Daniel Soler MUko irakasleak ‘Probabilidad y Estadística’ liburua argitaratu du

0
262

Soler irakasle katalana da, 15 urte daramatza Euskal Herrian eta Mondragon Unibertsitateko Ingeniaritzako ikasleei eskolak ematen dizkie, euskaraz.

Testua: Mondragon Unibertsitatea.

Lankidetza eta talde-lana dira Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoaren bereizgarriak, eta espiritu hori islatzen da, hain zuzen ere, Daniel Soler Fakultateko Ingeniaritza irakaslearen Probabilidad y Estadística liburuan. Irakasleak, jatorriz Kataluniakoa izan arren Euskadin bizi denak, liburu batean bildu ditu irakasle lanetan daramatzan urteetan idatzitakoak, zenbait lankideren laguntzarekin. Liburuaren helburua da ikasleek beren ikaskuntza-prozesuan barneratu behar dituzten zenbait kontzeptu argitzea, eta denen esku egongo den eta ulergarria izango den materiala eskaintzea.

Soler, Bartzelonakoa bada ere sortzez, 2003tik Euskal Herrian bizi da eta eskolak euskaraz ematen ditu. Lan honen bidez, ikasleek beraientzat propio pentsatutako zenbait material izatea lortu nahi izan du: «Hamabost urte daramatzat estatistika irakasten, eta badakit probabilitateari eta estatistikari buruzko liburu on asko daudela, baina honek beste interes batzuei erantzuten die, ingeniaritzako gure ikasleen beharretara erabat egokituta dago eta». Gainera, «erabakiak datuetatik abiatuta hartzen jakin behar dute ingeniariek eta hainbat arlotako profesionalek, eta liburuan jorratu ditudan kontzeptuek horretan lagundu diezaiekete».

Irakasle-lanetan daramatzan urteetan, Daniel Solerrek ikusi du ikasleek erabiltzen zituzten liburuak ez zirela egokiak, bai konplexuegiak zirelako, bai bere liburuan sartu dituen zenbait gai jorratzen ez zituztelako. Probabilidad y Estadística, beraz, ikaskuntza- eta irakaskuntza-urte horien guztien emaitza da, irakasleak idatzitakoak eta lankideen ekarpenak bateratzen baititu.

200 ariketa

Egilearen esanetan, «liburua oso praktikoa da: bertan, kontzeptuak azaldu ditut, eta, ondoren, adibideak eta ariketak gehitu. Guztira, 200 ariketa baino gehiago daude. Dena den, gure ikasleek hori baino gehiago egiten dute; izan ere, diziplinarteko praktikak eta proiektuak egiten dituzte ikasturtean, eta hori guztia ezin da landu liburu bakarrean».

Liburuan bildutako material espezifikoen bidez, estatistika inferentziala (lagin batek emandako informazio enpirikotik abiatuta, probabilitatearen ikuspegitik neur daitekeen arriskua duten portaerak induzitzea ahalbidetzen duten metodoen eta tekniken multzoa) ulertzeko eta aplikatzeko gai izango dira ikasleak. «Horretarako, datu esperimentalak aztertzen, irudikatzen eta interpretatzen jakin behar da. Probabilitatea eta ausazko aldagaiaren kontzeptu batzuk ere ezagutu behar dira, eta banaketa adierazgarriak ongi erabiltzen jakin, inferentzia estatistiko bat egin ahal izateko», adierazi du Solerrek.

Lanaren, iraunkortasunaren eta irmotasunaren bidez, gazteei trebatzen eta etorkizunean profesional hobeak izaten lagunduko dien obra bat idatz daitekeela erakusten du Probabilidad y Estadística liburuak. Era horretan, liburuak, egileak eta haren sorkuntzan lagundu duten lankide guztiek irtenbideak eskaintzen dituzte benetako beharretarako, Mondragon Unibertsitatearen espirituarekin eta jarduteko moduarekin bat etorriz.

Liburua inprimatuta eta formatu digitalean dago jendearen eskura, nahi duenak kontsultatzerik eta erabiltzerik izan dezan. Liburuaren argitalpen digitala esteka honetan dago eskuragarri.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen