Danel Goikolea bertsolari, artisau, margolari,… arrasatearra zendu da

3
7624

Danel Goikolea Diaz (Arrasate, 1969) gazte-gaztetatik herrigintzan, euskalgintzan eta bertsolaritzan aritu zen.

Argazkiak: Familia, MB artxiboa eta Arrasate Euskaldun Dezagun.

Euskal Herriko lehenbizko bertso-eskolan parte hartu zuen Almen ikastetxean. Ekimen horren sortzaileetako bat Patxi Goikolea izan zen, eta Danelen lehen plaza Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa izan zen, 1980an Donostian.

Ikasle ez ezik, bertsolaritzako irakasle ere jardun zuen gure bailaran. AED elkartetik gogora ekarri dute Danel “oso gaztetatik militante aritu zela”.

Familiak adierazi bezala, arrasatear honek “eskulanak oso gustuko zituen”, eta gaztaroan “karrozak egiten laguntzen zuen, adibidez Aratusteetakoak eta batez ere Txatxilipurdirentzat egiten zituen”.

“Beraxek Eguzkilaru eta Ilargitxo egin zituen, eta beti aritu zen bere iaiotasunaren bitartez laguntzen”.

AEDrekin esaterako Hegoaxe taldean jardun zuen “Iparralderekin eta Iparralderen alde lan egiteko, lantaldea martxan izandako urte guztietan. Bertan ere sekulako lana egin zuela” baloratu du AEDk. Auzolandegiak egiten zituzten Iparraldean, bertako “ikastolak konpontzeko, eraikitzeko,…”.

Elkarte honetatik ere gehitu dute “goitibehera lasterketa antolatzen genuen urteetan, 90eko hamarkada bukaeran, tope ibiltzen zela”.

Margogintzan ere jardun zuen herriko zenbait kaletan hormirudiak egiten “Kepa Altube ‘Kopi’ lagunarekin esaterako”.

Oro har, “umore oneko pertsona zen, saltseroa, bere inguruan monotoniarekin ez zegoen, markatutako ildoa jarraitzea ez zuen gustuko, errekan gora egin ohi zuen. Umore ona eta saltsa ziren nagusi”.

Euskalgintzak gehitu du “irudimen handiko pertsona zela eta konponbideak aurkitzeko oso trebea zela”.

Horren adibide da “Herri Urratsen, jendeak zaborra lurrera bota ez zezan, Danelek egurrezko egitura batzuk sortu zituela. Beti laguntzeko prest zegoen”.

Debagoieneko Mankomunitatean lan egin zuen, eta bere lankideen aldetik adierazi dute “bere inguruan giro oso ona jartzen zuela eta oso maitatua zela”.

Tamalez, aurreko zapatuan bihotzeko batek eman zion eta agur esan zigun. “Hutsune handi bat uzten du”, baieztatu du familiak.

Danelen omenezko azken agurra bihar (martitzena) izango da arratsaldeko 18:00etan Aldai parkean. Doluminak eta animoak familia eta gertukoei. Lurrak goxo har zaitzala Danel.

3 IRUZKIN

  1. Eup Danel,
    Hamaika zurrut eta etenbako kontuek partekatu gittuan sasoi baten. Guzti horreik, nire gomuta polittenen bilduman jazak gorderik eta betik ere, melankolia eta poztasunez ekarriko jittuat gogora.
    Azken garagardo batzuk falta izan gittuan aspaldiko partez baina joenik hau. Hurrengo izen biherko. Ilusinuaz itxoingo jutsat aukera horri, dan lekuen dala. Agur Danel!

  2. Mila esker emundako danagatik Danel, gure artien betiko. lurrak hart zaitzala. Doluminak famili eta lagunei ♥️

  3. “Debaldean” elkarrekin
    Egin sasoian lankide,
    beti ezagutu zaitut
    militante ta partaide.
    Mondrauen berriz lanean
    euskarari egiten bide,
    Korrika, Txatxilipurdi,
    EKIN, AEK, AED.
    Ez da erraza sinisten
    Danel zuk egitea alde,
    onenak beti azkar doaz,
    “zergatik” egin dut galde,
    baina gure bihotzetan
    bizirik betiko zaude,
    zuk irakatsitakoa
    ez da izango debalde.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen