontsumoa”.

Programa honekin “errefortzu moduko bat eskaini nahi diegu ikastetxeetan egiten duten lanketari, urtetik urtera kontsumoaren inguruan sakondu eta informazio zuzen eta eguneratua jasotzeko bide bat gehiago eskainiz”.

“Horretarako eta ikasleek sustantzien kontsumoaren inguruan duten jarrera jasotzeko”, urtero DBHko zikloa hasten duten ikasle berriek, inkesta bati erantzuten diote.

Inkesta horretan, “autoestimuaren, asertibitatearen, erabakiak hartzearen, talde zein gizarte presioaren eta autokontsumoaren inguruko galderak egiten zaizkie”.

Ondoren, ikasle hauekin zein DBH 2koekin “inkestan landutako gai horiek sakontasunean tratatzeko saioak eramaten dira aurrera ikastetxean bertan”.

DBH 3 eta 4ko ikasleek San Juan de Dios Ospitalera egin ohi dute irteera, “droga-mendekotasuna bizi duten edo bizi izan dutenen kontakizuna eta bizipenak gertutik ezagutzeko”.

Aurten, baina, Covid-19ak eragindako osasun egoera dela eta, “bisitaldia bertan behera utzi beharko da eta saio horiek ikastetxean bertan landuko dira”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen