David Zurutuza Errealeko jokalari ohiak antolatutako enkante solidarioaren bitartez eskuratutako 6.207 €ak, @Commongoal, realsociedadfundazioa eta @Mundukide fundazioaren artean banatu ditu, erakunde bakoitzeko lankidetza proiektuak bultzatzeko.
Pertsona ugarik pujatu du enkante solidarioan, besteak beste, jokalariak 2017an Europa Liguen sartzeagatik jasotako Rolex erlojua, sinatutako 17 zenbakidun kamiseta eta botak , errealaren partida bat ikusteko 2 sarrera VIP eta berarekin batera Anoetako instalakuntzak eta partidu bat ikusteko 4 gonbidapen eskuratzeko asmoarekin.
David, Mundukidek Arrasaten duen egoitzara gerturatu da aste honetan eta lankideekin kafetxoa eta Hegoameriketan dituen garapen lankidetza proiektuen informazio konpartitzeaz gain, Arrasateko esperientzia kooperatiboa gertuagotik ezagutu ahal izan du. Aurrerantzean ere elkarlanerako prest agertuaz Mundukideko zuzendaria den Josu Urrutiari 2.069 € tako dirukopurua entregatu dio.

Zuru beti egon da Mundukide Fundaziotik oso gertu. Izan ere, sentsibilitate berezia du elkartasun ekintzetan parte hartzeko. 2015ean Mundukidera bazkideak erakartzeko “Batu Taupadara” kanpainako “aurpegia” izan zen eta bi urte beranduago “Lagundu irabazten”, Mozambikeko programaren aldeko SMS kanpainara batu zen beste euskal kirolari askok egin zuten bezalaxe.
David Zurutuza: “Aste honetan Arrasaten izan naiz Mundukideko lantaldearekin elkartzeko eta, aldi berean, enkante solidarioari esker bildutako dirua emateko. Kafetxo bat hartu ondoren, Afrikako eta Latinoamerikako programen gaurkotasuna kontatu zidaten, eta, egia esan, ezagutzen ez dudan sektorea denez, oso lan garrantzitsua iruditu zitzaidan planetako pertsona pobreenekin eta gizartea eraldatzea helburu duten erakundeen alde egiten dutena. Pozgarria da Mundukide bezalako elkarteekin lankidetzan aritzea, elkartasuna ezin baita gelditu, eta are gutxiago bizi garen testuinguru honetan.”
Josu Urrutia: “Mundukide beti dago zabalik elkartasun gosea duenarentzat. Eskerrik asko David, proiektuak bizirik jarrai dezaten egindako ekarpen ekonomikoagatik. Zorte ona opa dizugu zure bizitzako ziklo berri honetan!
