Arrasateko Portaloi elkarteak antolatu du ekitaldia, eta ostegun honetan (urriak 13) izango da. Gai honen inguruko doktore tesia egina du, fisioterapeuta da, eta Bartzelonako Lizeoan nahiz ‘Operación Triunfo’n eskarmentua dauka.
Beheko testua: Portaloi / Irudia: Gipuzkoa Kultura.
Datorren ostegunean, urriaren 13an hitzaldi bat antolatu dugu Arrasateko Kulturaten.
- Hitzaldiaren Izenburua: ‘Dantzaren onurak zahartzaroan’
- Hizlaria: Maialen Araolaza Arrieta
- Lekua. Kulturateko Areto nagusia
- Eguna: Urriak 13
- Ordua: 18:30
- Antolatzailea: Portaloi elkarteak.
Hitzaldiko gaiaren inguruko sinopsi txikia: “Bizi itxaropenak gora eta gora egin ahala, zahartzaroko urte horiek guzti osasunez bizitzea gure gizartearen eta agintarien ardura nagusietakoa bihurtu da. Osasuna jarduera fisikoari loturik, ibiltzea da jarduerarik ohikoena, baina hainbat aditu, gero eta ozenago, dantzaren onurak seinalatzen ari zaizkigu pertsonen osasun fisiko eta mentalean . Aditu horietakoa den Maialen Araolaza ekarriko dugu Kulturatera”.
Maialen Araolaza (Eibar, 1978) fisioterapeuta, ikertzailea eta unibertsitateko irakaslea da. Fisioterapeuta eta gorputz berreziketako hainbat metodotan aditua (Pilates, Mugimendurako Anatomia, etab).
Fisioterapeuta da ogibidez, goi mailako kirolariekin eskarmentu handia du, hala nola Blume egoitzan eta eskubaloi eta hockey espainiar selekzioekin, baita musika eta dantzan ere, Bartzelonako Lizeoan edo Operación Triunfo telebista saioan aritu baita besteak beste.
Euskal dantza tradizionalaren praktikak zahartzaroan dituen onurak ikertu zituen EHUn defendatu zuen doktore tesian. Bilbao Musikan dantza tradizionala irakasten zuten Patxi Labordaren hainbat ikasleren jarraipena egin zuen, dantza egiteak haien funtzioetan zer-nolako ondorioak dituen neurtuz.
Ikerketaren emaitzak 2020ko uztailaren 17an arrakastaz defendatu zituen ‘Dantza eta ibiltzearen arteko desberdintasun sentsorio-motore eta neuropsikologikoak adineko emakumeetan’ izenburuko doktore tesian.
Arrasaten emango duen hitzaldian osasuna eta dantza, gazteengan eta baita pertsona nagusiengan ere, ederki uztartzen direla azalduko du Maialen Araolazak.